Sareren Bilboko manifestazioa, BERRIAn eta Hamaikan

Mobilizazioaren zuzeneko irudiak ikusi ahalko dira bihar, 16:30ean hasita. BERRIAk zortzi orrialde eskainiko dizkio igandean gaiari

Ikur berriarekin aldarrikatuko dituzte presoen eskubideak. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Etxera bidea gertu lelopean, Sare Herritarrak manifestaziora deitu du biharko Bilbon. Lelo hori irudikatzeko, bi gezi dituen ikur berri bat aurkeztu dute aste honetan Etxerat-ek eta Sarek. Eta ikur horrek ordezkatuko du aurrerantzean Euskal presoak Euskal Herrira leloa. Gainera, biharko manifestazioa berezia izango da, euskal presoen artean gehienak Euskal Herriko espetxeetan baitaude. Baina bada zer aldarrikatu: eragileek dei egin dute gradu aldaketan indar egiteko. Sareko bozeramaileek ohartarazi dute kezkatuta daudela gradu progresioen «urratzearekin». Gauzak horrela, milaka herritar espero dira bihar Bilboko manifestazioan, eta BERRIAk eta Hamaikak zuzenean emango dute.

Hamaikak zuzeneko telebista saioa hasiko du, 16:30ean. Emankizun hori bera BERRIAren webgunean ere ikusi ahalko da, 19:30 inguruan amaitzen den arte. Halaber, BERRIAk testu kaier bat izango du webgunean, zuzeneko kontakizuna egiteko. Interneteko sare sozialetan manifestazioaren berri emango dute BERRIAko kazetariek —17:00etan da abiatzekoa—. Bukaeran, Berria Telebistak bideo bat egingo du, mobilizazioaren irudi esanguratsuenekin. Igandeko BERRIAn presoen egoeraren ingurukoa izango da gai nagusia, eta zortzi orrialde eskainiko zaizkio gaiari.

Kanaldudek ere emango du

Hamaika telebistaren hiru orduko emankizunean, solasaldi bat egingo dute platoan. Ekhiñe Atorrasagasti telebistako eduki arduradunak gidatuko du, eta Miren Legorburu eta Karlos Renedo arituko dira analista gisa. Bestetik, Hamaikaren hainbat berriemaile ibiliko dira Bizkaiko hiriburuko kaleetan, zuzeneko konexioak egiten. Zabalburuko geldiunean ordezkariek egindako hitzak jasoko dituzte, baita herritar askorenak ere. Emankizunean «kaleko ahotsa» entzungo dela iragarri du Hamaikak. Amaierako ekitaldia ere zuzenean emango du telebistak.

Hiru orduko emankizun horretan, gainera, Eguberrietan Sarek antolatu dituen mobilizazioen irudiak tartekatuko dituzte.

Biharko manifestazioaren irudi bilduma Interneteko sare sozialetan zabalduko du Hamaikak. Eta saioa, LTD bidez eta kable bitartez ikusteaz gain, Hamaika.eus/zuzenean helbidean ikusi ahalko da. Telebista konektatuen aplikazioaren bidez ere jarraitu ahalko da emankizuna.

Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Kanaldude telebistak ere zuzenean emango du Hamaikaren programa. Horrenbestez, Euskal Herri osoan eta mundu zabalean ikusi ahalko dira manifestazioaren irudiak eta bertan parte hartuko dutenen hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.