Donostiako 69. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala.

Zeluloidea oasia da

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
'Yi miao zhong/ One Second'

Zuzendaria: Zhang Yimou. Aktoreak: Zhang Yi, Fan Wei. Herrialdea: Txina. Iraupena: 104 min.

Basamortuan ibili zarete inoiz? Hurbilenik akaso dunetan, hondartzetako bazterretan, edo Bardean. Zhang Yimouren filma halakoa izango da, oasia basamortuan. Film txikia da, aurrez erakutsi dizkigun ekoizpen erraldoiekin alderatuta, xumea. Baina itxuraz baino ez, zeren bere ñabartasunetan ezkutatzen den istorioa handia, hurbila, tamaina batean epikoa baita.

Zhangek Txinako Iraultza Kulturalaren garaira eramango gaitu, eta basamortua eta herrixka txiki batean dagoen zinema aretoa izango dira kokalekuak. Bi protagonistek film baten metrajea gutiziatuko dute, arrazoi desberdinengatik. Biak jardungo dira harrapakari-harrapakin elkarri zinta eskuetatik kendu nahian.

Teknikoki oso film zaindua da; argazkia, basamortu eta errepide galduetako plano izugarriak, pertsonaiak jarraitzean kamera mugimendu ederrak... Aktoreen lana sinesgarria eta zuzena da, kontuan izanik kultura asiarra, euskaldunarekin alderatuta, askoz adierazkorragoa dela (ez da zaila ere).

Hunkigarria da oso zuzendariak zinemari egiten dion goraipamena; egun hilzorian dagoen zinemaren bizipen kolektiboari. Hori dela eta, denboran bidaiatzea proposatuko digu. Akaso, distantzia nahikoarekin, gauza izango garelako desagertzen uzten ari garen altxor horri, istorioak aretoetan kontatu eta bizitzearen esperientziari, merezi duen balioa emateko. One Second filma zinemari maitasun aitortza delako; Cinema Paradiso gogora ekar diezaguke, zinemaren esperientzia fokuan jartzen duen filmetako bat aipatzeagatik.

Galtzen ari da zinema aretoetan gozatzearen esperientzia, irrika, zirrara. Argiak itzali, fokuak piztu, aretoan zarata burrunbatsuan dagoen jendetzak pantailara begirada zoliak eraman, eta sortzen dira harridura, beldurra, malkoak eta besarkadak; ez gaude bakarrik zinema aretoan, komunitatean gaude.

Horregatik da hunkigarria Zhang Yimouren azken lana, zinema aretoan argituko direlako protagonisten nondik norakoak, pantailatik kanpo, baina pantailaren ondoan. Eta ikusiko dugu nola herri oso batek ekingo dion elkarlanean zeluloidezko pelikula oso bat garbitzeari, momentu batzuetan erritu erlijiosoaren tankera hartuko duen prozedura batean.

Egia da badela zineman eta gidoigintzan esaten duenik pertsonaiek ez dutela zertan negar egin, ikusleok egin behar dugula negar; baina berdin dio, ikusiko dugulako nola egiten duten negar protagonistek, garai gatazkatsuan bizi direlarik, eta ulertuko dugu. Zeluloidea izango da haien lasaigarria. Eta, une bakar batez bada ere, baita gurea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.