SOSLAIA. Miguel Diaz-Canel

Boterearen eskaileran gora 30 urtez

ander perez zala
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Miguel Diaz-Canelentzat (Placetas, Kuba, 1960), ospakizun eguna da gaurkoa: 58 urte bete ditu, eta Kubako botereko eskaileraren azken mailara iritsi berri da. Pixkanaka eta soinu handirik egin gabe, gora besterik ez du egin azken 30 urteotan PCC Kubako Alderdi Komunistan, eta horrek balio izan dio Raul Castro haren aurrekoaren oniritzia bereganatzeko, eta atzo irudikatu zuten belaunaldi aldaketaren protagonista izateko: herrialdeko presidente berria.

Ibilbide luzea du politikan. Komunisten Batasun Gaztean sartu zen gazte zela, eta hortik salto egin zuen lehen kargu garrantzitsura: 1994 eta 2003 artean, Villa Clara probintziako alderdiaren burua izan zen, jarduna beste hainbat kargurekin uztartuz. Urte horietan hartu zuen sona handien PCCko buruzagien artean, eta horrek ahalbidetu zion alderdiaren Politburora igotzea —PCCren botere exekutiboa da, hamalau kidek osatua—.Eskaileraren kontrako bidea ez zuen inoiz hartu, eta, goia jo zuela zirudien arren, 2009. eta 2012. urteen artean Goi Hezkuntzako ministro izan zen, ostera Kubako presidenteorde izateko.

Diaz-Canelek hamarkadotako lerro politikoaren jarraitzailetzat aurkeztu du bere burua, eta hori izango du zeregin nagusietako bat, Castrok abiaturiko erreformetan sakontzearekin batera. Gizarteari begira, bere figura egonkortu beharko du, iraultzan parte hartu ez zuen belaunaldikoa baita, eta, beraz, askorentzat ezezaguna da. Kanpora begira, Donald Trump AEBetako presidentea izango du aurrean, bi herrialdeen arteko harremanak berriz okertzeko nahia publikoki erakutsi duena.

Diaz -Canelek bost urteko agintaldia abiatu zuen atzo, figura historikoen babesean. Ordea, PCCko sektore kontserbadoreak pisu handia du Kuban, eta Castroren urteotako erreformak mugatzea lortu du; ikusteko dago presidente hautatua noraino heltzera ausartuko den, eta joera horren kontra joango ote den. «Gizarteak gehiago nahi du», adierazi zuen presidenteorde zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.