Victor de Diego. Musikaria

«Musika erronka moduan ulertzea gustatzen zait»

De Diego anaiek zuzentzen duten taldeak hirugarren diskoa kaleratu du: 'De Diego Brothers Since 1993' izenekoa. Uztailaren amaieran, bost kontzertu emango dituzte sei egunetan.

BERRIA.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Mende laurden baino gehiago daramate De Diego anaiek jazzaren barrunbeak astintzen. 1993an, Bartzelonan eman zuen lehen kontzertua musikari bilbotarren De Diego Brothers taldeak. Ordutik, hiru disko argitaratu dituzte. Juan de Diego (Bilbo, 1968) taldeko tronpeta jotzailea da, eta Victor de Diego (Bilbo, 1964), berriz, saxofoi jotzailea. Bietan zaharrena taldearen ibilbideaz, jazzaren egoeraz eta azken diskoaren ezaugarriez aritu da BERRIArekin.

Zein da diskoaren mezua?

Diskoaren izenburua De Diego Brothers Since 1993 da. Taldearen sorrera data da hori. Aurreko urtean, 25 urte bete genituen, eta diskoa omenaldi bat da, ospakizun txiki moduko bat.

Zein izan dira zuen musika erreferenteak?

Juanek eta biok, anaiak izanik, eragin nahiko berdintsuak izan ditugu. Jazz mota asko entzun ditugu, sakonki murgildu gara estilo horretan. Hala ere, esango nuke jazz klasikoko artistek izan dutela gugan eraginik handiena: besteak beste, John Coltrainek, Miles Davisek eta Herbie Hancockek. Jakina, gaur egun gertatzen ari denari ere kasu egiten diogu. Azken urte hauetan musikari gazte asko atera dira, eta entzuten ditugu; haiekin ere jotzen dugu.

Ez da argitaratzen duzuen lehen diskoa.

Ez, hirugarrena da, De Diego Brothers talde gisa, behintzat. Horrez gain, bakoitzak bere ibilbide, talde nahiz proiektu propioak ditu. Lider moduan argitaratutako hainbat disko ere baditu bakoitzak. Baina, esan bezala, biok batera ateratzen dugun hirugarrena da hau. Lehen diskoa Zuzenean Live BJC izan zen, 2005ean. Bigarrena, Odola Sangre izenekoa, 2013an argitaratu genuen. Lehenengo lanean, agian, ez da hainbeste nabaritzen, baina beti saiatu izan gara gure abesti propioak sortzen, eta bigarren nahiz hirugarren diskoetan suma daiteke hori.

Estilo ezberdinak uztartu dituzue diskoan.

Bai, eta oso gustura aritu gara jotzen. Musika estiloa baino gehiago, jotzeko orduan, alboan dugun musikaria da baldintzatzen gaituena, eragin oso zuzena du. Gaur egun, Abel Boquera Hammond B3k organoan eta Caspar St Charlesek baterian osatzen dute taldea, eta beraien jotzeko modua dute. Etiketak jartzea arriskutsua dela iruditzen zait, gero jendeak taldea segituan sailkatu egiten duelako, baina esan daiteke azken disko honek funk eta soul kutsua duela; bigarrena, agian, jazzagoa zen.

Zer dela-eta hasi zineten jotzen anaia eta biok?

Ni Bartzelonara etorri nintzen 1988an, eta Juan hiru edo lau urte geroago etorri zen. Bakoitzak bere lana egiten zuen: hainbat taldetan jo, musika estilo ezberdinak landu... Baina bioi funk, soul eta jazz erritmoak nahastea gustatzen zaigu, eta horrek bultzatu gintuen batera jotzen hastera. Eta begira, 25 urte igaro dira jada. Egia da tartean atsedenaldi bat hartu genuela. Baina, azkenaldi honetan, berpizteko beharra sentitzen genuen, eta hirugarren disko hau da emaitza.

1993an hasi zineten elkarrekin. Zer aldatu da?

Lehen kontzertua 93an jo genuen. Ordutik, normala denez, eskarmentu handiagoa dugu, eta hori musikan islatzen da. Musikari hobeak gara, edo hori pentsatzen dut, behintzat. Esperientzia handiagoa dugu, eta jo nahi duguna ere zehatzagoa da.

Zer da musika zuretzat?

Lehenik eta behin, pasio bat da. Baina, guztiz gozatzeko, ahal bezainbeste landu behar da. Ez da ondo pasatzea bakarrik. Jakina, zati garrantzitsu bat da, eta publikoak ere nola disfrutatzen duen ikustea gaindiezina da. Baina niri musika erronka moduan ulertzea gustatzen zait. Une oro ikasi eta praktikatzen dut, hobeto jotzeko eta musikari hobea izateko.

Zer egoeratan dago jazza?

Jazza, zoritxarrez, beti izan da musika minoritario bat. Jendeak irratian entzuten den edo modan dagoen musika atsegin du, eta, horrela, kalitateak garrantzia galtzen du. Baina, oro har, jazzaren egoera ona dela esango nuke. Musikari gazte eta on asko ari dira ateratzen; beraz, jarraipena ziurtatuta dago.

Publiko handiago batera iritsi beharko genukeela? Bai, baina hori ez dakit zenbateraino dagoen gure esku. Jendeari dagokio mugitzea, interesa azaltzea. Gauza bera gertatzen da literaturan, eta baita, oro har, artean ere. Publikoa da jarrera kritiko bat eduki behar duena, kalitatezko edukia kontsumitzea haiek hartu beharreko ohitura da.

Oso zaila da medio erraldoien aurka egitea. Baliteke hori ez izatea biderik zuzenena, baina, jazzak maila horretan lehiatu nahi badu... Ni egunetik egunera musikari hobea izaten saiatzen naiz, eta konformatzen naiz daukagun publikoarekin. Jendeak gure kontzertuetan ondo pasatzea da helburua. Kalitate kontua da kantitatearena baino gehiago. Jende gehiago etortzen bada, hobe, jakina; baina, hori, ez dago gure esku.

Bost egunetan sei kontzertu jotzekoak zarete.

Birak horrela muntatzen dira. Ezin gara toki batetik pasatu bertan kontzerturik eman gabe [barre artean]. Hori da gustatzen zaiguna, jendeari gure musika eskaintzea. Ez gaitu hainbeste kezkatzen zenbat jende azalduko den; etortzen dena gustura eta musika ona entzunda ateratzea da gure ardura nagusia. Musika zuzenean kontsumitzea bultzatu behar da; eta ez agertoki erraldoi edo mundu mailako artista famatuen kontzertuetan bakarrik. Toki txikietan eta denetariko musika, kalitatezkoa, entzutera animatu behar dugu publikoa. Askotan, artista ospetsua izateak ez du zerikusirik izaten musikaren kalitatearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.