Donostiako 55. Jazzaldia. Iñaki Salvador. Musikaria

«Ziurgabetasun handia dago euskal jazzaren eszenan»

Donostiako Jazzaldiak banatuko dituen hiru sarietako bat jasoko du Iñaki Salvadorrek gaur. Kontzertu bat egingo du Chano Dominguezekin, eta beste bat Jorge Pardorekin.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko uztailak 23

Pasaiako (Gipuzkoa) baserri batean du Iñaki Salvadorrek (Donostia, 1962) bere txokoa. Estudioa eta lantokia. Eta han ari da, azken egunetan, elkarrizketak bata bestearen atzetik harilkatzen eta Donostiako 55. Jazzaldian emango dituen bi kontzertuak prestatzen. Lan ugari izan arren, pozik da, «ilusio handia» egiten baitio gaur arratsaldean (18:00) Chano Dominguez pianistarekin batera Kursaalean emango duen kontzertuan Donostiako Jazzaldiaren eskuetatik jasoko duen sariak. Larunbatean, Jorge Pardo saxofoi jolea izango du oholtza lagun, Viktoria Eugenian.

 

Donostiako Jazzaldiaren sari nagusia jasoko duzu gaur. Zer esaten dizu horrek?

Oso pozik nago, batez ere Donostiako Jazzaldiak ematen didalako, niretzat oso inportantea izan baita beti jaialdi hau. Pentsa, Donostiako Jazzaldirik izan ez balitz, ez dakit jazz munduan ariko nintzen. Jazzaldiak aukera asko eman dizkit jotzeko, baina, horretaz gain, ikusle gisa ere izugarri gozatu dut bertan. Kontzertu oso inportanteak ikusi ditut nik hor; esaterako, Keith Jarrettek 1987. urte inguruan Belodromoan eman zuen kontzertuak izugarri eragin zidan. Izugarri! Ondorioz, sariak ilusio handia egiten dit.

Nahiz eta jakin testuinguru oso berezi batean emango dizutela, ezta?

Bai, zalantzarik gabe, oso koiuntura berezian emango didate, baina horrek ez du inporta. Eta, kontuan izanda sari bat zer den —sari batengatik zure balioa ez baita igo edo jaitsiko—, nik pozik hartzen dut, egindako lanaren aitorpen bat baita. Koronabirusik gabe ez nuela saria izango? Ziur aski, ez, tradizioz jazzaren historian ezinbestekoak izan diren musikariei eman baitiete saria. Eta, jakina, hori ez da nire kasua. Baina ilusio handia egiten dit sariak, zerbait adierazten duelako.

Jorge Pardok eta Chano Dominguezek ere jasoko dute saria, eta Jazzaldi honetan batarekin eta bestearekin joko duzu. Ez da izango lehenengo aldia.

Chano Dominguezekin orain hogei bat urte bira bat egin nuen, piano bikote formatuan. Asko miresten genuen elkar, lagunak ere baginen, eta animatu ginen elkarrekin aritzera, jakinda antolatzaileentzat bi piano lortzea ez dela merkea izaten. Oraingoan Chanoren piezak eta nireak joko ditugu, eta baita nik moldatutako ezpatadantza bat ere.

Pardorekin disko bat grabatu zenuen Donostiako Altxerrin, baina oraingoan laukote gisa arituko zarete. Zer eskainiko duzue?

Disko hartan bildutako pieza batzuk joko ditugu, eta, horiekin batera, bakoitzaren beste batzuk. Euskal musikaren arrastoak ere izango dira kontzertu horretan; Mikel Laboaren Txoria txori-ren moldaketa bat, hain zuzen. Eta bi kontzertuetan jazz-flamenkoaren aztarnak ere izango dira, Chanoren eta Jorgeren musikan beti baitago ukitu hori.

Nola egin duzue lan?

Partiturak elkar trukatu ditugu. Aurretik ere landu izan ditugunez, ez zaizkigu arrotzak egiten, eta bi orduko entsegu bana ere egingo dugu. Alde horretatik, oso kontzertu biziak izango dira, musikari guztiok arreta etengabe jarrita egon beharko baitugu. Horrek oso modu zintzoan jotzera behartzen gaitu, une oro konektatuta egon behar dugulako.

Musikeneko irakasle ere bazara, eta hor sortzen diren talde askok izaten dute aukera Jazzaldian jotzeko. Zer-nolako garrantzia dauka jaialdiak bertako musikarientzat?

Azkeneko urteetan ahalegin handia egin dute bide horretan. Garai batean, 80ko hamarkadan, oso aldarrikatzailea izan nintzen bi konturekin. Garai hartan, jazz jaialdietan batez ere musikari estatubatuarrak aritzen ziren; europarrak ere ez ziren izaten, eta uste nuen euskal musikariei leku handiagoa egin behar zitzaiela. Eta, bestetik, beti esaten nuen jazza hezkuntza arautuan sartu behar zela, eta hori ere gertatu da denborarekin. Jazzaldiak bilakaera ona izan du ildo horretan, euskal musikari gazteekiko harremanean bideak ireki dituelako eta baldintza onetan jotzeko aukera ematen dielako musikari gazteei.

Pandemia iritsi baino egun batzuk lehenago, House of Mirrors argitaratu zenuen, Alexis Delgadorekin batera daukazun Johann Sebastian Jazz proiektuaren bigarren diskoa. Baina aurkeztera ere ez zineten iritsi.

Musikenen grabatu genuen diskoa, eta han aurkeztu behar genuen, baina Alexis gaixotu egin zen, eta ezin izan genuen aurkeztu. Pentsatzen genuen apirilean-edo izango genuela aukera. Inozoak gu! Handik lau egunetara dena erori zen, eta, ondorioz, argitalpen fisikoa ere ez dugu atera oraindik, eta sareetan baino ezin da entzun.

Izenak berak dioen moduan, Bachen oinarritzen da proiektua. Delgadok musika klasikotik heltzen dio; zuk, jazzetik. Nola elkartu zarete?

Alexis musika klasikotik dator, eta, zehazki, Bachetik! Kontserbatorioko irakaslea da, eta eguneroko lanean jo beharrekoa jotzen du, baina, interprete gisa, Bachekiko izugarrizko lilura du, baita haren musikaren ezagutza oso sakona ere, eta Bachen musika besterik ez du jotzen oholtza gainean. Proiektuaren hazia Donostiako Jazzaldiaren eta Musika Hamabostaldiaren ideia bat izan zen. Bururatu zitzaien musika klasikoa eta jazza uztartuko zituen kontzertu bat egitea bi jaialdien artean izaten diren egun gutxi horietan, eta elkarrekin lan egiteko proposamena egin ziguten. Berehala ikusi nuen Alexis Bachez maiteminduta zegoela, eta niri ere iruditzen zitzaidan konpositore egokia zela jazz mundura ekartzeko. Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan eman genuen kontzertu pare bat, eta handik urte pare batera diskoa grabatzea erabaki genuen. Aurten bigarrena iritsi da, denbora honetan handituz joan baikara errepertorioa.

Zerk batzen ditu Bach eta jazza?

Haren musikak, eta ez bakarrik harenak, barroko garaiko musikak orokorrean jazzarekin harreman handia du. Barrokoan musikariek izugarri inprobisatzen zuten. Guri iritsi zaigun Bachen musika paperetan idatzia dago, nota jakin batzuekin, baina bere garaian baxu zifratua izeneko sistema bat erabiltzen zuten. Konpositoreek jartzen zuten baxu lerroa, harmoniei buruzko jarraibide batzuk ematen zituzten, eta interpretearen esku uzten zuten gainerakoa. Hori erabat lotzen da jazzarekin, jazzean ere oinarri baten gainean inprobisatzen baitugu. Esango nuke diskoan oso ondo ulertzen dela harreman hori. Askotan, Alexisek jatorrizko pieza aurkezten du; poliki-poliki nire pianoa gehitu, eta bi pianoen arteko elkarrizketa hasten da. Harena entzuten dut, baina modu librean noa sortzen beste gauza batzuk.

Nola eraman duzu itxialdi garaia?

Musikeneko eskolak ematen segitu dut etxetik bertatik, eta, horretaz aparte, bertan behera gelditu ziren hainbat egitasmok bideo formatua hartu dute azkenean. Eta, bestela, gainerakook bezala bizi izan dut itxialdia. Lehenengo, harriduraz; gero, kezkaz; eta, azkenik, baita kulturaren egoerarekiko arduraz ere. Ez baitakigu zer gertatuko den, oro har, kulturarekin. Nik Musikeneko nomina bat daukat, baina jende askok, aktoreek adibidez, emanaldien arabera irabazten dute. Borroka hori hor dago, eta Kataluniako anai-arrebei begiratzea besterik ez dugu. Antzokiak berriro itxi dituzte, hain zuzen ere, lanbide honetakoak garenean neurriak zorroztasunez betetzen ari garenak. Ez du ematen oso serioa antzokiak ixtea hegazkinak beteta doazenean edo tabernak irekita daudenean, zeren eta antzoki batean erraz kontrolatu baitaitezke neurri horiek.

Apirilean kulturgintzaren manifestua sinatu zenuen greba digitalera deituz.

Bai. Iruditzen zait kulturaren garrantzia aldarrikatuko duen leku orotan egon behar dugula. Gainera, garai nahasia zen, eta, zalantzan izanda ere, egon behar nuen hor. Gero ñabardurak egin ditzakezu, baina, larritasun egoeretan, egon egin behar da. Orduan ikusi genuen doako eskaintza handia zegoela sareetan, eta hori kezkagarria iruditu zitzaigun askori. Hasieran gauza polita zen, baina, itxialdia luzatu ahala, ikusi zen arriskutsua ere izan zitekeela, kultur eskaintza fribolizatzeraino. Azken batean, kultur ohituren aldaketa bat ere bazegoen horren atzean, eta halakoetan beti dago arrisku bat: orain ordaindu behar ez badut, zergatik ordainduko dut gero...

Nola baloratzen duzu instituzioen erantzuna?

Garai zaila izan da denontzat, baina, adibidez, ez zait gustatu Eusko Jaurlaritzak laguntzak zozketa bidez banatzea. Estetikoki, behintzat, ez da polita. Uste dut erantzuna geldoa izan zela, pixka bat traketsa, baina, era berean, iruditzen zait denbora ere eman behar zaiela. Kontuan izan behar dugu aurretik ere kultur sektorearen egoera oso prekarioa zela, eta ikusi beharko dugu hemendik aurrera nola artikulatzen den hau guztia. Ildo horretan, krisiak balio izan digu sektorearen argazki bat egiteko, eta erakundeek horren irakurketa egin beharko lukete. Guk ez dugu faborerik eskatzen, baizik eta sektorearen berezitasunak kontuan hartzea. Adibidez, ez da logikoa musikari batek hilero-hilero autonomo kuota bera izatea, hilabete askotan ez duenean emanaldirik. Hilabete batean 400 euro irabazten baditu, ordain dezala horren arabera, eta, hurrengoan 2.800 jasotzen baditu, berdin. Proportzioan.

Kezkatzen zaitu etorkizunak?

Uste dut egitura asko erori daitezkeela: antzerki konpainiak, bulegoak, management enpresak... Ziurgabetasun handiko garaia da hau.

Zuk zeuk, nahiz eta jazzarekin lotu, era askotako lanak egiten dituzu: soinu bandak, antzerkirako musika. Zer garrantzi ematen diozu musikari ofizioari?

Niri ofizio hitza asko gustatzen zait. Batzuetan txantxetan esaten dut sormena gainbaloratua dagoela! Txantxetan, e! Uste dut sortzailea naizela, baina iruditzen zait ofizioa deitzen duguna oso-oso inportantea dela; ezagutzea norberaren lanbidearen oinarriak eta egiteko moduak. Niri, adibidez, herri honetan bizitzeak eraman nau moldakorra izatera. Herri txikia da; ezinezkoa da jazz musikari etiketarekin joatea egun osoan, eta soldata irabazteko dibertsifikatu egin behar izan dut nire lana. Baina hori gauza on gisa hartzen dut. Nik ez nuen erabaki New Yorkera edo Kopenhagera joatea bizitzera, eta, hemen geldituta, denetarik egin dut: Mikel Laboarekin egin dut lan, telebistarako sintoniak egin ditut, telesailetarako musika... Jaun eta Jabe, Bi eta bat... Horretaz bizi izan naiz, eta oinarri hori guztia hor dago, baita Chano Dominguezekin eta Jorge Pardorekin oholtzara igotzen naizenean ere. Ez nuke aldatuko hori guztia; uste dut zorte handia izan dudala bizitzan.

Nola ikusten duzu euskal jazzaren eszena?

Sormen aldetik oso ondo ikusten dut, oso bizi, bi belaunaldi ari baitira lanean. Beteranoen artean, Gonzalo Tejada, Mikel Andueza, Andrej Olejnizak, Anjel Unzu... asko daude, eta gure seme-alaben adinekoak diren beste musikari batzuk ere ari dira aldi berean. Alde horretatik, oso garai interesgarria da hau. Musikenek ere funtzio oso inportantea egin du jazz musikari gazteak bultzatzeko. Baina, aldi berean, azken garai honetan nekea ere sumatzen dut, frustrazio puntu bat. Lagun batzuk ez dira animatzen euren proiektuekin diskoak grabatzera, gero eta zailagoa delako proiektuak aurrera ateratzea. Kontzertu solteak lortzen dira, baina zaila da jarraitutasun bat ematea egitasmoei. Eta pena da, sormen aldetik oso garai ederrean gaudelako. Baina diskoak ere apenas saltzen diren, kontzertuak ere gutxi... Ziurgabetasun handia dago. Hortik ateratzeko, instituzioen eta hiritarren konpromisoa behar dugu, hiritarron ardura ere badelako kultura aurrera ateratzea. Ez dadin hil.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea terrazetan Bilbon, astelehenean. ©Aritz Loiola/FOKU

651 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian kasu gehien atzeman diren eguna izan da: 402. Osasun Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia arratsaldean bilduko dira egoera aztertzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Aitor Biain

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.

Osasun langileak PCR probak egitn Donostian, iragan astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak Getxoko Bikain tabernan izan zirenei

Berria

Abuztuaren 2tik 10era bertan egon zirenek egin beharko dute testa.

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna