Amets Arzallus Antia. Bertsolaria

«Ni osatzen eta minberatzen nautenak kantatu nahi ditut»

Arzallusek, gutxien espero den lekuan arrastoa utz daitekeela jakitun, mikrofonora hurreratuko den aldiro pentsatu nahi du ariketa horretan dagoela egun horretan gerta daitekeen ederrena.

GUILLAUME FAUVEAU.
Miren Mujika Telleria.
Sara
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Urriaren 29an igo zen AmetsArzallus (Hendaia, Lapurdi, 1983) txapelketaren trenera, Donibane Garaziko geltokian. Martxan zetorren trenera «egokitzea» zegokiola azaldu zion bezperan BERRIAri. Bertsotan egiteko «atmosfera zaila» topatu zuen bertan, eta irrist egin izanak estualdia ekarri zion gero. Estualdi horrek, ordea, gorantz bultzatu, eta gogoz joan zen Bilboko saiora. Erakustaldia eman, irabazi, eta leku bat egin zuen Nafarroa Arenako oholtzan. Bakarkako lanari begi oso batekin begiratuz eta gainerako lanakbeste begian hartuz, bere ahotsaren, estiloaren zein ikuspegiaren arrastoa utzi nahi du bere bosgarren finalean.

Astebete baino ez da pasatu Bilboko saioaz geroztik. Zer moduz zaude?

Hanka bat oraindik Bilbon edukiko banu bezala sentitzen naiz. Gustura atera nintzen bertatik. Helburu nuen finalera pasatze hori, noski. Baina pasatzeko modua onena izan zedila nahi nuen; ni ere neure buruarekin bakean sentitzeko.

Eta lortu zenuen bakean gelditzea?

Bakean gelditu nintzen, bai. Poz handi batekin atera nintzen, baina berehala ikusten duzu finala bertan dagoela eta nahiko modu prezipitatuan ari naiz saio batetik besterako trantsizio bat egiten. Ez dakit trantsizio bat egin behar dudan ere, bi saioak katean hartu nahiko nituzke. Azken batean, Donibane Garaziko finalaurrekotik Bilboko finalaurrekora hilabete baino gehiago pasatu zen, eta bigarren horretatik bi aste oso labur eta intentsitate handikoak.

Martxan zetorren tren batera igo zinen urriaren 29an, Donibane Garazin. Saioa baino egun bat lehenago, «egokitu» egin beharko zenuela esan zenionBERRIAri. Nola egokitu zinen?

Garazi ez zen geltokirik errazena izan. Uste dut atmosfera zaila zegoela bertsotarako, eta, irristada bat eginda, ahal bezala atera nintzen handik. Irristada horrek, matematikei begira, estualdia ekarri zidan gero. Finalaurrekoek, hala ere, lehen hemezortzien artean sailkatuz gero, bi aukera izaten dituzte; eta banekien Bilboko geltokia ederra izango zela, finalaren aurreko azken saioa final txiki bat izaten delako. Garazik kolore bat bazuen, guztiz kontrakoa zuen Bilbok. Horrek, nahi edo ez, eragiten dizu. Izan ere, ez da erraza finalaurrekoetako bidea, gorabeherak egoten dira aste batetik bestera, baita animikoak ere. Kontuak ibiltzen dira bueltaka, eta denak eragiten dizu. Hor saiatzen zara mantentzen zure ustezko harrizko izate horretan, baina buztinezkoa zara. Baina, tira, nire harri horri eusten, umore onean iritsi naiz.

«Ametsek finalean sartu nahi badu, gehiago erakutsi beharko du». Hori izan da, adibidez, Donibane Garaziko saioaren ondoren bueltaka ibili den kontu bat.

Bai, eta saiatzen zara aldentzen. Txapelketa bertsogintzaren beste genero bat da, urte osoan dabilkigun martxatik zeharo aldentzen dena. Orduan, halako klak bat egin behar duzu buruko makinarian, berez, ez dena erraza.

Zuk zeure burua kokatzen duzu ispilu batean, eta horrekiko dauzkazu exijentzia bat eta beldur batzuk. Zure segurtasuntxoak eta ikarak orekatu behar dira. Horri erantsita, ez da nire lehenengo txapelketa, ibilbide bat daukat, eta ibilbide horrek itzal bat egin dakizuke, presio bat sortzeraino.

Presioa sortu dizu?

Bai, baina presio hori lagun bezala hartzen dut, eta itotzen banau saiatzen naiz zentratzen nire buruan eta nire bidean. Ez da erraza izan, baina uste dut lortu dudala.

Txapelketa lehia baten antzezpen gisa bizi dut nik. Baina uste dut, batez ere, geure buruarekin ari garela lehiatzen, borrokatzen edo jolasten; nor bere buruarekin eta jendeak zuregandik espero duenarekin. Bi horiek dira zure ispilu. Dena dela, umoretik hartzen jakin dut, eta uste dut erlatibizatzen jakitea ere garrantzitsua dela.

Aurten bosgarren aldiz kantatuko duzu finalean. Zer utzi nahiko zenuke Nafarroa Arenan?

Nire sinadura, nire ahotsa, nire estiloa eta nire ikuspegia utzi nahiko nituzke. Sinadura nabarmenena bakarkako ariketan izaten da. Zuk eta eraiki duzun pertsonaiak bat egin behar dute. Matematikei begiratu gabe, garrantzitsua da bakarkako hori nork bere arrastoa uzteko. Kontziente naiz garrantzi horretaz, eta kontzientzia horretatik abiatzen dut lanketa; ahaztu gabe, noski, ofizioek eta puntu-erantzunek garrantzia dutela eta zure sinadura gutxien espero duzun lekuan utz zenezakeela. Beraz, begi oso bat bakarkako ariketetan kontzentratuz, eta gainerako lanak beste begian hartuz, ni osatzen eta minberatzen nauten gaiak kantatu nahi ditut. Mikrofonora hurreratu orduko pentsatu nahi dut ariketa horretan dagoela egun horretan gerta daitekeen ederrena.

Bakarkako lanen garrantzia aipatu duzula... Bertsokera bisual bat eraman duzu bi saioetan oholtzara. Hori landu duzu aurten?

Bertsokera arrazional bat izan dut, agian, lehenago. Baina egin ditudan bi saioetako bakarkakoak narratiboagoak edo literarioagoak izan dira akaso. Gaur egun bakarkako gaiek bide hori hartu dute. Hor ere aberastu nahi dut, eta neure buruari horretarako tresnak bilatu nahi dizkiot. Ziurrenik, duela bizpahiru txapelketa ez zitzaidan horrelakorik bururatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.