Javier Riaño. Artista

«Figurazioak madarikatua zirudien Euskal Herrian»

Eraikinen maketak sortzen hasi, eta eskulturaren mugetara egin du bisita Riañok, baina argi du bera pintorea dela, eta pintura duela helburu bakarra. Bilbon bildu ditu bere azken margolanak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Baietz dio Jaiver Riañok (Bilbo, 1959): margolari figuratiboek aurka izan zutela giro artistikoa, bereziki denbora tarte batez, eta batez ere Euskal Herrian, baina eustea lortu zutenek izan dutela sorkuntza ulertzeko bestelako modu bat ezagutzeko aukera. Bilbo Arte fundazioko lehen zuzendaria izan zen, 1996tik 2010era bitartean, baina, postua utzi, eta erabat murgildu zen pinturan geroztik. Maiz, beste inoren arkitektura lanak izan ditu inspirazio iturri bere margolan errealistak sortzeko, baina Parisen egindako urtebeteko azken egonaldian maketa propioak eraikitzen hasi zen, eta haiekin sortutako zuri beltzezko margolanak bildu ditu orain Bilboko Lumbreras galerian. Otsailaren 21era arte egongo da zabalik erakusketa, Monochrome titulupean.

Parisen hasi da erakusketa hau?

2015ean Rekalde aretoan egindako erakusketa bukatu zenean hasi da hau; orduan ekin nion beste bide bat bilatzeari. Arkitektoen maketak erabiltzen hasi nintzen. Parisen egin nuen lehen egonaldi batean ikusi nituen Renzo Pianoren estudioko erakusleihoan zeuden maketak, eta oso erakargarriak iruditu zitzaizkidan, ez dakit zergatik. Hasi nintzen besteen ideia eta maketak abiapuntu modura erabiltzen, eta neure maketa propioak egiten hasi nintzen gero; natura hilak balira bezala margotzen ditut.

Arkitekturaren presentzia konstantea da zure lanetan.

Ia hasieratik erabili dut pinturarako gaitzat, baina besteren lanak margotu ditut orain arte, eta, orain, abiapuntutik beretik erabat nirea da margotzen dudana. Dibertigarria da maketak egitea, eta dibertigarria da margolanerako batzuk besteekin uztartzea, argiak hautatzea... Lehen baino lan handiagoa da, baina oso motibagarria da hor sortzen den kaosa.

Zure lanek bakardadea transmititzen dute. Beti dago eskailera bat, eserleku bat edo giza eskalaren erreferentzia ematen duen beste elementu arkitektonikoren bat, baina gero sekula ez dago eskailera igoko duen edo aulkian eseriko den inor.

Beldur puntu bat ematen duten espazioak margotu izan ditut, bai. Javier Gonzalez de Durana arte kritikariak esaten zuen ez naizela atsegina publikoarekin. Eta orain ere hala da: habitagarriak diruditen espazioak irudikatzen ditut, baina fikziozkoak dira.

Maiz nabarmendu duzu ez zarela artista, pintorea baizik. Maketen jolas honek, ordea, eskulturaren mugara eraman zaitu.

Ekarri ditut maketa batzuk, baina horiek ere horman zintzilikatu ditut, pintore ikuspegiarekin, eta katalogoan ez ditut sartu ere egin. Pintorea naiz. Maketak sorkuntza prozesuaren abiapuntua besterik ez dira; oso garrantzitsuak, dena martxan jartzen dutelako, baina abiapuntua. Egin nituen lehen maketak, adibidez, margolana bukatu eta berehala suntsitu nituen, material horrekin berarekin hurrengo maketa egiteko. Gonzalez de Duranak esan zidan ez maketarik suntsitzeko, baina abiapuntua dira orain ere: zerbait egitera iristeko probokazio bat.

Figurazioa landu duzu nagusiki. Suertatu zaizu lan egiteko modu hori aldarrikatu beharra?

Sasoi batez, batez ere Euskal Herrian, eta Bilbon, figurazioak madarikatua zirudien. Giro abstraktu eta kontzeptual nabarmena zegoen, figuraziotik oso-oso urrun zegoena. Figurazioa eginez gero, bazirudien antigoaleko ñoño bat zinela. Figurazioari eutsi diogunok, ordea, badakigu pintura mota honek beste pintura motek ematen ez dituzten pozak ematen dituela. Jarraituz gero, azkenean, errekonozimendua jasotzen duzu zeure mundu horretan, eta ez da harago heltzen. Baina ez da ezer gertatzen, garaiz garai aldatzen diren kontuak izaten baitira horiek.

Onartuago sentitzen zara orain?

Orain ere ez.

Diziplinartekotasuna da orain nagusi.

Agertu dira artista figuratibo gehiago, eta, bisitatzen dituzunean beste hiri batzuk eta beste giro batzuk, ohartzen zara galeriarik onenetan ere ikusten dituzula pintore figuratibo bikainak, eta badagoela denentzako lekua.

Urteotan egon zara Parisen, New Yorken, Mexikon... Zer ematen dizute halako bidaiek?

Giroa aldatzen duzu. Bilbo txikia da, azken batean; oso galeria gutxi daude, eta bizitza artistikoa mugatua da. Bat-batean ireki egiten zara. Estimulu pila bat jasotzen duzu. Tentsio puntu bat ere ematen dizute bidaia horiek.

Bilbo Arteko lehen zuzendaria izan zinen. Han ere bizi izango zenuen artisten bidaien mundu hori, eta ikusiko zenituen sortzaileak hazten.

Bai. Lehen beka pribatuak ere jarri genituen martxan, eta oso arraroa zen hori garai hartako Bilbon. Artistak nola jaso eta gureak nola bidali ere ikasi nuen. Plazera izan zen; zoragarria izan zen han eman nuen denbora hori, baina urte batzuen ostean aldaketa beharra ere heldu zen.

Lan hark sorkuntzarako denbora kentzen zizula esan zenuen kargua uzterakoan.

Beti egon naiz lanean, baita Bilbo Arten nengoenean ere. Asteburuak ematen nituen pintatzen, eta Bilbo Artetik atera bezain azkar joaten nintzen estudiora. Sekulako gosearekin ateratzen nintzen, eta ikaragarri haserretzen nintzen bekak, espazioa, laguntzak eta behar zuten guztia eskura edukita ere lanik egin ez zutenekin. Utzi nuenetik, denbora behar izan dut berriz ere %100ean nire pinturan murgiltzeko.

Eta nola ikusten duzu egungo Bilbo Arte?

Ongi. Ez diot asko erreparatzen.

Eta Bilboko arte mundua?

Ez dago arte salerosketarik, eta galeriek lan handia egin behar izaten dute irauteko. Bilbo triste xamar uzten du horrek. Baditugu Guggenheim eta Arte Ederren Museoa, eta zoragarriak dira, baina galeria pribatu gutxi daude, eta pobre geratzen da eskaintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.