Foresten ondarea, betiko

Eusko Jaurlaritzak eta EHUko Euskal Kriminologia Institutuak tortura ikertzeko bultzatutako proiektura jaso dituzte Eva Forest zenak 1980ko hamarkadan jasotako testigantzak. 122 lagunen kasuak aurkitu dituzte, audio, bideo eta idatzietan. Materiala digitalizatzen eta gordetzen ari dira.

Paco Etxeberria eta Alfonso eta Juan Sastre, familiaren Hondarribiko etxean (Gipuzkoa), Eva Forestek jasotako materiala aurrean dutela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Hondarribia
2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Nire etxean atxilotu ninduten 1974ko irailaren 16an, ordu bata aldera, liburu batzuen inguruan (Operación Ogro) deklarazioa hartzeko aitzakiarekin...». Halaxe hasten da Eva Foresten tortura testigantza, Forestek berak Testimonios de lucha y resistencia liburuan jasoa (Mugalde, 1977). Urte hartako azaro amaieran, Eduardo Sanchez lagunarekin aurrez aurreko bat jarri zioten kartzelan. Bi hilabete inkomunikatuta zeramatzan Sanchezek. «Oso ukituta itzuli nintzen, zaurituta [...] pertsona bat nola hustu daitekeen ikusi duenaren amorruz eta inpotentziaz», kontatzen du liburuan: «Lehen aldiz ulertu nuen torturaren kaltearen larritasuna; zer egin daitekeen banako batekin inkomunikazio zorrotzaren menpe jarrita, fisikoki 'ukitu' gabe, eta ulertu nuen gidatutako galdeketen izugarrikeria [...] Eduardorekin aurrez aurrekoa izan nuenean erabaki nuen, zailtasunak asko izan arren, denok inguratzen gaituen arriskuaren eta benetan dauzkagun mehatxuen gainetik, horren guztiaren gainetik, salatu egingo nuela ahal bezain azkar. Eta horrela egin dut».

1977ko amnistiarekin kalera aterata, hil edo biziko gaia bihurtu zitzaion Foresti torturarena. Torturatutako emakumeen 30 testigantza jaso zituen liburu hartan, eta beste hamaika ondorengo urteetan. Torturatuen ahotik, lehenengo pertsonan. Orain arte, Forest hil eta gero ere, haren Hondarribiko (Gipuzkoa) etxean egon dira, kutxetan gordeta: argazkiak, makinaz idatzitako testigantzak, kasetean jasoak, bideoan... Informazio orokorragoa ere bai: aldizkariak, prentsako artikuluak...

Azken asteetan, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza lantaldeak eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak bultzatutako taldea aritu da Foresten dokumentazio guztia ikertu, eskaneatu eta digitalizatzen, Paco Etxeberria auzi medikua buru dela. 122 lagunen testigantzak aurkitu dituzte; gehienak, 1980ko hamarkada hasieran atxilotutako pertsonenak. Balio handikoak, Etxeberriaren hitzetan: «Honek ahalbidetzen digu betiko salbatzea zinta horietan dagoena».

Aranzaditik Hondarribira

Goizeko hamarretan atera dira Paco Etxeberria auzi medikua, Laura Pego jurista eta Maider Urretabizkaia kriminologia ikaslea Aranzadi zientzia elkartetik (Donostia), Eva Forest zenaren etxerantz. Maletategian sartu dute hark urtetan jasotakoa, dozena bat kutxatan: Tortura 81-82, Infierno de Almeria... Gidatzen ari dela, proiektuaren nondik norakoak azaltzen hasi da Etxeberria BERRIAri: 1960tik 2013ra arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek jarritako salaketak ikertu nahi dituzte, «zientifikoki egiaztatu» eta «ondorio politiko eta judizialik» izan lezaketen aztertzeko. Eusko Jaurlaritzaren bake planean jasoa dago torturari buruzko ikerketa. Otsailean eman zuten azkenengoz joan den urtean bildutako kasuen berri: 3.587 kasu jaso zituzten, eta 2.820 horietako aztertuak zituzten ordurako. Etengabe aritu dira lanean geroztik. «Atzo lau testigantza grabatu nituen», dio Etxeberriak. «Badaude batzuk lau, bost, sei aldiz atxilotu dituztenak. Bat, hamazazpi aldiz atxilotu zuten». Datorren urtean emango dute 2015eko lanaren balantzearen berri.

Urretabizkaia aritu da digitalizatze lanetan. 21 urteko Kriminologia ikaslea da, eta udan hasi zen proiektuan, praktiketan. «Pacok esan zidan jarraitu nahi ote nuen, eta jarraitu dut. Jarraituko dut denak digitalizatzen bukatu arte. Jendea konturatu denean zertan ari garen, kasete gehiago iritsi dira. Egunero jasotzen ditugu oraindik». Garrantzitsua da Etxeberriarentzat jende gaztea ere aritzea lanean: «Dokumentazio bat aurrean jarri, eta berak tratatzen du, ikusten duenaren inguruan ematen du iritzia. Horrek badu interes bat, batzuek esaten dutelako: 'Hor datoz betikoak'. Eta hau guztion arazoa da».

Gazteenak agertu du kezka gizarteak tortura ikusteko duen moduaz: «Bada jendea hau guztia sinesten ez duena». Pegok gogora ekarri du halako salaketetan, %0,01 soilik izan ohi direla faltsuak. Hala ere, badago ez sinesteko joera, adituen hitzetan; edo okerrago, justifikatzekoa. Ez da atzo goizeko kezka. Forestek utzi zuen idatzia: «Tortura gerta dadila uzten duen gizarte bat tortura bera existitzea baino larriagoa da. Torturatuak badu bere duintasuna. Zer gertatzen zaio ez ikusiarena egiten duenari?».

Errealitate hori gertutik ikusi ezean, ordea, beste aldera begiratzeko arriskua egon badago. «Ezjakintasunean bizi dira», dio Etxeberriak: «Ez dut inor ezagutzen, arazo honetara hurbildu eta gezurra dena ondorioztatu duenik». Gerturatu, ordea, gutxi gerturatzen dira beren kabuz. «Poliziak eta barne ministerioek bultzatutako kanpainaren arrakasta erakusten du horrek». Hausnarketa horietan murgilduta iritsi dira hirurak Forest eta Sastre familiaren etxera.

Forest eta Sastreren etxean

Sastretarren hiru belaunaldi dituzte zain Bidasoa ibaiaren ertzeko etxean: Juan eta Larrun, etxe atarian. Kutxak hartu, eta etxeko azken solairura igo dira denak. Han dago Alfonso Sastre, idazle eta antzerkigilea, Foresten bikotekidea, liburuz betetako hormen artean. Kutxetan ekarritako materiala mahai gainera atera, eta egindako lanari buruzko azalpenak ematen hasi da Etxeberria.

Kaseteak, makinaz idatzitako testigantzak, argazkiak, bideoak eta bestelako materiala hartu, digitalizatu, eta CDetan bildu dute guztia. Kasu bakoitza bere CDan, informazioa Foresten artxibotik jasoa dela adierazita. Denera, 1980ko hamarkadan atxilotutako 122 pertsona daude. Txosten bat ere prestatu dute informazio guztiarekin.

Artxibo garrantzitsua dela nabarmendu dute adituek: kantitateagatik eta kalitateagatik. Lazkaoko beneditarren zentroan, adibidez, kasu bakan batzuk aurkitu dituztela azaldu dute, baina ez dela erraza, kolpera, hainbeste testigantza aurkitzea. Garai hartakoak, gainera. 1995etik aurrera, TAT Torturaren Aurkako Taldeak sistematikoki jaso zituen atxilotuen testigantzak, baina 1980ko hamarkadako gutxi dauzkate. «Garrantzitsuak dira garai hartara gerturatzeko», dio Etxeberriak. Denboran atzera eginez gero, gero eta zailagoa baita testigantzak biltzea; 1970eko hamarkadakoak, esaterako, oso gutxi daude. Orain ere ari dira orduko atxilotuen kontakizunak jasotzen, baina balio handiagoa du atxilotu eta gutxira emandakoak, zehatzago kontatzen baitute dena orduan torturatutakoek.

Informazioa artxibategian gorde eta ikertzeaz gain, testigantza eman zutenei ere bidali diete kopia bana, haiekin kontaktatu ahala. Etxeberria: «Badago jendea ez zena gogoratu ere egiten Forestekin egon zela testigantza ematen». Sastre-Forest familiari ere emango diote digitalizatutako materiala: «Zoragarri. Zorionak», dio Alfonso Sastrek: «Nik arretaz gordeak nituen, baina ez zuten ezertarako balio. Gertatu dena gertatzeko zain nengoen, eta oso pozik nago». Torturaren aurkako Foresten ondarea, orain, ondo gordea geratuko da betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.