Kepa Matxain. Kazetaria eta ikerlaria

«Formaren eztabaida erdigunera ekarri nahi dut»

EHUren Mikel Laboa katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen duten ikerketa kontratua lortu du, bertsolaritzaren autonomia formalari buruzko lan bat garatzeko.

PERU ISASI.
Ane Eslava.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Duela gutxi gerturatu zen bertsolaritzara, baina azkar «harrapatu» zuen. Hizkeraren auziak piztu zion jakin-mina hasieran, eta, auzi horrek formarekin duen loturaz jabetuta, horretan jarri zuen fokua gero. Kepa Matxain (Donostia, 1991) kazetariak EHUren Mikel Laboa katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean sortutako ikerketa kontratua lortu du, euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko doktoretza tesia egiteko. Iaz abiatutako Bertsolaritzaren autonomia auzitan: utilitarismoa, txapelketak, hedabideak, irakaskuntza eta hibridazioa proiektua garatuko du, urtebetez, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin.

Tesia garatzeko lanean hasiko zara laster EHUn, baina zure ikerlana aurretik datorren proiektu bat da, ezta?

Bai, auzi honetara gerturatu nintzen bertsotan erabiltzen zen hizkeraren inguruko kezka batekin. Master amaierako lana egin nuen horren inguruan, baina, lanean hasi ahala, ikusi nuen hizkera erabat lotuta dagoela bertsotan erabiltzen den formaren auziarekin, eta forma, funtzionalitatearekin. Hori ikusita, lanari marko zabalagoa eman nion, eta bertsolaritzaren autonomia formalaz hasi nintzen hitz egiten. Bertsolaritza ezagututa, autonomiaz hitz egitea problematikoa da: ez dauka seguruenik literaturak edo zinemak bezainbesteko autonomia, baina sinetsita nago badagoela zer atera ideia horretatik.

Forma da, beraz, zure ikerlanaren oinarria.

Bai. Formari buruz oso gutxi eztabaidatzen da gaur egun, eta are gutxiago bertsolaritzan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan kezka formala askoz ere presenteago zegoen. Eta ni kezkatzen nau formaz ahazteak. Uste dut bertsoek badutela beren logika estetiko propioa, eta aztertu behar direla horren arabera. Horregatik, formaren eztabaida ekarri nahi dut erdigunera: nire lana forma ardatz duen ikerlan bat da, bertsotan egiteko moduari buruzkoa, bertsokerari buruzkoa.

Joxerra Garziak garatutako teoria hartu duzu abiapuntu gisa. Zer, zehazki?

Joxerra Garziak goitik behera aldatu zuen bertsolaritza ulertzeko modua duela hogei urte. Ordura arte, ahozko literatura gisa hartzen zen, eta, beraz, bertsoa ikuspuntu literario baten arabera ulertzen, aztertzen eta baloratzen zen. Hark, bere tesian, esan zuen hori okerra zela: poetikatik baino gehiago duela pertsuasiotik. Nik marko teoriko hori hartu dut, eta saiatu naiz ekarpen bat egiten horri, autonomiaren kontzeptua gehituta. Gaia zoragarria iruditzen zait.

Funtzionalitatea ere aipatu duzu. Zer lotura du formarekin?

Niri bertsoaren esentzia baino gehiago interesatzen zait funtzionalitatea: zertarako balio duen bertsoak. Eta hori formarekin lotuta dago. Norbaitek uste badu bertsoak balio duela funtzio poetiko baterako, joko du bertsokera jakin bat erabiltzera; aldiz, uste badu bertsoaren indarra dagoela eztabaida dialektikoan, beste era bateko bertsokera batera joko du.

Lanaren hasieran bertsolaritzaren ezaugarri batzuk zerrendatu dituzu, aipatu duzun autonomia formala zehazten dutenak.

Hori da. Ni saiatuko naiz argitzen zeintzuk diren bertsoaren espazio autonomoaren koordenatuak; zer unetan sortzen duen bertsoak bere kodeekin mundu propio bat, eta zeintzuk diren horren dimentsioak. Horretarako, lanaren hasieran —jada hasi baitut— ezaugarri batzuk atxiki dizkiot bertsolaritzari, nahiko autonomoak.

Zeintzuk?

Lehena iragankortasuna da, bistakoa dena: bertsoa kantatu ahala existitzen dela, eta isildu ahala desagertu. Bigarrena da bertsolaritzak komunikazio dimentsio berezi bat daukala, zeinak modua ematen baitu bestela esango ez liratekeen gauza batzuk esateko. Hirugarrena pertsuasioa da, Joxerra Garziak erretorikaren genero epidiktiko moduan sailkatu baitzuen bertsolaritza. Eta azkena da ahozko hizkera: askotan esaten da bertsolariaren lanabesa hitza dela, baina nik esango nuke hizkera dela.

Bigarren atalean aztertuko dituzu ezaugarri horiek aldarazi dituzten faktoreak. Zeintzuk dira?

Dagoeneko bi aztertu ditut: utilitarismoa eta txapelketa. Utilitarismoan aztertu dut nola XX. mendean Aitzolek bere proiektu nazionala aurrera eramateko jo zuen bertsolaritzara, ulertuz oso tresna erabilgarria zela kontzientzia nazionala pizteko, eta bertsoa horretarako erabili izanak zer ondorio sortu zituen diziplinan. Txapelketen kapituluan, berriz, aztertu dut lehia arautuak zer distortsio sortzen dituen bertsolaritzan. Falta zaizkidanak dira hedabideak, irakaskuntza eta hibridazioa. Azken hori interesatzen zait bereziki: bertsolaritza bestelako diziplinekin nahastean zer funtzionalitate duen, egun gauza askorekin nahasten baita.

Nola piztu zitzaizun gaiarekiko interesa?

Ni bertsolaritzatik nahiko urrun nengoen, baina duela bost urte eskatu zidaten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kronikak egiteko Argia-rako, eta bi urte geroago Bertsolari Txapelketa Nagusikoak ere egin nituen, Kattalin Minerrekin batera. Oso bizia izan zen txapelketa hori; eztabaida asko egon ziren, eta azkenean harrapatu egin ninduen. Gai hauen inguruan pentsatzen eta eztabaidatzen hasi nintzen, eta hor geratu zitzaizkidan hainbat galdera, erantzun gabe. Gero, ikusi nuen Filosofiako master amaierako lanerako ekar nezakeela gaia, eta hor hasi zen prozesua, gaur egun dudan ikuspegira heldu arte.

Pozik zaude gaiaren inguruko tesia egiteko aukerarekin?

Oso pozik nago. Orain pentsatzea irailetik aurrera goizean jaiki eta egin beharko dudan lan bakarra izango dela irakurri eta idatzi... luxu bat da. Badakit sufrituko dudala; ez dela erraza izango, baina gogo handia daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.