Roglicek lehia hormatu du

Pogacar gailendu da Vueltako hamahirugarren etapan, Machucosen. Harekin helmugaratu da Roglic, eta lasterketa ia erabakita utzi du

Primoz Roglic eta Tadej Pogacar, atzoko etapan. JAVIER LIZON / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Vuelta irabazteko lehia hormatu zuen atzo Primoz Roglicek (Jumbo Visma), Machucoseko horman. Igoera bikaina egin zuen, Tadej Pogacar (UAE) herrikidearekin batera, eta atzean utzi zituen aurkari nagusiak. Miguel Angel Lopez (Astana) zen esloveniarraren mehatxu behinena, baina minutuko atzerapena izan zuen helmugan. Alejandro Valverdek (Movistar) eta Nairo Quintanak (Movistar), berriz, 27 segundo galdu zituzten. Hori horrela, lasterketa ia erabakita utzi zuen Roglicek, Paueko (Okzitania) erlojupekoan emaniko kolpe handiaren ostean. Lidergoa sendotuta asetu zen, eta ez zion Pogacarri esprinta lehiatu.

Sekulako maila ari da ematen UAE taldeko gaztea: bigarren etapa garaipena lortu, eta podiumeko postuetan sartu zen. Hirugarren da orain, Roglicengandik 3.01era. Bosgarren zen atzoko etaparen aurretik, baina aurrea hartu zien kolonbiarrei. Lopez laugarren postura jausi zen, eta Quintana, bosgarrenera. 3.18 eta 3.33ko atzerapena dute, hurrenez hurren. Bigarren postuan Valverde dago oraindik, 2.25era.

Bilbotik (Bizkaia) irten eta kilometro batzuetara, 29 ziklistako multzo handi batek egin zuen ihes. Bertan zen Mikel Bizkarra (Euskadi-Murias), baina ez zion luzaro eutsi. Borroka handia izan zen ihesaldian, bigarren mailako Ason eta Alisas mendateetan batez ere. Azken horren jaitsieran, erasoa jo zuen Hector Saezek (Euskadi-Murias).

Espainiarrak Machucosera arte eutsi zion apustuari, edonoren sugarra hozteko moduko igoera baita: %9,2ko batez besteko pendiza du, eta %25eko zenbait aldapa. Hala gertatu zitzaion Lopezi ere. Astanak alimaleko lana egin zuen haren alde, baina kolonbiarrak kale egin zuen. Esloveniarren erritmoak Quintana eta Valverde ere kamustu zituen, baita ihesaldia helmugaraino eramatear izan zen Pierre Latour (Ag2r) ere.

Gaurkoa etapak 188 kilometro ditu, eta mendate puntuagarri bakarra: hirugarren mailako La Madera. Esprinterrentzat baino, egokiagoa da ehiztarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.