Eskubideen aldeko jarduna, auzitara

«ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita, 47 pertsona auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak. EPPKren bitartekariak, abokatuak, eta Etxerat, Jaiki Hadi eta Herrira-ko kideak dira

Hodei Iruretagoiena.
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita, 47 euskal herritar auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Euskal presoen eskubideen aldeko lanean jardundakoak dira denak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari gisa arituak, presoei asistentzia juridikoa ematen dieten abokatuak, osasun asistentzia ematen dietenak —Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoak—, senideak —Etxerat elkarteko kideak—, eta Herrira-n presoen giza eskubideak aldarrikatzen ibilitakoak. «Erakunde terroristako kide» izatea egozten diete ia denei, Naia Zuriarraini izan ezik; «laguntzaile» izatea leporatu diote hari. Hala, 2013ko irailean hasitako polizia operazioen soka auzi bakarrean bildu du Eloy Velasco epaileak: 11/2013 sumarioan. Beste makrosumario bat, orain, euskal presoen babesaren aurka.

Maiatzaren 10erako deitu ditu Velascok auzipetu guztiak, lehenengo deklarazioa hartzeko. Emilie Martinen kasuan —Ipar Euskal Herrian bizi da—, gainera, euroagindu bat eman du hura bilatu eta atxilotzeko, Herrira-ko «buruzagi» dela argudiatuta.

Epailearen esanetan, «ETAren espetxe fronteko kideak ziren denak, eta «ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia» zutela. Baita haien jarduerak «ETAren helburuei» erantzuten ziela ere. 2003an jarri du Velascok abiapuntua, urte hartan EPPK-k bere burua moldatu zuela, eta, ordutik aurrera, «ETAren tresna berri bat» izan dela esanda.

Orduan sortu zuten, Velascoren arabera, «KT Koordinazio Taldea», EPPKren «zuzendaritza egitura» gisa, ustez «espetxeetako frontea» osatzen zuten gainerako erakundeekin eta ezker abertzalearekin harremanak egiteko. Hor kokatu ditu kolektiboaren bitartekari gisa aritu direnak; esaterako, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak, biak «zuzendari» graduan. Kartzelan dago Zulueta gaur egun, eta martxoan utzi zuten aske Enparantza; biak denbora luzez bakartuta izan dituztela salatu dute ingurukoek.

Zulueta, Enparantza eta Zuriarrain beste auzi batean ere badaude auzipetuta, beste sei lagunekin batera, 2010eko sarekada baten ondorioz. Hain zuzen, asteartean jakinarazi zituen Jose Perals fiskalak haien aurkako eskaerak: hemeretzi urte Zuluetarentzat, hamabi Enparantzarentzat, eta 11 Zuriarrainentzat. Hor ere «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diete; beraz, batean edo besteak epaitu behar lituzkete, delitu bera egozten dietelako bi auzietan.

ETArekiko lotura

Velasco epaileak 104 orriko autoan azaldu duenez, «KG Koordinazio Gunean» biltzen ziren «espetxe frontea» osatzen zuten erakundeak: Herrira, Etxerat, Jaiki Hadi, abokatuak eta EPPKren bitartekariak. Hor, hala ere, badu ahulgune bat Velascoren tesiak: «Sumario honetan atzemandako dokumentazioan ez da aurkitu ETAren eta Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko inongo daturik».

Horrela eman dio buelta epaileak ahulgune horri: «Aurkitutako dokumentuek erakusten dute Koordinazio Gunean parte hartzen zuten guztiek bazekitela Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela». Beraz, bitartekariek ere «Koordinazio Gunearen» bileratan parte hartzen zutenez, denak dira «erakunde terroristako parte», Velascoren argudioen arabera.

Behin lotura hori eginda, elkarte edo erakunde bakoitzaren lana zein izan den azaltzera mugatu da epailea: nola antolatzen diren, zein funtzio dituzten... Abokatuen kasuan, esaterako, presoekin (bezeroekin) «errondak» (bisitak) egiten zituztela nabarmendu du. Asistentzia juridiko eta «politikoa» ematen zietela horrela, «doktrinatu» egiten zituztela presoak... Gogoan hartzekoa da, legez, presoen eta abokatuen arteko bisitak konfidentzialak direla. Herrira-ri dagokionez, berriz, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako «antolaketa hutsunea» bete zuela dio epaileak, nahiz eta onartu ez duela dokumentaziorik aurkitu ETArekiko lotura frogatzeko.

Pieza ekonomikoa

Sumario berean, aparteko pieza batean sartu du Velascok auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotua. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrira-ri.

2013ko irailetik dator auzia. Orduan egin zuten Herrira-ren aurkako operazioa, hemezortzi lagun atxilotuta. Handik gutxira atera zuen EPPK-k agiria, lege baliabideak erabiltzearen aldekoa. Preso eta iheslarien aldeko urtarrileroko manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengo operazioak: 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkakoa, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

«Jazarpen politikoa» salatu du Sortuk. «[Espainiako] Estatuak bortizkeria baliatzen du herri honi hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko. Herri honen gehiengoak bortizkeria hau amaitu beharra aldarrikatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.