Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Belaunaldi arteko ituna nola berritu?

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Gaur hasiko da, Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen eskutik eta Aubixa fundazioak antolaturik, belaunaldi arteko itunari buruzko hausnarketa saioa. Ikastaroaren antolatzaileen arabera, belaunaldi arteko ituna idatzi gabeko arau bat da, eta horren arabera helduok adingabeak eta adineko pertsonak zaintzen ditugu, pentsatzen dugulako gu zahartzen garenean helduen —oraingo haurren— belaunaldiak zainduko gaituela. Idatzi gabeko arau hori oinarrizko elementua da gure gizarteetan; hori gabe, gizarte hau, gaur-gaurkoz ezagutzen dugun moduan, ez da bideragarria. Zaintzetatik harago doa, ordea, belaunaldi arteko itun hori: badu zerikusirik errenta eta aberastasunaren birbanaketarekin ere —belaunaldi artekoa, maila handi batean—, adin talde bakoitzari zuzentzen zaion gastu publikoarekin, botere eta eragin politikoren banaketarekin, eta, zentzu zabalean, britainiarrek intergenerational unfairness edo belaunaldi arteko bidegabekeria deritzoten horrekin.

Aubixako kideek dioten moduan, mugarri saihetsezin eta mehatxagarri bat ageri da une honetan: arrakala bat zabaltzen ari da beren gurasoek eta aitona-amonek baino aukera hobeak izan eta zahartzen ari direnen, eta gaztaroan eta helduaroan sartzen hastean ziurtasunak ostu zaizkien belaunaldien artean. Datu batek irudikatzen du haustura hori: 2001. urtean, Euskadin, 35 eta 39 urte arteko gizonezkoek, batez beste, 16.000 euroko errenta zuten; 70-74 urte artekoek, 14.000 eurokoa. Gaur egun, 35 eta 39 urte artekoen errenta ertaina 21.000 eurokoa da, eta 70-74 urte artekoena, ia 25.000 eurokoa. Pobrezia egoerei erreparatzen badiegu, gazteen %10 bizi dira pobrezian, eta, 65 urtetik gorakoen artean, berriz, %4,2.

Ez da jasangarria —demografiaren ikuspegitik, ekonomiaren ikuspegitik, justiziaren ikuspegitik— familia sortu, etxea erosi, seme-alabak hazi eta munduan leku baten bila ari direnek askoz baliabide gutxiago izatea ibilbide hori egina dutenek baino. Soziologiaren ikuspegitik esan den moduan, gaur egungo gazteek horma ikusezin baten aurrean ikusten dute beren burua, baina adinekoen erreibindikazio eta beharrek —zilegi eta errealak, horiek ere— lortzen dute oihartzun handiena agenda publikoan.

Beraz, nola berritu belaunaldi arteko ituna? Hiru esparru izan daitezke zentzu horretan nagusi. Alde batetik, etxebizitzari dagokiona: beharrezkoa da etxegintza (etxeen eraikuntza, transmisioa, egokitzapena...) belaunaldi guztien beharrei lotzea, familia eta pertsona askoren ondare handiena —askotan, bakarra— etxebizitza dela jakinik. Belaunaldien arteko kontzepzioa duten etxebizitzen eraikuntza sustatzea edota etxebizitza zaintzaren truke aldatu ahal izatea aurrerapauso interesgarriak dira, jakinik gure gizartean gertatzen den ezberdinkeriarik nabariena etxebizitzaren jabetzari dagokiola, eta horri dagokionez belaunaldien arteko arrakala handia dela. Beharrezkoa da, bigarrenik, zaintzen arloan aldaketa sakona egitea: mendekotasunaren arriskua benetan partekatzea da erronka, beste giza beharretan egiten den moduan, eta horretarako beharrezkoa da zaintza eredua eraldatzea eta baliabide berriak gehitzea.

Hirugarren esparrua, zabalena, gure ongizate estatuaren eraldatzeari eta indartzeari dagokio. Ongizate estatuaren ikerlariek diotenez, hiru sistema mota daude munduan: batik bat adineko pertsonei zuzentzen zaizkienak (Espainia, kasu), lana egiteko garaian dauden helduei zuzentzen zaizkienak (Alemania, adibidez), eta belaunaldien arteko oreka mantentzen dutenak (Frantzia edo herrialde eskandinaviarrak, esaterako). Ez dago haurtzaroari bereziki zuzendutako herrialderik. Desoreka hori saihesteko, beharrezko litzateke Europako Batasunak bultzatu duen gizarte inbertsioaren ideia gure artean zabaltzea, adineko pertsonei ez ezik, haur eta gazteei ere erreparatuko dien ongizate estatu bat eraikiz. Hiritar guztiek —edo gehienek behintzat— irabaziko lukete aldaketa horrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.