Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Juan Jose Mena. Orkestra zuzendaria

«Iruditzen zait oraindik ez direla iritsi urterik onenak»

Londresko Orkestra Filarmonikoarekin eta Javier Perianes piano jotzailearekin batera ariko da, gaur eta bihar, Donostiako Musika Hamabostaldian. Bi emanaldiak Kursaalean izango dira.

DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Lehenengoz, 20 urte inguru zituela hartu zuen parte Juan Jose Menak (Gasteiz, 1965) Donostiako Musika Hamabostaldian, musika garaikideko zikloan, hain zuzen. BBCko orkestra filarmonikoko zuzendari izan da 2011. eta 2018. urteen artean, eta, gaur egun, Cincinnatiko (AEB) May Festivaleko zuzendaria eta Espainiako Orkestra Nazionalaren zuzendari elkartua da. Gaur eta bihar kontzertuak emango ditu Londresko Orkestra Filarmonikoarekin eta Javier Perianes piano jotzailearekin. Ludwig van Beethovenen Pianorako eta orkestrarako 2., 3. eta 4. kontzertuak interpretatuko dituzte gaur, eta 1. eta 5.obren txanda izango da bihar. Bi egunetako emanaldiak Kursaalean izango dira, 20:00etan.

Nola aukeratu duzue piezen ordena?

Pluraltasuna bilatu dugu. Batetik, 5. kontzertua daukagu: indar ikaragarria dauka, eta guztien gailurra dela esan daiteke. Horregatik, kontzertuak amaitzeko egokia dela uste dugu. 1. obra 5.-arekin oso ondo joan daitekeela pentsatu dugu, kontraste handikoak baitira. Gainera, lehena ez da batere ezaguna. Obren iraupena ere kontuan hartzekoa da: 2.a, 3.a eta 4.a horregatik doaz batera, nolabait sorkuntzaren erdigunea direlako. Agian, berritzaileena edo egitura ezberdinena duena 4.a da; baita zailena ere, ziurrenik. Indar handikoa ere bada, horregatik joko dugu gaur azkena: bi egunetan obra indartsu batekin bukatzeko.

Nolakoa da Perianesekin lan egitea?

Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta erraza da berarekin lan egitea; urteak daramatzagu biak batera proiektuak egiten. Pertsona bizia eta irekia da; gaitasun handiak ditu. Badira iritsi bezain laster beraien jotzeko modua inposatzen duten piano jotzaileak; ez da, ordea, Perianesen kasua. Beti entzuteko prest dago, eta idatzita dagoenari buruzko galderak ere egiten dizkiogu elkarri. Denen artean zerbait eraiki nahi du berak, eta hori perfektua da kontzertuetarako.

Londresko Orkestra Filarmonikoarekin lehenago ere egin duzu lan.

Orkestra malgua eta kalitate handikoa da. Nik BBCko orkestra filarmonikoarekin lan egin dudanez, orkestra ingelesak bereziki ezagutzen eta estimatzen ditut. Lan erritmo harrigarriak dituzte: aste bakarrean ia hiru programa lantzen dituzte. Hori posible da errepertorioa oso ondo ezagutzen dutelako, eta talde diziplina handia dutelako. Orokorrean, Beethovenen obrak asko landu dituzte, eta sakonki ezagutzen dituzte piezak. Luxu bat da Londresko Orkestra Filarmonikoarekin jotzeko aukera edukitzea. Gainera, aurrez beraiekin lan egin dudanez, nik uste dut errazagoa izango dela jotzean batasuna lortzea.

Hainbat orkestrarekin lan egindakoa zara. Zer ematen dizu orkestra ezberdinekin aritzeak?

Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egin nuen hasiera oso garrantzitsua izan da nire bizitzan eta ibilbidean. Bederatzi urte horietan askatasun zein erabakitzeko gaitasun handia duen orkestra bateko zuzendari artistiko izan nintzen, eta errepertorio bat eraikitzeko aukera eman zidaten. Beraiekin ikasi dudana gerora ere onuragarria izan da, partiturak hobeto ezagutzen ditut, eta, zuzendari izatearen esperientzia aurretik probatu dudanez, errazagoa izan da beste orkestra batzuk zuzentzea. Bakoitzak pixka bat gehiago betetzen zaitu: ideiak eta lanbidearen alde ezberdinak erakusten dizkizu. Finean, hori da zuzendari baten lana, ezta? Aurrean dituzunekin ideiak eta energia banatzea elkarren artean. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiet entsegua hasi aurretik ni entzuten bost minutu galdu dituzten musikariei.

BBCko orkestraren zuzendari izan zara duela urtebete ingurura arte. Nolakoa izan da esperientzia?

Aurrerapauso garrantzitsua izan da, nolabait esateko, nazioarteko orkestra batera iristea. Nire errepertorioa ikaragarri zabaldu dut. Bai orkestra, bai nire gaitasunak maila ezberdinetan lantzeko aukera ere izan dut: irratirako zuzendu dut orkestra, eta musika estudio batean grabatzen aritu gara, besteak beste. Gainera, bi egoera horietan musikari guztiek mikrofonoekin jo dute, eta hori aparta da, dena gordetzen baita. Jotzen duzuna grabatuta edukitzeak orain arte egindakoa aztertu eta lantzen jarraitzeko aukera ematen dizu. Maila profesionalean grabatzen ikastea esperientzia oso aberasgarria izan da; orkestrak maila ikaragarria du, eta Chandos diskoetxearen musika estudioak ere bikainak dira. Horrez gain, nazioarteko birak ere egin ditugu hainbat herrialdetan. Ikasketa prozesu benetan osoa izan da, gustura aritu naiz, eta urterik onenak oraindik ez direla iritsi iruditzen zait.

Zer proiektu dituzu etorkizunera begira?

Orain arte egindakoez gain, beste hiru urte geratzen zaizkit Cincinnatiko May Festivalean. Ameriketako Estatu Batuetan egiten den jaialdirik garrantzitsuenetako bat da; musika sinfoniko eta korala lantzen dutenetan zaharrenetakoa. Maila bikainean egiten dute lan denek; ikaragarria da lantaldea. Oso pozik nago, proiektu interesgarria da. Espainiako orkestra nazionalarekin, berriz, ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko lanean jarraitzen dut.

Nire ibilbidea aurrera doa, goi mailako orkestrekin ari naiz lanean, eta ez AEBetako orkestrekin bakarrik. Orain, Europa erdialdeko orkestrekin ere harremanak sendotzen ari naiz, Alemaniako Bamberg orkestra sinfonikoarekin esaterako. Oso pozik nago egiten ari garen lanarekin, eta oso atsegina da ikasteko aukera izatea eta jarraitzea. Gure ikasketak ez dira inoiz amaitzen... Uste dut orain ari naizela zuzendaritza zer den ezagutzen; eta 25 urte dira lanean nabilela, pentsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.