Alicia Otxandategi. BAD jaialdiko zuzendaria

«Ia inork ez du lan eszeniko garaikiderik programatzen»

Lan eszeniko garaikideek bide zaila dute zirkuitu komertzialetan, eta horregatik da garrantzitsua BAD jaialdia, Otxandategiren hitzetan. 21 konpainiaren lanak eskainiko dituzte bihartik aurrera.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Arriskua eta konfiantza. Bi hitz horien arteko funanbulismoarekin asmatzea da Alicia Otxandategiren egitekoa (Bilbo, 1966). Bederatzi urte daramatza BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia zuzentzen, eta urteekin hazten ari dela igarri du. Bilboko Udalak sortu zuen jaialdia, ibilbide komertzialaren ertzetan dabiltzan proposamenak bultzatzeko, Otxandategik eta ezinbesteko irizten dio oraindik lan horri. Bihar hasiko du 21. aldia, eta 21 konpainiaren lanak eskainiko ditu hilaren 27 arte. Ofizialki sei erabateko estreinaldi izango dira, baina Euskal Herrian lehenengoz ikusi ahalko dira gainontzeko lanak ere.

Gorabehera handiak izan dituzue aurrekontuetan?

Beherakada handia egon zen 2012an, eta hor geratu da geroztik.

Eta zenbatekoa da gaur egun?

Zaila da zehatz esatea, kontratuak udaleko sail batek egiten dituelako, adibidez, eta publizitatea eta inpresioak beste batek, baina 150.000 euroren bueltan gabiltza. Lehen, webgunea, programak eta bestelakoak ere jaialdiaren aurrekontutik ordaintzen ziren, eta orain, ez. Beraz, aurrekontua murriztu aurretik genbiltzan antzera gabiltzala esango nuke.

Asko aldatu da Bilboko kultur eskaintza azken 21 urteotan. Pieza eszeniko garaikideak eskaintzen dituzte, besteak beste, Act jaialdiak, La Fundicion aretoak, Azkuna zentroak eta Dantzaldia festibalak ere. Beharrezkoa da BAD oraindik ere?

Bai. Gainera, erreferentziazko jaialdia da jadanik, bai nazio barruan, bai nazioartean. Jaialdi asko desagertu dira urteotan, eta arte eszeniko garaikideen jaialdi ospetsuenetako bat bihurtu gara: Temporada alta, TNT, BAD, eta ez daude askoz gehiago. Eta nazioartean ere antzera, mugaz gaindiko Poctefa izeneko proiektuaren parte delako jaialdia, eta hor egoteak izena eman dio Europan eta Hego Amerikan.

Zergatik da hain interesgarria zirkuitu komertzialaren ertzetan egiten den antzerkia?

Lan komertzialak leku guztietan ikus daitezkeelako, eta, aldiz, ohitura gutxiago dagoelako hortik kanpo geratzen direnak programatzeko, eta gutxiago ezagutzen direlako. Hasieran zaila izaten da konpainiak ezagutzea, eta kanpoan zer egiten den jakitea ere bai. Denborarekin, artistek ezagutzen zaituzte zu ere, eta badakite norengana jo.

Eta zergatik ez dira halako proposamen gehiago iristen zirkuitu komertzialetara? Ausardia falta da?

Ausardia falta da. Askoz ere erosoagoa da ohiko lan komertzialak programatzea, pentsatuz publiko gehiago erakarriko dutela. Uste hori okerra dela esango nuke, zeren joaten zara areto komertzialetara, eta hango publiko kopuruak gureen antzekoak izaten dira. Edonola ere, BAD eta gisako jaialdiak antolatzen ditugunok nahiko jende ausarta izaten gara.

Badago arrisku puntu bat beti.

Bai.

Eta, arriskatu arren, asmatzen ez baduzu?

Badaude oso lan onak egiten dituzten konpainiak, eta hurrengo lanarekin ez dutenak asmatzen. Konfiantza izan behar da, batez ere ibilbide bat daukaten konpainien kasuan. Tripak konpainiarekin ere horixe egin dugu aurten. Arte Ederren fakultatetik datoz kideak; gazteak dira, eta beren lehen lanetako bat da Urruna. Baina oso erreferentzia onak jaso ditut, eta BADen estreinatuko dute pieza. Gauza bera pasatu zitzaigun duela hamar urte inguru Igor & Morenorekin ere, adibidez.

Asmatu zenuten ordukoan?

Londresen bizi ziren orduan, eta inork ez zituen ezagutzen hemen. Geratu ginen, hitz egin genuen, kontatu zidaten Europan zer egiten zuten, eta esan zidaten gogoa zutela Euskadin beren lan bat erakusteko, hemengoak direlako. Apustua egin nuen haien alde, eta hemen estreinatu zuten Idiot-Syncrasy lana. Geroztik, 200 emanaldi baino gehiago egin dituzte mundu osoan, baina hemen hasi ziren. Eta aurten ere jaialdian izango dira, Andante lanarekin.

Arreta berezia eskaintzen diezue euskal konpainiei. 21 konpainia egongo dira guztira, eta ia erdiak dira bertakoak.

Ia inork ez du proposamen eszeniko garaikiderik programatzen, eta, beraz, ezinbestekoa du lan hori jaialdiak. Konpainia guztiek jotzen dute gugana, baina ezinezkoa zaigu aurkeztu nahi genituzkeen euskal lan guztiak erakustea. Aurrekontu handiagoa behar genuke, eta iraupen luzeagoa.

Bizi dago euskal eszena garaikidea, beraz?

Bai.

Aurtengo programan lau lanetan entzungo da euskara.

Bai. Kontuan izan behar da pieza asko testurik gabekoak direla.

Bizi irudikatu duzun euskal eszena garaikide horretan, euskarak badu lekurik?

Ez gehiegi. Artistek euskara ez dutelako menperatzen izan daiteke hori, edo euskaldun horiek nagusiki dantza munduan daudelako, agian, eta, beraz, gehienetan ez dutelako testurik izaten.

Areto txikiak dira nagusi jaialdian, baina maiz betetzen dituzue eserleku guztiak. Kezkatzen zaituzte kopuruek?

Azken urteetan arazoak izan ditugu pieza batzuekin. Horregatik programatu ditugu Le Galeon konpainiaren bi emanaldi, adibidez. Gero eta gehiago gertatzen ari zaigu hori.

Zergatik izan daiteke hori?

Publiko gero eta zabalagoa dugulako, batetik, eta, bestetik, Bilbok gero eta turismo gehiago erakartzen duelako, eta turista europar horiek ohituta daudelako lan garaikideak ikustera, eta gurera ere etortzen direlako. Gainera, gero eta programatzaile gehiago etortzen da lanak ikustera.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.badbilbao.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.