Albistea entzun

Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. Maider Oleaga. Zinemagilea

«Gidoia gerturatze bat da; muntaketan jaiotzen da filma»

Western kutsua duen dokumental bat, Euskal Herrian egindako lehen western filmari buruz: 'Kuartk Valley'. Gaur aurkeztuko du Oleagak Kuartango ibarretik joan-etorrian ondutako lana.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko irailak 22 - Donostia

Lagunekin Arabako Kuartango ibarra bisitatzera joan zenean jakin zuen Maider Oleagak (Bilbo, 1976) Euskal Herriko lehen western filma bertan grabatu zela, duela asko ez zela: Algo más que morir, Oier Martinez de Santosek eta Jose Luis Murgak 2014an zuzendua, Murgaren bizi guztiko ametsari segituta. «Ideia zoro bat», Oleagaren hitzetan, herri guztia inplikatzea lortu zuena.

Nola-noiz hasi zinen Kuartk Valley-rekin lanean?

Kuartangora joan eta western filmarena jakin nuenean berehala pentsatu nuen: «Hemen istorio ikaragarri bat dago». Baina hor geratu zen. Urtebetera edo, Mario Maruñeok, Kuartk Valley-ren ekoizleetako bat egun, esan zidan Algo mas que morir-en gaineko dokumental bat egitea nahi zutela egileek. Nik aurretik ere pentsatua nuenez, esan nion: «Goazen».

Filmaketa noiz egin zenuten?

Hiru garaitan egin dugu: 2018ko udaran eta azaroan, eta 2019ko udaran berriz. 2015etik aurrera hasi nintzen Kuartangora joaten, bertakoak ezagutu eta filma prestatzeko. Baina luzatu egin da, tartean egin baititut Muga deitzen da pausoa, Iragan Gunea Berlin.

Film bati buruzko filma izanda, zeintzuk ziren erronkak?

Batez ere nola kontatu. Oierrek eta Josek filma nola egin zuten kontatzea nahi zuten, baina nik ez nuen anekdoten bilduma huts bat nahi. Aspergarria egiten zitzaidan. Baina ez nuen filmaketako irudirik, ez zen gelditzen eraiki zuten dekoratua... Pertsonaiak, pelikula egin zutenak, eta Kuartangoko paisaia nituen —western klasikoetan paisaiak garrantzi handia dauka—. Filmean sartu ez zituzten irudi batzuk ere digitalizatu nituen, baina erronka nagusia hori zen: pixkanaka Kuartangora joan eta ulertzea nola egin behar nuen film hori, intelektualki forma jakin bat inposatu gabe.

Ez da jende arruntena.

Ez. Abentura bat kontatu dugu azkenean, eta protagonistak oso bereziak dira. Filma western kutsua duen dokumental bat da, western baten inguruan. Eta jolas horrek, western formari keinuak egiteak, bai filmaketan eta bai muntaketan, asko laguntzen dio filmari. Kuartangoko jendeak, gainera, badu zerbait western pertsonaietatik; eurek zentroan behar zuten, hobeto ulertzeko zergatik egin zuten egin zutena.

Nola erakutsi nahi izan duzu ingurua? Bada begirada abegikor bat, baina baita kontrakoa ere; neska biluzien irudiz betetako horma erakustean, esaterako.

Bai. Klasikoetatik abiatuta, argi dago nolako ideologiak dauden westernen atzean. Niretzat, argi zegoen gizonen inguruko film batez ari ginela, azkenean westernetan gizonaren rol horiek zabaldu zirelako munduan. Filma ez da maskulinitatearen inguruko gogoeta bat, eta ez nuen gehiegi nabarmendu nahi, baina bai hor egon zedila. Filmarekin, Josek nahi zuena soilik cowboy sentitzea zen, eta horrek erakusten du iruditegi jakin bat, zein den hazi diren lekuko giroa. Neska biluziena hor zegoen gauza bat zen.

Zinema egitearekiko liluratik ere badu filmak.

Haiek Algo mas que morir egin badute eta guk Kuartk Valley, bada zinema eta westernak maite ditugulako. Suposatzen dut maitasun hori bai sentitzen dela. Niretzat bi elementu garrantzitsu daude: Jose eta Oierren grina, zertarako gai diren filma burutzeko; eta herriaren indarra. Nola laguntzen dioten beren ametsa gauzatzen, nahiz eta, printzipioz, ezertarako balio ez duen zerbait izan. Denek esaten zieten: «Zoratuta zaudete, baina zuekin goaz». Eta hori oso polita da niretzat.

Badira irudi berezi batzuk, Josek-eta gaztetan egin zuten lehen western saiakerakoak, super 8 batekin.

Bai, uda bateko ametsean gelditu zitzaien saiakera, baina bazuten grabatuta zerbait. Super 8 originala ez genuen topatu, baina norbaitek digitalizatu egin zuen, eta ederra izan zen ikusi genuenean. Halako gauzak topatzeak beti sortzen dit emozio oso berezi bat niri. Ikustea bat-batean Jose hain gazte, lekuak, nola saiatu ziren umetxoa urka bilurrarekin itotzen... Altxor bat da filmean, bai.

Nola bizi izan dute protagonistak kamera aurrera itzultzea?

Gehiengoarekin oso erraza izan zen. Askotan joan nintzen eta ja konfiantzazko presentzia bat nintzen han. Taldekideak —lau ginen— hamaiketakoa egiten jartzen ginen haiekin, eta kamera egongo ez balitz bezala zen. Joseren kasuan, zuzentzeaz gain, Dick Murray protagonistarena ere egin zuen Algo más que morir-en, eta berriz bakeroarena egitea opari bat izan da harentzat.

Film honek izan dezake loturarik Muga deitzen da pausoa-rekin; dokumentalak biak, baina formalki oso irekiak. Erakartzen zaitu eremu horrek?

Ez da praktikaren gainetik dagoen ideia bat. Ez da intentzio bat, «nahi ditut gauzak ezberdin egin» esatea, baizik erronkatzat hartzea. Muga deitzen da pausoa-rekin gauza bera gertatu zen. Azkenean, sormen prozesua bilaketa prozesu bat da: ezerezean bilatzea nola kontatu hor daukazuna.

Irrits-en muntaketa lanetan zabiltza orain. Nola joan da bilaketa kasu horretan?

Bai Irrits eta bai Kinka, konfinamenduaren inguruko film laburra, biak dira fikzioa. Hor bestelakoa da bilaketa, idatzita dagoen horretatik abiatzen zara. Oso film ezberdinak dira, beti bezala [barreak]. Irrits-en kasuan, protagonistak Zuhatzako irlan dauden bi begirale dira, eta desioaren inguruko hausnarketa bat izango da filma. Abuztuan bukatu genuen filmaketa; orain piezak batzen eta ordenatzen ari gara.

Muntaketan jokatuko da asko formaren bilaketa, ez?

Pila bat. Filmak fase ezberdinak ditu: gidoian lehen gerturatze bat dago, gero hori suntsitzen edo aldrebesten da filmaketan, betiere oinarria mantenduz, eta muntaketan berriz jaiotzen da. Irudiak muntatu eta soinua jartzen diozunean, hor hartzen du bizia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Askotariko materialez egindako lanak ikus daitezke <em>Gaurko euskal eskultura</em> erakusketan. Irudian, Guillermo Olmo eskultorearen <em>Arina</em> lana. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eskulturaren topalekua

Olatz Enzunza Mallona

Santurtziko Azken Muga elkarteak 95 artistaren lanak bildu ditu 'Gaurko euskal eskultura' erakusketa ibiltarian. Otsailaren 16ra arte ikusi ahal izango da
Pantx Records kolektiboko kideek Durangoko Azokan aurkeztu zuten bilduma. ©FACUNDO QUEVEDO TRONCOSO

Euskal Herritik Kingstonera

Alex Uriarte Atxikallende

Pantx Records kolektiboak 'Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra' izeneko bilduma kaleratu du. Euskal ondarea eta kultura jamaikarra uztartu dituzte proiektuan
Antonio Gramsci pentsalari, idazle eta politikaria. Haren kartzelako gutunak euskaraz irakur daitezke orain. ©BERRIA

Preso denaren kezkak, gutun azaletan bilduak

Ainhoa Sarasola

Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' eman du Katakrakek, Ekaitz Sirventen itzulpenean. Pentsalari ezkertiarrak espetxean idatzi zituen 218 eskutitzetan, haren «alde guztiak» aurki daitezke
Mikel Martinez aktorea, Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunekin, atzo, Bilbon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Gidoia abiapuntu gisa

Andoni Imaz Olatz Enzunza Mallona

Bertol Arrietak, Mikel Fernandinok eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dituzte aurtengo Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren sariak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.