'Road movie' bat AEBetako euskaldunekin

ETB1ek 'Herri txiki, Amerika handi' saioa emango du urtarrileko igandeetan. Otsailean, ohiko 'Herri txiki, infernu handi' itzuliko da

Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga, AEBetako grabaketa batean. ORIO.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
2018. urtean, Boisen (AEB) euskara ikasten ari zen talde batek mezu bat bidali zuen posta elektronikoz Herri txiki, infernu handi saiora proposamen batekin: ea joango ote ziren bertara saioa egitera. Lau urte geroago, Herri txiki infernu handi programako lantaldea AEBetan izan da. Bost atal grabatu dituzte, eta ETB1ek urtarrilaren 1ean hasita emango du Herri txiki, Amerika handi.

Urrian egin zituzten grabaketak, Boisen hasi eta Los Angelesen amaitu zen road-movie modukoan. Luis Oiartzabal programako zuzendariak azaldu du bidaia moduko bat dela programa berria. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek euskal jatorriko pertsonak eta haien ondorengoak elkarrizketatuko dituzte, haien etxeetan. «Bidaia intentsoa izan da, baina interesgarria eta polita», esan du Oiartzabalek. «Jende zoragarria ezagutu dugu. Elkarrizketatu ditugun euskaldunek ezagutzen zuten Herri txiki saioa, eta egin diguten harrera sekulakoa izan da. Haien abegikortasuna harritzeko modukoa izan da».

Bidaian, Boisetik Nevadako beste eremu batzuk ezagutzera joango dira bi aurkezleak. Ondotik, Renon, San Frantziskon eta Las Vegasen ibiliko dira. Amaitzeko, Los Angelesko Hollywoodeko izarren pasealekura iritsiko dira.

Ohiko Herri txiki, infernu handi-ren aldean, AEBetako programan ez dago amaierako oholtza gaineko ekitaldia. Dena den, baditu saioan ohikoak diren beste osagai batzuk. «Umorea konstantea da. Bi aurkezleek hainbat ibilgailu erabiliko dituzte: ibiliko dira zaldiz, kabriolet batean eta motozale kuadrilla batekin». Saioko zuzendariaren arabera, herrialdea ezagutuz joango dira bidaia egiten duten bitartean.

Paisaiei dagokienez, oso eremu desberdinak ikusiko dira saioan: basamortua, Yosemiteko parkea, hirigune handiak... Hirien artean, esate baterako, Las Vegas. «Garai batean pilotaleku bat zegoen han, eta, itxi zutenean, hara joandako pilotariak kasinoetan lanean hasi ziren». Horietako bi elkarrizketatuko dituzte ataletako batean.

Pagadizabal eta Gurrutxaga, gainera, AEBetan denetarik egiten azalduko dira: urre bila, Kaliforniako hondartzetan jolasean, gosari amerikarrak dastatzen, pelikuletan ohikoak diren moteletan lotan eta abar.

Oiartzabal pozik dago esperientziarekin eta egindako lanarekin: «Aldez aurretik marraztutako plana bete dugu, eta gustura gaude». Eta batez ere taldea eskertuta dago AEBetan ezagututako euskaldunekin eta haien ondorengoekin. «Hango jendeak Euskal Herriarekin duen lotura berezia da. Seme-alabek bihotzean dute Euskal Herria. Detaile berezi bat izan dira entzun ditugun euskalkiak, etxean entzun dutena ikasi baitute».

Urtarrileko bost atalak eman ostean, ETB1ek otsailetik aurrera Herri txiki, infernu handi emango du bere ohiko formatuan; hau da, Euskal Herriko herrietan grabatutako atalekin. Bederatzigarren denboraldiak, edonola ere, ekarriko du ezustekoren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.