Albistea entzun

Lizar Begoña. Idazlea

«Ez nuen inolako aurarik nahi»

Hitzen materialtasunari segika ondu du 'Gepardo japoniarrak' bere bigarren poema liburua. Ulerkeraren mugetan kokatu ditu testuak, baina ez horregatik inguruko mundutik aparte.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko irailak 4 - Bilbo

Egindako lanarekin pozik, baina beldur bat guztiz erantzi ezinik. Hala mintzo da Lizar Begoña Gepardo japoniarrak (Susa) bere bigarren poema liburua kaleratu osteko momentuaz. «Gelditu naiz nahiko trankil egindako lanarekin, baina egia da beldur apur batekin ere bizi dudala: joko bisualengatik eta formaren lanketagatik, azalekotzat hartua izateak ematen dit beldurra; mezu aldetik hutsa dela pentsatzeak, ez duela ezer esaten. Defentsa modura esango nuke formek ere badutela alde politiko bat. Uste dudala halako lanek ere existitu behar dutela». Duela bi urte eman zuen estreinako poema liburua, Aro beilegia (Balea Zuria) —Donostia Kultura poesia saria irabazi ostean—, baina ez zuen susmopean hartua izateko izurik izan harekin. «Esplizituagoa zen; kutsu politiko handiagokoa, agian». Lan berrian, aldiz, esateko modu zuzenagoetatik urrundu da, eta forman eta lengoaiaren plastikotasunean jarri du arreta: «Askotan ikusten dut poesia irakurtzean geratu ohi garela justu testutik kanpo dagoen horrekin. 'Zer esan nahi izan dit honekin?'.'Zer dago honen atzean?'. Eta ez nuen hori nahi. Horren ordez, formaren lanketak eta testuaren espazialtasunarekin jolasteak gogorarazten dizu hemen bertan dagoela irakurri beharrekoa, ez bilatzeko harago. Gordintasunaren eta gorputzaren aldarrikapena da; hori nahi nuen, ez inolako aurarik».

Azken bi urteetan idatziz joan den poemekin osatu du liburua —47 testu denera—, eta, askotarikoak badira ere, guztiak asmo batek zeharkatuak ikusten ditu egileak. «Denak daude tonu eta intentzio berberetik idatzita; esperimentaziotik eta jolasetik. Uste dut ondoan jarrita osatu dutela erregistro antzeko bat orain».

Erregistro zabal bat, hitza eta haren paper gaineko aukerak ikuspuntu ezohiko batetik aurkezten dizkiona irakurleari. «Ez dut idazteko beldurrik-izurik/ baina ez nazazu harrapatu hide and seek/ abstraktua dela diozu ez duzula ulertzen/ hau ez da abstraktua», dio, esaterako, olerki batean, eta apropos egindako keinutzat berrikusi du orain aipamena. «Kontziente naiz ez dela beti erraza testura sartzea, baina jolastu nahi izan dut horrekin ere: interesatzen zait ulertzearen eta ez ulertzearen artean dagoena».

Arte Ederrak ikasitakoa da Begoña (Sopela, Bizkaia, 1997), eta agerikoa da formakuntza horren eragina haren hitzetan, ahoz darabiltzanean «hitzen kargaz aparte, testua zentzu eskultorikotik ikustea ere interesatzen zait, baina horrek ez du esan nahi ez duenik edukirik»—, zein idatziz lantzen dituenean. Baietz esango luke, beraz, artearen egiteko moduekin idazten duela, edo idatzi duela, bederen, azken lana. «Eraikita dagoena deseraiki eta gelditzen zaizkizun piezekin zerbait berria egiten du arte garaikideak hein batean, eta nire idazketak badu antz apur bat horrekin, lehengaiarekin lan egitearekin».

Liburuan bildutako poemak idatzi bitartean, hain justu, arte ikerketari buruzko master bat ikasten eta Bilbo Arte zentroko beka batekin proiektu bat garatzen aritu da idazlea, eta, dioenez, artearen munduko erreferentziek izan dute eraginik behinena liburuan. Bien arteko hartu-emanean aritzen da, baina, hala izanik ere, idazten topatzen du gero adierazko espazioa. «Literaturatik asko elikatzen dira arte bisualak, eta nire lanean ere lotuta sentitzen ditut. Gertatzen dena da beti sentitu izan naizela nahiko deseroso diziplina artistikoan: gozatzen dut inguruarekin, baina hitzetara itzultzen naiz beti».

Edozein dela diziplina, erreferentzia ugari datoz poemetan —Marguerite Duras, Ursula K. Le Guin, Bronte, Bergman, Kafavis, Chris Marker, Agnes Grey... —, eta arte munduaren oihartzuna sumatzen du hor ere egileak. «Bilbo Arten nenbilenean ikusten nuen piezak zerekin eginda zeuden garbi erakusteko joera bat. Eta uste dut baduela lotura: erreferentzia hauek aipatzea bada nire iturriak, hezurdura, esplizituki erakusteko modu bat».

Pantailak eta belarrak

Amaiera izeneko atalak irekitzen du liburua, Hasiera izenekoak ixten, eta balirudike ziklikoa ez den denbora bat iradoki duela egileak modu horretan, mundu garaikidea ekartzeko gako moduan. «Hasierako ideiak hortik zihoazen», kokatu du. «Zerbait azentrikoa sortzea zen ideia, horrela ikusten dudalako gaur egun bizi dugun garaia: pantailen erabilera etengabea, gauzak zatikatuta ikustea, kontsumo arinekoa dena... Kuriositate handiz bizi dudan fenomeno bat da, pisu handia duena nigan; modu analitikoan zein pertsonalean».

Hori da, bada, liburuaren azpitik, orain ageriago orain ezkutuago, doazen gaietako bat, eta ugariak dira mundu konektatu horren berri ematen duten erabakiak liburuan. Beste kultura batzuen aipamen ugari sartuko luke hor Begoñak, baita euskara ez diren beste hizkuntza batzuen erabilera ere. Katalanez da, esaterako, gurasoei eskainitako Les reines poema: «El meu rei/ és callat/ especial/ se li enrogeixen els ulls/ quan arribo// la meva reina/ és dolça/ especial/ la que millor estima// i si volen/ i si es cansen/ que descansin les reines// jo les cuido». Begoña: «Nik ez dakit katalanez, baina idatzi nuen poema hau Interneten gauza batzuk begiratzen aritu ostean; tonua asko gustatu zitzaidan». Eta hor agertu da beste gakoetako bat: hitzen sonoritatea: «Euskararen fonetika ezberdin bat dauka, eta gustatzen zait hori baliatzea motibo gisa. Irakurleak bat-batean topatzea zerbait arrotza, izan daiteke irudi bat, edo soinu berri bat; horrek ere zabaltzen ditu beste leiho batzuk ulerkeran, sentsazioetan».

Ixiar Rozasen lana aipatu du orduan, hura ere arte munduaren hurbilekoa—«harena bai dela materikoa»—; eta Maria Salgado oroitu du ondotik —«hitzaren gorpuztasunaz aritzean erreferentzia garbia»—.

Mundu birtualaren alboan, kontrastean, mundu botanikoak ere presentzia nabaria du Gepardo japoniarrak-en. Gilles Clement paisajista, lorezain eta idazlearen aipu batek zabaltzen du lana, hain justu, eta haren hirugarren paisaia-ren ideia liburua «ordenatzeko» zutabetzat izan du Begoñak. «Badu erregulatu gabeko lorategien aldeko teoria bat. Bazterreko landareak interesatzen zaizkio, belar txarrak, errepidean hazten diren horiek... arbustu karratu horien kontrakoa. Bere horretan sortzen dena onartzen eta ikertzen du, eta gustatzen zait kontzeptua nire poemekin paralelismo bat egiteko».

Idatzi ahala idazten duen galdetuta, bere horretan sortzen denari jarraika, duda egin du. «Gehiago konparatuko nuke pinturan dabilen baten metodoarekin. Pintore batek margotzen duenean, intentzio jakin bat izan gabe egiten du, intuizioz edo, eta gero bere obra finala ez da mezu irmo bat izaten, izan daitezke sinboloak, bizitzan ikusitakoak... Horrek bere horretan isla dezake munduaren ikuskera bat».

Horregatik bildu ditu Intentziorik gabeko kimuak izenpean liburuko testu gehienak. Haren ondotik dator Cyperus rotondus atala, munduko landarerik inbaditzaileenetako bati zor diona izena, eta poema bakarrekoa. Pandemiaren itxialdian idatzi zuen Begoñak, Jorge Oteizaren Itziar elegía y otros poemas (1992) irakurri berritan. «Lagun batek oparitu zidan, eta, irakurri ahala, plazer itzela sentitu nuen, idatzita zegoen erritmoarengatik, agertzen ziren motiboengatik... Irakurketa hark sortu zidan bola guztia botaka egiteko modu bat izan zen poema hori idaztea. Libre utzi nion neure buruari, testu zatiak, gaiak eta beste nahasten».

Hori zaio gauza guztien gainetik «gozagarriena», beste liburuekin, zinemarekin, kantuekin elkarrizketan egotea. «Motor handiena da hori». Bai hasieran behintzat. «Gero, konplikatzen denean, sufritu egiten duzu; behin sartuta, irten egin behar baita hortik». Bilaketa noiz amaitzen den, misteriozko keinu bat egin, eta «intuizio kontua da, ez?», galdetu du. «Heltzen da une bat non testuak forma eta testualitate aldetik funtziona dezakeela ikusten duzun. Baina hori ere intuizio bat baino ez da izaten».

Lana plazaratu zuenetik lau bat hilabete igarota, egindakoaz jabetuz beste modu batera doala dio orain. «Idaztean badago inozentzia puntu bat, ez dakizu gero nora joango den hori. Argitaratzen duzunean hasten da hedatzen, apurka toki bat hartzen. Nik ere azaltzen dudan bakoitzean egiten diot leku bat». Beñat Sarasolarekin aurkeztu zuen liburua azken Literaturian, eta hark esandako ideia bat du gordea orain azaltzea tokatzen zaionerako. «Esaten zuen liburuak bere baitan zuela gaitasun sortzailea; hau da, ez dela munduaren esplikazio bat, baizik eta bere baitan sortzen dituela munduak. Gustatzen zait hori, pentsatzea [poesiak] bere baitan sor ditzakeela munduak, eta horrek sortuko dituela beste hainbat leiho gero, saiakerek edo zientziak ezin dituztenak sortu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Epaileak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa epaitzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bertsogintzaren matematika

Miren Mujika Telleria

Hainbat faktorek egiten dute posible bertsolari txapelketa bat, eta faktore horien artean dago, noski, epailetza. Hogeita bat epaile arituko dira hasi berri den txapelketan bertso bakoitzari puntuazioa ematen. Zein da, baina, puntu horiek gora edo behera egiteko neurgailua?
Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. ©Gorka Rubio

30 urte, baina beti gazte

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Gozategi taldea 30. urteurreneko biran ari da aurten, eta plazetako harrera «ikaragarria» izaten ari dela dio Asier Gozategi soinu jotzaileak. Bihar Urnietan joko dute, eta urriaren 15ean, Zarautzen.

 ©IRUNE IZQUIERDO

Erretzaile damutuen konpainia

Berria

Aingeru Epaltzak hirurogei urteen talaiara iristen ari den kazetari bat jarri du 'Erretzaile damutuen konpainia' eleberri berriaren ardatzean: Edu Saragueta. Komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratua eta, batez ere, nobela beltz petoa osatu du.

Piztu METAk hamabost proiektu hautatu ditu

Berria

Egitasmoak sustatzeko finantzaketa kolektiboa hasiko dute. Gipuzkoako aldundiak 70.000 euro jarriko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...