Petti. Kantaria

«Disko honekin amaitu nahi nuen nire musika ibilbidea»

Noam Chomsky pentsalari estatubatuarraren ideietatik abiatuta eta Harkaitz Canoren hitzekin, bere diskorik politikoena eta «biribilena» osatu du Pettik: 'Manipulazio estrategiak'.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko abuztuak 1

Martxoaren 15ean aurkeztu behar zuen, Bilboko Loraldia jaialdiaren programazioaren barruan, Manipulazio estrategiak bere proiektu berria Juan Luis Perez Petti-k (Bera, Nafarroa, 1973). Testuinguru egokia ematen zuen, lan horretan Noam Chomsky pentsalari estatubatuarraren gogoetak oinarri hartuta Sylvain Timsitek osatutako Manipulazio mediatikoaren hamar estrategiak aletu baititu, Harkaitz Canoren testuak lagun. Martxoaren 7an aurkeztu ere egin zuten emanaldia bera, baina bost egun geroago etorri zen kolpea. Koronabirusaren hedapenarekin batera, kultur agenda erori egin zen, eta Loraldiak ere bertan behera utzi zituen bere ekitaldi guztiak. «Lan guztiak eginak genituen Loraldian aurkezteko, eta ia-ia aurreko egunean etorri zen bertan behera geratzea». Gainera, diskoa ateratzear zen, baina itxialdiak dena eten zuen. «Diskoak biltegi batean egon dira denbora luzez, eta ezin inori bidali».

Alerta egoera amaituta, eta nahi baino hiru hilabete beranduago, harentzat «inportantea» den diskoa hedatzeari eta sustatzeari ekin dio Pettik. Izan ere, bere bakarkako ibilbideko azken diskoa izango zela pentsatuta heldu zion proiektuari. «Garrantzitsua da niretzat, bai, zeren eta disko honekin bukatutzat eman nahi nuen nire musika ibilbidea. Petti gisa, gutxienez. Horregatik saiatu naiz disko borobila egiten». Haren bakarkako ibilbidea eteteko erabakiaren atzean ez zegoen «animo falta», baizik eta «baldintza eta diru kontuak», aitortu duenez: «Animoz ondo nago. Baina nire asmoa zen lan bat aurkitzea, harakin edo ostalari, eta, lanbide horietan egun osoz aritzen bazara, oso-oso zaila da talde baten dinamikari eustea: entseguak, soinu probak, kontzertuak... ez dira bateragarriak».

Pettiren nahiek mahai gainean jartzen dituzte musikariek euren lanaz bizitzeko dituzten zailtasunak. «Gu mugitzen garen esparruan kontzertuen baldintzak nahiko eskasak dira, eta, hortaz, taldearekin aritu nahi baduzu, ezin zara musikaz bizi. Eta bakarka tabernetan jotzeaz ere pixka bat nekatuta nago». Pandemiaren bilakaerak, ordea, erabakia birplanteatzera eraman du kantaria. «Saiatu naiz lana bilatzen, baina ez dut ezer aurkitu, eta musikarekin jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere».

Atzera abiapuntura. Manipulazio estrategiak-ek Pettiren azken diskoa izan behar zuen. Eta berezia behar zuen, horregatik. Bai kontatzen zuenari dagokionez, bai musikalki. Testuingurua Chomskyk eman zion, eta, handik, Timsiten dekalogora iritsi zen. «Chomskyren liburu bat, Armas silenciosas para guerras tranquilas (Gerra lasaietarako arma isilak) irakurri nuen, eta hark eraman ninduen dekalogora. Eta horri gehitzen badiogu mundua nola dagoen, eskuina nola ari den hedatzen munduan, Trump AEBetan... hor bazegoen oinarri bat». Amets bat (1999) diskoarekin estreinatu zenetik Berako kantariak egin duen lanik politikoena da, zalantzarik gabe, Manipulazio estrategiak. «Ni diskoetan inoiz ez naiz gehiegi busti, eta beti kantatu diet kontu pertsonalei. Baina, bukatzeko, nahi nuen gai horiei buruz hitz egin, ez baitakit jendea konturatzen den nola manipulatzen gaituzten, edo nola eramaten gaituzten nahi duten bide horretatik».

Chomskyren ideiei tiraka, Timsitek zerrendatutako manipulazio estrategiek gaur egungo sistemaren erretratu bat egiten dute: publikoaren arreta desbideratu garrantzirik gabeko informazioarekin, arazoak sortu eta irtenbideak proposatzen dituzun itxura egin, ikus-entzuleak 10 urte balituzte bezala tratatu... hamarreraino iritsi arte. Hor izan du abiapuntua Pettik, jakinda, betiere, abiaburua besterik ez zela, eta Harkaitz Canori egokitu zaio estrategia bakoitzarentzat hitz bat idaztea. «Nik erran nion: 'Hemen dauzkazu estrategiak. Har itzazu, eta egin ezazu nahi duzuna haiekin'. Aski gustura hartu zuen enkargua». Aurretik ere Canorekin lan egina zen Petti (Erramurik gabeko gauak, Suerteren bluesa, Sekula ez erortzea...), eta, nahiz eta beste idazle batzuen testuak ere musikatu izan dituen (Eneko Barberena, Juan Luis Zabala, Pello Lizarralde...), Twist-en egilearengan pentsatu zuen lan hori egiteko: «Proiektuak batasun bat behar zuen. Gainera, Harkaitzen zale amorratua naiz, eta badakit nola egiten duen lan. Beti ematen die kantuei ukitu berezi bat, eta oraingoan ere poesia aldera eraman ditu manipulazio estrategiak».

Canok «oso azkar» egin zituen hitzak, bizpahiru astetan, baina, gero, hitzei musika jartzeko orduan, idazlea eta kantaria elkarrekin lanean hasi ziren. Eta horrek, hitzak eta musikak egokitzeak eskatu zien denbora gehiago: «Batzuetan esaldiren bat luzatu behar zen, besteren bat moztu, errepika egiteko zatia aldatu. Baina Canorekin oso erraz egiten da lan, eskatzen diozuna zuk nahi duzun moduan egiten duelako. Nabaritzen da musikazalea ere badela».

Musikak bilatzea

Kantu idazleekin lan egiten duten musikari askok melodiak bidaltzen dizkiete haien gainean egin ditzaten hitzak. Ez da Pettiren kasua. «Errazagoa egin zait beti beste bidea; aurretik egindako hitz bati egokitzea musika. Gainera, horrela gai bat daukat, eta horrek berak esaten dit kantuak nondik jo behar duen». Eta, hala ere, uste du erabaki horiek hartzea prozesuko parterik zailena izaten dela askotan. Eta Manipulazio estrategiak diskoko kantu bat jartzen du adibide: «Bada kantu bat, Inozoak ispilu bila, oso hitz ironikoak dituena. Badirudi musika alai bat eskatzen duela, baina niri doinu triste bat atera zait. Aukerak egin behar dituzu, etengabe: kantu alai bat, kantu triste bat, bestea indartsua, hura lasaia... Eta gustura gelditu behar egindako aukeraketarekin, bestela ez bainuen sekula bukatuko diskoa!».

Hotzikarak (2016), Joseba Irazokik (gitarra), Igor Telletxeak (bateria eta perkusioa) eta Iñigo Telletxeak (baxua) osatzen duten Etxeko Uzta taldearekin grabatutako aurreko diskoa, rockera eta bluesera makurtzen zen lan elektrikoa zen. Manipulazio estrategiak, ordea, oso bestelakoa da, soinu aldetik behinik behin. Baditu honek ere Etxeko Uztarekin landutako kantu elektriko indartsuak (Zeure begia, haien zizare; Nola ezetz), baina nagusiki akustikoa da diskoa, eta hariak, pianoa, saxoa eta gitarra leunak gailentzen dira kantuetako askotan. «Zentzu horretan, nire ibilbidean egin dudan diskorik landuena eta biribilena izango da, ziur aski».

Bada, era berean, lan gehien eskatu dion diskoa ere, bi urte pasatu behar izan baititu dena osatzeko. «Hari konponketak sartu nahi nituen, eta Angel Unzuri eskatu nion horiek lantzeko. Kristoren lana egin du, baina dena prestatzeko denbora behar izan du. Eta Juantxo Zeberiok ere beste pare bat kanturen moldaketak egin zituen». Unzuk eta Zeberiok eurek parte hartu dute diskoan, Unzuk gitarra sartuz, eta Zeberiok, pianoa; Et Incarnatus orkestrako laukotea arduratu da hariez; Gorka Benitezek saxoak jo ditu; eta beste hainbat gonbidatu ere izan ditu Pettik grabazioan: Maite Larbururen ahots eta koruak, Raul Gartziaren zerra musikala, eta Toño Muroren gitarra. «Koordinazio lan handia» egin behar izan duela aitortu du kantariak. «Hori izan da nekagarriena. Egun batean batekin egon behar nuen, hurrengoan bestearekin, segidan taldearekin, gero hari laukotearekin... Askotan galdetu diot neure buruari: 'Non sartu naiz?'».

Berako Atala estudioan eta Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean egin zituzten grabazioak, iazko abenduaren eta otsailaren artean. Kantu elektrikoak Beran grabatu zituzten molde zaharrean, taldekide guztiek elkarrekin jotzen eta modu analogikoan, «bobina zaharrekin». Eta akustikoak, berriz, Tolosan eta atalka. «Niretzat inportantea zen soinu aldetik grabazio baten eta bestearen artean alde handirik ez egotea. Horregatik, saiatu nintzen nahiko modu nibelatuan kantatzen batean eta bestean. Gainera, nahi nuen hitzak ondo ulertzea, eta entzuleak liburuxka irakurri gabe jakitea kantuak zer esaten duen. Normalean baino altuago kantatu dut».

Ahotsetan Larburu izan du lagun, zenbait kantutan. «Neighborren zale amorratua naiz, eta iruditzen zait kantatzeko erraztasun ikaragarria duela Maitek». Hasieran, Helduentzako sehaska kanta (I) kantuan abesteko deitu zuen, baina, estudioan bertan probak egiten hasi, eta, azkenean, beste zenbait koru ere egin ditu, Helduentzako sehaska kanta (II)-n, esaterako. «Kantu horretan [Karlos Osinaga] Txap-en [grabazioaren teknikaria] eskua ere nabaritzen da. Ez da, agian, diskoko kanturik onena izango, baina bitxiena, ziur aski, bai. Hori, eta Ergelen gelan. Zinematografikoak gelditu direla iruditzen zait».

Kostu ekonomikoa

Hari laukotea, hainbat kolaboratzaile, moldaketak prestatu dituzten musikariak... hasieratik zekien Pettik Manipulazio estrategiak ez zela disko merkea izango. «Bonberenean grabatu nuen zuzeneko azken diskoak ere balio izan dit diru pixka bat ateratzeko disko hau grabatzeko». Horri lotuta, Zart kolektiboaren parte hartzea ere «eskertu» egin du musikariak. «Bestela, oso zaila izango zen halako disko bat egitea. Musikari profesionalek parte hartu dute, eta ordaindu egin behar zaie. Hogei urte daramatzat mesedeak eskatzen, eta azkenean nazkatu naiz, zeren eta bakoitzak berea merezi du».

Pettik badaki zer den diskoak diskoetxe baten babesean edo bere kasa argitaratzea. Gaztelupeko Hotsak-ekin atera zituen bere lehenengo diskoak, Elkarrekin Hotzikarak, eta Bonberenearen zigilupean kaleratu zituen Astirtitan eta zuzenean grabatutako bi disko. Oraingoan, berriz, berari egokitu zaio diskoari dagokion guztia egitea. «Zeure kasa egiten duzunean, zeure gain gelditzen da dena. Disko honetan, adibidez, nik lotu behar izan ditut kontu guztiak. Jendeari deitu, haiekin gelditu, erabaki instrumentazioa... Horrek estresatu zaitzake. Ni neu dena popatik botatzeko trantzean egon naiz. Baina ikusten duzunean dena aurrera doala, eta emaitza gustuko duzula...».

Aurrera begira egonik ere, atzera ere begiratzen du Pettik, eta bere ibilbidean garapen argia izan dela uste du. Batik bat, hitzei heltzeko orduan. «Lehenengo garai haiek han gelditu ziren eta eskerrak! Urte haietan, agian, kantuak barrukoagoak ziren; momentu arrunt txarrak pasatu nituen, eta hori guztia azaleratzeko modua ziren kantuak. Ez nion garrantzi handia ematen hitzei, baizik eta esan nahi nuena adierazteari. Orain ezberdina da. Hitzei garrantzi handia ematen diet».

Musikalki ere aurrera egin duela uste du, nahiz eta bere burua «nahiko mugatua» ikusten duen. Bere burua ere «kantu egile» gisa definitzen du; ez musikari. «Urteekin ikasitakoa hor dago, baina ez naiz Igor Telletxea edo Joseba Irazoki bat, musika dakitenak eta eskolak ematen dituztenak». Orain dela lau urte Jon Eskisabeli BERRIArako eta Badok-erako emandako elkarrizketa batean adierazi zuen musikarekin segituz gero, 50 urterekin hasiko zela musika eta solfeoa ikasten. «Baina beldurra ematen dit, musika jakite horrek kantuak matematikoki egitera eraman ahal nauelako. Nik hiruzpalau akorderekin egiten ditut kantuak, baina musikari bati, ikasketak dituen musikari bati, agian sinpleegia irudituko zaio hori. Niretzat, musikari handiak direnek, Neil Youngek edo Bob Dylanek, lauzpabost akorderekin egin dituzte euren kanturik hoberenak. Ez da askoz gehiago behar».

Bere ahotsarekin ere izan ditu borrokak, a posteriori bada ere. Arrazoiak (2001) diskoa, adibidez, berriro grabatuko luke, lan hartan kantatu zuen modua ez baitzaio batere gustatzen. «Oso momentu txar batean egin nuen disko hura, arras iluna da, eta uste dut oso ondo adierazten duela ni garai hartan bizitzen ari nintzena. Baina musikalki gorroto dut». Orduz geroztikako lanak «ahalik eta txukunena» egiten saiatu dela adierazi du, nahiz eta gaur egungo begiradarekin beste erabaki batzuk hartuko lituzkeen. «Etxeko uzta diskoa, adibidez, kantatuko nuen beste modu batean. Ahalmen handiagoa nuen orduan, baina okerrago kantatu nuen».

Manipulazio estrategiak diskoa kalean dela, orain zuzenean aurkezteko gogoz dago Petti. Uztailean bertan hainbat kontzertu egin ditu, bakarka nahiz taldearekin, eta horrekin «nahiko pozik» dago. «Alokairua ordaintzeko nahikoa daukat. Hilabete guztiak halakoak balira, gustura!». Dituen ezaugarriengatik, badaki zaila izango dela diskoa den bezala interpretatzea zuzenean. «Hamar musikari eraman beharko genituzke, eta hori baldintza duin batzuk gabe, ezin da. Taldearekin, lau izanda, moldatu gaitezke aurrekontu txiki batekin, eta bakarka zer esan, ematen dutenarekin. Baina hari laukotea, taldea, Gorka saxoarekin... saiatzen ari gara bilatzen, baina edozeini ez diote ematen kontzertu honek behar duen aurrekontua. Espero dut antolatzaileek zer disko den ikusita, kultur etxeak, antzokiak deitzea». Oraingoz, Loraldian eman behar zuen kontzertua urriaren 4ra atzeratu dute, baina pandemiaren garapenaren arabera ere egongo dela badaki Pettik. «Ikusi beharko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia, Jose Goitiak astelehenean Habanan grabatutako bideoan. ©PAMIELA

Sarrionandia: «Erretolikek jan egiten dituzte gertaerak»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Joseba Sarrionandiak 'Gauzak direna balira' saiakera argitaratu du, Pamiela etxearekin. Bideoz eman du Habanako Gaukaria trilogiako hirugarren lanaren berri, Habanatik
Peñalver eta Telleria, atzo, Donostian, liburua aurkezten. ©GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Liburu batean bildu dituzte 25 urtean Basagaini buruz ikertutakoaren fruituak

Ainhoa Sarasola

Bigarren Burdin Aroko kokaguneari buruzko ezagutza dibulgatzea du xede argitalpenak. Xabier Peñalverrek eta Eloisa Uribarrik osatu dute
Museoaren patronatuko kideak, atzoko bilkuran. ©GUGGENHEIM MUSEOA

Datorren urterako aurrekontua %20 gutxitu du Bilboko Guggenheimek

Iñigo Astiz

Museoak iazko bisitarien laurdena hartu du aurten. Fundazioaren patronatuak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du 2021. urterako
Pablo Ferrandez biolontxelo jolea. ©ROBIN TOWNSEND / EFE

EOk Xoxtakovitx eta Schumann interpretatuko ditu

Berria

Euskadiko Orkestrak bihar hasi eta hilaren 12ra arte hamar saio egingo ditu. Iruñean ez du joko oraingoan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.