martxelo otamendi
ANALISIA

Bi lege euskarri Espainian

2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Eztabaida juridiko interesgarria sortu da Kataluniako prozesua eragozteko Espainiako Gobernuak erabili beharko lituzkeen bide legalen inguruan. Fiskaltzan eta auzitegi nagusietan —Konstituzionala, Gorena, Auzitegi Nazionala, Kataluniako Nagusia...— ez da sorpresarik egongo; Kataluniako auzian bat eginda daude Espainiako Gobernuaren irizpideekin, eta iraganekoak dira diskrepantziazko boto partikularrak.

Adierazgarria da naturaren animaliarik mantsoena baino lasaiago ibili ohi den Auzitegi Konstituzionala zenbaterainoko azkartasunarekin bildu den azken hilabeteotan Kataluniako Gobernuak edota Parlamentuak hartu dituzten erabakiak indargabetu eta erabaki horien sustatzaileak mehatxupean jartzeko.

Espainiako legerian bi lege euskarri nagusi dauzka Espainiako Gobernuak Kataluniako prozesua gelditzeko: Konstituzioaren 155. artikulua eta Segurtasun Nazionaleko Legea.

Bi lege tresnak alderatuta, Konstituzioaren 155. artikulua, politikoki, rango handiagokoa da Segurtasun Nazionaleko Legea baino, Konstituzioa estatu bateko lege nagusia delako.

Bi legeen artean zein aplikatu eztabaidan, azken hilabeteotan ematen zuen Konstituzioaren 155. artikulua lehenetsiko zuela gobernuak, baina azken denboran ematen du, bat erabiltzekotan, Segurtasun Nazionaleko Legearen alde egingo duela.

Konstituzioaren 155. artikulua, irakurri aurretik besterik eman lezakeen arren, oso artikulu irekia da, garatu gabea, motza eta oso interpretazio zabalerako aukera ematen duena. Honela dio: «1. Autonomia erkidego batek Konstituzioan edo gainerako legeetan aginduriko zereginak beteko ez balitu, edo Espainiaren interes orokorrari kalte larriak egiteko eran jokatuko balu, Gobernuak, autonomia erkidegoaren presidenteari eskaera egin ondoren, eta horrek bete ezean, Senatuaren erabateko gehiengoaren onespenaz, behar diren neurriak har litzake erkidegoa behartzeko esandako betebeharrak nahitaez betetzen edo babesteko aipaturiko interes orokorra.

2. Aurreko atalean aurreikusitako neurriak betearazteko, Gobernuak jarraibideak eman liezazkieke autonomia erkidegoetako agintari guztiei».

Horixe da guztia. Ez ditu aipatzen ez mossoak, ez parlamentua desegitea, ez autonomia osorik edo partzialki etetea… Ez du gehiago zehazten, ez zeintzuk diren interes orokorrari egindako kalteak, ez autonomia erkidegoko presidentearen epea bere jarrera aldatzeko, ez zenbat egunetako epean eskatu beharko dion baimena Senatuari... Ematen du, eta horrela nabarmendu dute hainbat juristak, Konstituzioaren egileek Europako konstituzio batzuetan dagoen artikulua sartu nahi izan zutela Espainiakoan, baina ez zela sekula aplikatu behar izango. Horregatik zehaztasunik eta garapenik eza.

Artikulu horrek, zehazgabea delako, bi jarrera oso desberdin edukitzeko aukera ematen dio Espainiako Gobernuari. Jarrera leuna, zehazgabetasunak ez duelako behartzen neurri gogorrak hartzera; jarrera gogorra, zehazgabetasunak muturreko jarrera hartzeko aukera guztia ematen diolako.

Segurtasun Nazionaleko Legea, aitzitik, ezin bestela izan, oso zehatza da: 29 artikulu eta 9 disposizio dauzka. Aplikazio eremua, egutegia, «agintari funtzional» bat izendatzea… eta beste zehaztapen asko aurreikusten ditu.

Presaka adostu zuten 2015ean Rajoyk eta Sanchezek, eta krisi handietarako eta egoera larrietarako pentsatuta dago. Eraso jihadista ikaragarri eta jarraitu bat, esate baterako. Oso tramitazio erraza dauka, presidentearen erabakia da eta errege dekretu baten bidez aplika lezake gobernuak inongo ganberari baimenik eskatu gabe.

Bietako bat aplikatu behar izatekotan, Sanchez eta Rivera bigarren honen aldekoak dira, larriegia iruditzen zaielako Konstituzioaren artikulu bat, rangoagatik, aplikatzea.

Baina baliteke bietako bat ere ez aplikatzea, eta estrategia osoa inhabilitazioan eta, atzo ikusi genuen bezala, norbanako inplikatuei eragindako kalte ekonomiko jasanezinetan oinarritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.