Legez kanpo finantzatu izana aitortu du Valentziako PPren idazkari ohiak

Costak azaldu du Campsen aginduz erabili zutela diru beltza 2007ko eta 2008ko kanpainetan

Ricardo Costa —irudiaren erdian—, atzo, auzitegian sartu baino lehen. BALLESTEROS / EFE.
ander perez zala
2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Bai, egia da. PP diru beltzarekin finantzatu zen». Valentziako PPko idazkari nagusi ohi Ricardo Costak aitortu du, lehenengoz, bere alderdia legez kanpo finantzatu zela, eta «diru beltza» erabili zutela 2007ko udal hauteskundeen eta 2008ko hauteskunde orokorren kanpainetako ekitaldiak finantzatzeko. Ordea, ez du erruduntzat jo alderdiaren zuzendaritza nazionala. Fiskaltzak zazpi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu du harentzat, «hauteskunde delituengatik» eta «agiri faltsutasunagatik».

Costa atzo izan zen Auzitegi Nazionalean, Gurtel auziaren Valentziako adarraren epaiketan, eta han azaldu zuen Valentziako presidente ohi Francisco Campsen eta Valentziako Gorteetako presidente ohi Juan Cotinoren aginduz erabili zutela enpresariek emandako diru beltza: «Kanpainetako erabaki garrantzitsuenak Campsek hartzen zituen. Bi eratara ordaintzen genituen kanpainak: batetik, gorteetan ordezkaritza izateagatik lortutako diruarekin, eta, bestetik, enpresek emandako diruarekin. Enpresa horiek ziren obra publikoen adjudikazioak lortu zituztenak».

2007ko hauteskunde autonomikoetan sortutako zorra ordaintzeko zenbait enpresariren dirua jaso zuela aitortu zuen Costak:Rover Alcisa enpresaren 150.000 euro, Secopsaren 15.000 euro eta Enrique Ortizek emandako 50.000 euroak. Horrez gain, Costak adierazi zuen 2006an izan zuela lehenengoz legez kanpoko finantzaketaren berri. Ezer ez salatzeagatik damututa agertu zen, eta barkamena eskatu zuen: «Akusazioekin ados nago, eta barkamena eskatzen diet Espainiako eta Valentziako gizarteei».

Idazkari nagusi ohiaren adierazpenak jakin eta berehala ukatu zuen Campsek bere alderdia legez kanpo finantzatzeko agindua eman zuela. Gai horretaz galdetuta, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hau erantzun zuen atzo Onda Cero irratian: «Ez dakit, guri ez digute inoiz ezer esan».

Aitorpenen astea

Francisco Correak, Gurtel sarearen ustezko buruak, joan den astean aitortu zuen bere enpresari—Orange Marketi— 3,4 milioi euro eman zizkiola Valentziako PPk 2007ko eta 2008ko hauteskunde kanpainetako ekitaldiengatik; kopuru horren herena bederatzi enpresarik ordaindu zutela ziurtatu zuen, eta hori berretsi zuen atzo Costak.

Correaren ostean, Orange Market enpresaren buru Alvaro Perezek ere (El Bigotes) azaldu zuen legez kanpo finantzatu zela Valentziako PP, eta hark ere jarri zuen Camps erabaki horren atzean, Costaren ardura argitara ateratzeaz gain. Adierazpen horren ondorioz izan zen atzo Costa auzitegian, espero baino lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.