Iturria itxi nahian

Iheslariak erreskatatzen dituzten erakundeen kontrako neurriak prestatzen ari da Europa, ekintzaile ultraeskuindarrek ontzi bat alokatu duten bitartean.

Libiatik ateratako errefuxiatu bat, Salernoko portura (Italia) iritsi berri den ontzi batean, ekainean. CIRO FUSCO / EFE.
Ane irazabal
Mediterraneo Itsasoa
2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Libian 800.000 iheslari daude Mediterraneoa gurutzatzeko prest. Italiako Barne Ministerioak emandako azken datua da. Afrikako gazte askorentzat hasierako helburua da Europara iristea. Beren herrialdetik ihes egin dute, eta itsasoa zeharkatzea azken erronkatzat dute. Beste askok, berriz, Siziliako Kanala gurutzatzeko erabakia hartu dute, Libian hainbat urtez bizi eta lan egin ostean. Itsasoaren beste aldeak aukera berri bat irudikatzen du, etorkizun duina eraikitzeko esperantza. Hala, bizitza arriskatzea merezi duelakoan daude iheslariak, Libiako itxaronaldia amesgaizto bat izan ohi baita.

Halere, alde egiten dutenak gehiago dira iristen direnak baino. Mediterraneoko hilobia hazi eta hazi egin da 2017ko lehen sei hilabeteetan. Italiako Gobernuak kalkulatu du 2.000 pertsona ito direla Europara iristeko ahaleginean. Gobernuz kanpoko erakundeentzat askoz gehiago dira.

SAR eremua da Libiako kostatik hemeretzi kilometrotik aurrera dagoen bilaketa eta erreskate gunea; hain zuzen, Libiako urak gainditu eta nazioarteko urak hasten diren eremua. Han gobernuz kanpoko hainbat erakunderen ontziak daude, Libiako kostatik ateratzen diren iheslariak erreskatatzen. Kataluniako Proactiva Open Arms elkartearentzat urte gogorra izaten ari da 2017a. «Gure helburua da itsasoan inor ez itotzea. Ez gara etorri egoera geopolitikoa konpontzera. Mediterraneoan hutsune bat dagoela ikusi dugu, hau da, Europako gobernuek bizkarra eman diotela drama honi. Gobernuz kanpoko erakundeak hutsune hori betetzera etorri gara. Nahiago genuke gure beharra egongo ez balitz», azaldu du Xabi Aranburu donostiarrak. Gazte euskalduna sorosle profesionala da, eta Proactiva Open Armseko boluntarioen trebakuntza koordinatzen du.

Erreskateak jomugan

Proactivako kideek salatu egin dute salbamendu lanetan ari diren GKE-en izena zikintzeko abiatu den kanpaina bortitza. «Oso deigarria iruditzen zait Europako hainbat mugimenduk eta gobernuk gure lana kritikatzea, haien partetik gelditasuna besterik ez dugun bitartean. Badirudi Bruselarentzat disuasio neurri bat dela iheslariak itsasoan hiltzea. Hori al da migrazioa geratzeko duten estrategia bakarra?», hausnartu du Oscar Campsek, Proactivako zuzendariak.

Baina azken hilabeteetan Proactivak eta bestelako erakunde humanitarioek kritika gogorrak izan dituzte. Besteak beste, Mediterraneoko taxiak bilakatu direla eta migratzaileen artean erakartze efektua sortzen dutela leporatu die Frontex Europako Mugen Agentziak. Italiako Lega Nord eta Frantziako Fronte Nazionala harago joan dira, ordea. Mugimendu ultraeskuindar europarrek GKE-ei leporatu diete harremana izatea Libiako trafikatzaileekin, eta erreskateak eginez aberastea. «Gezur hutsa da, baina helburua ez da egia esatea, min egitea baizik. Migratzaileen eta errefuxiatuen dramaren aurrean hezurmamitu den gizarte zibila suntsitu nahi dute», uste du Campsek.

Eta etsaiak ezkerretik zein eskuinetik hazi dira. «Oso hipokrita da gobernuz kanpoko erakundeak defendatzea. Migrazioaren krisia negozio handi bat bihurtu da askorentzat». Luigi Di Maio Bost Izar Mugimenduko lider eta Italiako diputatuen ganberako presidenteordearen hitzak dira. Italiak hauteskunde orokorrak egingo ditu 2018an, eta antikasta alderdia eskuineko hautesleak erakartzen ari da.

Horregatik, agian, Paolo Gentiloniren gobernu sozialdemokratak ere diskurtsoa gogortu du. Erromak Brusela mehatxatzeari ekin dio: «Europako kideen elkartasunik gabe, gure portuak itxiko ditugu. Ez dugu onartuko Italia bakarrik uztea». Eta ez hori bakarrik. Italia eta Europako Batasuna Jokabide Kodea delakoa prestatzen ari dira erreskate lanetan ari diren erakundeen lana hurbilagotik kontrolatzeko.

Bruselak esku artean dituen neurri berrien artean, debekatu egin nahi du GKE-ek gauez argiak erabiltzea, seinaleak bidaltzea eta iheslariak erreskatatzean ontzi handiagoetara eramatea. «Neurria onartzen bada, salbamendu operazio bakoitzaren ostean iheslariak zuzenean Siziliara eraman beharko ditugu. Ez du axolako ontzian 20 edo 200 migratzaile dauden», azaldu du Campsek. «Horrek erakunde humanitarioen presentzia gutxituko du itsasoan. Lekuko deserosoak ezabatu nahi dituzte».

Iritzi berekoa da Aranburu, eta zentzugabekoa iruditzen zaio araudi berria: «Erabaki guztiak hartzen ditugu nazioarteko itsas legeria errespetatuz eta Italiako kostazainen koordinazioaz. Jokabide kodea orain ere badago».

Edonola ere, egoera gero eta gehiago nahasten ari da Mediterraneoan. Oraingoz, polemikaz baliatu diren bakarrak Generation Identitaire (Belaunaldi identitarioa) mugimendu ultraeskuindarreko kideak dira. Marketing kanpaina handiaz baliatuz, C-Star izeneko ontzia alokatu zuten Djibutin, eta Mediterraneoa patruilatzeko ahaleginean ari dira. Lorenzo Fiato italiarra da haien bozeramailea. «GKE-en legez kontrako ekintzak kontrolatuko ditugu. Europak jakin behar du zer gertatzen ari den itsasoan», azaldu du.

Frantziako Fronte Nazionaleko gazteen mugimenduak Europa Defendatu plataforma sortu du, eta, kostazain libiarren laguntzaz, iheslariak Libiara bueltatzeko prest daudela diote. «Ez ditugu migratzaileak hiltzen utziko. Halere, haien ontziak atzematean, Libiako kostazainen eskuetan utziko ditugu», azaldu du Fiatok.

Asilo eskatzaileak ontzian

Ontzi xenofoboaren ibilbideak, ordea, hasiera surrealista izan du. Izan ere, joan den ostegunean, Ipar Zipreko Errepublika Turkiarrean geratuta zegoenean, Poliziak tripulazioa atxilotu zuen, ontzian zeuden Sri Lankako hogei tamilentzat agiriak faltsutu zituelakoan. Epaile batek errepublikatik kanporatzeko agindua eman zien, baina bost tamilek asiloa eskatu zuten, eta hamar eguneko bisa bat lortu zuten erantzuna jaso arte. Ipar Zipreko hedabideen arabera, tripulazioko kideek adierazi zuten kapitainak gezurra esan ziela, ontziarekin Italiara ailegatu eta Europako Batasunean sartzeko esperantza baitzuten. Europa Defendatu plataformak adierazi du ez duela zerikusirik gertatutakoarekin, eta, azken berrien arabera, ontziak ibilbidearekin jarraitu du Mediterraneoan.

«Txantxa txar bat dirudi, baina serio ari dira, tamalez», azaldu du Campsek. Proactivako zuzendariak behin eta berriz esan du Libia ez dela herrialde segurua iheslarientzat. «Egunero iristen zaizkigu bortxaketen eta torturen testigantzak. Onartezina da indarkeriatik ihes egiten dute pertsonak indarkeriara bueltatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.