Albistea entzun

Beñat Gaztelurrutia. Plateruenako kidea

«Plateruena ahalduntze saio ikaragarria izan da»

Lana ongi egin izanaren lasaitasunarekin itxiko dituzte abenduan Durangoko Plateruena kafe antzokiko ateak, Gaztelurrutiak dioenez. Euskara, kultura eta herritarrak izan dituzte ardatz.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko urriak 3

Ateak oraindik erabat itxi gabe izan arren, bigarren irekiera posiblea darabil jadanik buruan Beñat Gaztelurrutiak (Abadiño, Bizkaia, 1976). «Ez dago ezer ziurtatuta», egin du oharra berehala, baina argi du hori dela orain erronka. Hasieratik egon da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian lanean, proiektuaren kudeatzaile nagusia ere izan zen lehen hamar urteetan, eta proiektuari lotuta jarraitzen du kooperatibako bazkideek ateak ixtea erabaki ostean. Guztira 2.000 kultur ekitaldi inguru antolatu dituzte 16 urteotan, eta, Gaztelurrutiaren hitzetan, pilatutako jakintza, esperientzia eta erreferentzialtasun hori da Plateruenak utziko duen oinordetza. Eta berriz adi jarraitzeko oharra: «Ez da ziurra etorkizuna».

Lortu nahi zenaren eta egin ahal izan denaren artean, zer ekarpen egin du Plateruenak?

Gauzak egiteko modu ezberdin bat utzi du leku honetan. Guk eredua hona ekarri genuen beste leku batzuetatik, eta ez genuen ezer asmatu. Aitortu behar dut momentu batzuetan intuizioz ere ibili garela, baina intuizioz ere asmatu daiteke, eta asmatu dugula uste dut, gauza askotan. Gogorra izan da Durangon ohikoa ez zen logika batekin funtzionatuko zuen proiektu bat martxan jartzea. Oro har, denok gara apur bat kontserbadoreak, eta erresistentzia batzuk egoten dira. Baina apurka-apurka malgutzen joan dira, eta uste dut orain onarpen osoa dagoela proiektu honen ekarpenaren inguruan.

Euskal artistak eta nazioartekoak parez pare jartzea zen hasierako amets handi horietako bat. Bete da asmo hori?

Justu hori lortu dugu. Nazioarteko erreferentzia garrantzitsuak pasatu dira hemendik, eta Euskal Herriko eta eskualdeko artistekin batera aritu dira, profesionalak eta amateurrak. Horretan asmatu dugula uste dut. Akaso iraupenean ez hainbeste.

Eredu baten amaiera da?

Eredu baten amaiera da hemen. Lar litzateke esatea eredu hau agortu dela toki guztietarako, eredu horrek funtzionatzen duelako beste toki batzuetan; gurean, ez. Agortze sintoma batzuk ematen zituen azken urteotan, eta normaltasunez hartzen dugu epe horren amaiera, berri baten hasiera izango bada, behintzat.

Arrazoi ekonomikoek eraman zaituztete ateak ixtera.

Guk hau planteatu genuenean, orain dela hamarkada bi, kulturgintzak eta ostalaritzak elkar elikatu behar zutela pentsatzen genuen, eta hala izan zen urteetan. Kulturgintzak jendea ekarriko zuen, jendeak ostalaritza elikatuko zuen, eta ostalaritzak baliabideak ekarriko zituen kulturgintzarako, baina kontsumo ohiturak aldatu dira, ostalaritzan eta kulturgitzan. Kontzertu masiboen sasoia agortu egin da; ez erabat, noski, baina indarra hartzen joan dira formatu txikiagoak eta ikusle espezifikoentzako espezializatutako ikuskizunak. Ikusten baduzu, Plateruenak urtez urte antolatutako ekitaldi kopurua ez da askorik jaitsi, baina ikusle kopurua bai. Eta ez da arrakastarik izan ez dutelako, baizik eta bestelako arrakasta izan dutelako. Kulturgintzak eta ostalaritzak osatutako tandemak funtzionatzeari utzi zion duela urte batzuk. Hori arrastatzen ibili gara.

Erakunde publikoek nahikoa lagundu dute?

Ez du jaso merezi eta behar izan duen aitorpenik erakunde publikoen aldetik. Diru laguntzak jaso ditugu, eta laguntza horiek autonomiaz erabiltzeko aukera da guk eskatu izan duguna. Bagenekien ere laguntzekin bakarrik ezin zela lan egin, eta %90eko autofinantzaketarekin atera dugu aurrera proiektua. Ez naiz sartuko laguntza gehiago edo gutxiago jaso behar ote genituen, baina aitormen falta hori bai, sumatu dugu, herritik bertatik hasita. Ematen zuen gure kontu bat zela: «Zuek erabaki duzue egitea, ba, egin ezazue». Halako zerbait. Guk behin eta berriz esaten genien gu elkarlanerako prest geundela, eta konpartitu nahi genuela egitasmo hau udalak dituen gainerako zerbitzuekin. Beti egon gara prest eskaintza orokorraren barruan gure funtzioa zein den adosteko, baina horma bat aurkitu izan dugu. Frogatu dugu gai garela gure alea emateko, eta azken urteetan elkarlana hobea izan da.

Udalaren esku geratuko da eraikina orain, instalazio guztiekin.

Eraikina ahalik eta baldintzarik onenetan utzi nahi dugu, berriz erabilia izan dadin. Udalak ohar bat bidali zuen aste honetan, esanez asmoa zuela segida emateko, eta proiektu berri horrek Plateruenaren oinarri fundazional berak izango zituela.

Kultura eta euskara?

Kultura eta euskara dira bat, eta proiektua herritarrena izatea da bestea. Eta horrek esan nahi du herritarrak ezin direla izan gonbidatuak, baizik eta protagonistak. Eta nahi nuke hurrengo proiektua horrelakoa izatea, eta herritarrek parte hartu ahal izatea kudeaketan. Hemen antolatu den ekintza bakoitza ahalduntze saio txiki bat izan da, eta ahalduntze saio ikaragarria izan da proiektu osoa. Herritarren parte hartzea gero eta eskasagoa dela esaten gabiltzan sasoi hauetan, halako ohitura eta lan moldeak galtzea penagarria litzateke.

Plateruenako kide Igor Elortza bertsolariak Interneten esan du gaur egun baldintza hobeak daudela Plateruena sortzeko, Plateruena sortu zenean baino.

Entrenatuago gaude. Gainera, Plateruenak orain bere lekua du geure buruetan ere. Hau sortu zenean, gutxi batzuen buruan bazegoen, baina kostatu da beste batzuenetan sartzea. Orain, aitorpena eginda dago, eta falta da hau edukiz betetzea berriro ere.

Herritarrek ere babes handia eman diote.

Herritarren ekarpenei esker egin da hemen inbertsioa. Berbaro elkarteak esfortzu handia egin du, eta herritarrek ere bai, eta haiei esker udalari kristoren ekarpena egin zaio, eta orain espero dugu ekarpen hori herritarrei bueltan etortzea, eta herritar horien artean gu ere hor egongo garela pentsatzen dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©KIKO HUESCA / EFE

Kantuaren pentsalaria hil da

Mikel Lizarralde

Franco Battiato musikari italiarra zendu da, 76 urterekin. Musika esperimentalaren esparruko irakaspenak pop formatura eraman zituen, eta arrakasta handia lortu
Zazpi hilabetez egona da zerraturik Baionako Atalante zinema independentea. Hala ere, lotura hertsia izan du bere publikoarekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Film anitz, pantailak murritz

Ainize Madariaga

Egun irekiko dituzte berriz ere zinema aretoak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Zazpi hilabetez atera gabeko filmak metatu dira, eta programatzaileak kezkatuak dira.
Montero, Kulumbegaxvili, Iriarte eta Beloki, gaur, Donostiako Tabakalera zentroan. ©Jon Urbe / Foku

Dea Kulumbegaxvili zinemagilea film bat prestatzen ari da Donostian

Andoni Imaz

Hiru astez egongo da Tabakaleran, bigarren film luzearen gidoia lantzen, Donostiako Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak gonbidatuta. Zinemaldiko lau sari nagusi irabazi zituen iaz Dasatskisi / Beginning filmarekin.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Herriak biktimak maite behar ditu»

Amaia Igartua Aristondo

Minaz eta sufrimenduaz dihardu, oro har, Goikoetxearen azken lanak: 'Herriak ez du barkatuko'. ETAk hildako gizon baten alaba da narrazioko protagonista nagusia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.