Khajidmaa Sanjaajav. B Star jatetxeko jabea

«Jendea telesailetan ikusitako platerak jatera etortzen da»

Hilabete eta erdi da Donostiako B Star jatetxea ireki zutela. Mongoliako eta Koreako platerak eskaintzen ditu, eta irekita daraman denbora gutxian bezero finkoak izatea lortu du.

JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
La Barranquesa jatetxea izan zen 50 urtez, eta, gero, after club bat izatera igaro zen. Gaur egun, ordea, B Star da jatetxearen izena, eta Donostiako Larramendi kalean dago. Kajidmaa Sanjaajaven (Ulan Bator, 1984) bi pasioak uztartzen ditu jatetxeak: Mongoliako eta Koreako platerak. Jabearen hitzetan, plater bereziak diren arren, jendeak «oso gustuko» ditu.

Nondik dator jatetxearen izena? Ez baita izen arrunta.

Nire bi semeen izenetatik dator. Zaharrena Bilegjargal deitzen da, hortik dator hasierako B hizkia. Star-ek izarra esan nahi du ingelesez, eta nire beste semearengatik da. Od-Erdene deitzen da, eta Od-ek izarra esan nahi du.

Noiz etorri zinen Donostiara?

Duela zortzi urte etorri nintzen. Nire txikitako lagun bat hemen bizi izan zen hainbat urtez, eta duela zortzi urte Mongoliara itzultzea erabaki zuen. Garai hartan, nire bizitza aldatzeko gogoa nuen, eta lagun hark hona etortzeko gomendatu zidan. Bi aldiz pentsatu gabe erabaki nuen etortzea. Bi astetan dena prest nuen etortzeko.

Mongolian zertan egiten zenuen lan?

Hamar urtez, 2011ra arte, jatetxe batean aritu nintzen lanean, antolakuntzan. Gero, Koreara joan nintzen, han bizitzeko gogoa nuelako. Asko gustatzen zitzaidan Korean bizitzea, baina ama hil zitzaidan, eta Mongoliara itzuli behar izan nuen. Mongolian hainbat lan izan nituen. Donostiara etortzea erabaki nuen gero, eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin.

Eta behin Donostiara iristean, buruan zenuen zerbait zen jatetxe bat irekitzea?

Hona etorri nintzenean, lehen hiru hilabeteak oso gogorrak izan ziren, ez bainekien hemengo hizkuntza. Helduentzako hezkuntzan eman nuen izena, eta bertan ikasi nuen gaztelaniaz hitz egiten. Irakasleek ere asko lagundu zidaten. Oraindik ere irakasle horietako baten laguna naiz. Hizkuntza ikasteak asko lagundu zidan lana aurkitzen.

Zure sustraiak zeintzuk diren erakusten duzu sukaldaritzari esker. Aurretik jendeari Mongoliako eta Koreako platerak egindakoa zara?

Bai, nire lagunentzat askotan kozinatu izan dut etxean. Herrialde askotako lagunak ditut hemen: Ukrainakoak, Nepalgoak, Kolonbiakoak... Eta asko gustatzen zaizkie nire platerak. Ez nizkien oso sarri egiten, baina izaten zuten erantzunak zera pentsatzera eraman ninduen: «Zergatik ez dut jatetxe bat irekitzen?». Ez nuen jatetxe handi bat nahi, zerbait txikia nahi nuen. Lokalen bila hasi nintzenean, hau aurkitu nuen, eta egokia iruditu zitzaidan.

Zergatik, Mongoliakoez gain, Koreako platerak?

Niri izugarri gustatzen zait Koreako janaria, eta Donostian ez dago halakorik. Txinako janaria ematen duten jatetxe asko daude, baina Txinako eta Koreako janariek ez dute zerikusirik, oso zapore desberdina dute. Duela hiru urte Madrilen egon nintzen, eta Koreako janaria jateko aukera izan nuen. Asko gustatu zitzaidan. Mongoliatik etorri nintzenetik ez nuen Koreako platerik dastatzeko aukera izan. Jatetxe hartako sukaldariak esan zidan: «Ezin duzu Koreako sukaldaritza eskainiko duen jatetxe bat ireki Donostian, han ez da jende asko bizi». Madrilgo biztanleriarekin alderatuta, noski, jende gutxiago bizi da hemen, baina horrek, nire ustez, ez du ezer esan nahi. Nik banekien zer nahi nuen.

Hirian badago beste jatetxerik zuek eskaintzen duzuena ematen duenik?

Mongoliako jende asko dago hemen, eta tabernak badituzte batzuek. Baina ez dituzte Mongoliako platerak egiten, hemengoak baizik. Adibidez, jatetxe bat badago eskarien arabera agian Mongoliako janaria egiten duena, baina ez du hori bakarrik egiten.

Nolakoa da Mongoliako sukaldaritza?

Haragi asko erabiltzen dugu, baita gari irina ere.

Eta Koreakoa?

Oso plater minak prestatzen dituzte. Asko erabiltzen da arroz orea. Hemengo sukaldaritzarekin alderatuta, oso desberdina da. Gaur egun, streaming plataformei esker, jendeak Koreako telesailak eta filmak ikusteko aukera du, eta jendea telesail horietan ikusitako platerak jatera etortzen da gurera. Plater jakinak jatera etortzen dira.

Eta jendeak zer esaten du zuen platerak dastatzean? Zein izaten da haien erantzuna?

Guk ematen ditugun platerak oso desberdinak dira hemengoekin alderatuta. Baina jendeari asko gustatzen zaizkio, egia esan. Duela hilabete eta erdi zabaldu genuen jatetxea, eta bezero finkoak ditugu, egunero etortzen direnak. Ez dira asko, baina pozik egoten dira. Gainera, iruzkin onak jasotzen ditugu Interneten. Eskaintza zabala dugu: aste barruan eguneko menua ematen dugu, eta asteburuetan eta afarietan, karta.

Zeintzuk dira arrakasta handiena duten jakiak?

Oilasko frijitua asko gustatzen zaio jendeari; ez du oso zapore mina, eta apur bat gozoa ere bada. Txahal errea da gure beste plateretako bat, eta sukaldariak egindako saltsa berezi batekin zerbitzatzen dugu.

Zenbat langile zaudete jatetxean?

Orain sukaldaria eta ni bakarrik gaude. Laguntza behar dudanetan, lagunengana jotzen dut. Sukaldariak esperientzia handia du: Korean bizi izan zen bost bat urtez, eta gero Madrilen aritu zen sukaldari, Koreako platerak ematen zituen jatetxe batean, beste bost urtez.

Baduzu etorkizunerako planik jatetxeari dagokionez?

Mongoliako eta Koreako sukaldaritzaz gain, Euskal Herriko sukaldaritza ere uztartu nahiko nuke. Horrela, bezeroek aukera gehiago izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.