Euskaldunen artean asko jaitsi da telebista konbentzionala

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaldunen artean, telebista tradizionalaren kontsumoa 19,5 puntu jaitsi da azkeneko hamarkadan

Euskaldunen artean asko jaitsi da telebista konbentzionala.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ahoz aho dabilen kontua da herritarren telebista ikusteko modua aldatu egin dela azkeneko urteetan. Herritar euskaldunen kontsumo datuak oso esanguratsuak dira: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaldunen %73,8k ikusten zuten telebista konbentzionala (ETB, Tele5, La Sexta...) 2012. urtean. Hamarkada bat geroago, ia hogei puntu jaitsi da ehuneko hori: %54,3raino.

Jaitsiera txikiagoa da hiru herrialdeetan bizi diren herritar guztiak aintzat hartuz gero: %76,9tik %61,8ra. Jaitsiera esanguratsua da, edonola ere.



Horrek ez du esan nahi ikus-entzunezko eduki gutxiago ikusten direnik, baizik eta kontsumoa aldatu egin dela. Izan ere, streaming plataformen kontsumoa asko handitu da azkeneko bost urteetan. Behategiaren urtekarian argitaratutako datuen arabera, 2018an Hego Euskal Herriko herritarren %19,59 zeuden harpidetuta plataforma horietara, eta 2021ean %50era iritsi zen ehunekoa. Gazteen datuak argigarriagoak dira: iazko Behategiaren datuen arabera, 14-24 urte bitarteko hamar gaztetik ia zortzik streaming plataformetako edukiak ikusten dituzte; eta 25-34 urte artekoen artean, hamarretik zazpi dira. Ikusiker inkestaren arabera, gazteen erdiak baino gehiagok astean 3-5 aldiz edo maizago erabiltzen dituzte plataforma horiek. Edukiak euskaraz ikusten dituzten gazteak, ordea, %0,7 baino ez dira.

Kate jeneralistak, behera

Telebista konbentzionalaren eskaintzari dagokionez, kate jeneralistek beherantz egin dute azkeneko hamarkadan, eta gaikako kateek gorantz egin dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %66,5ek ikusten zituzten kate jeneralistak 2012an, eta, hamar urte geroago, %58,2 dira. Horrenbestez, 8,3 puntu egin dute behera kate jeneralistek. Gaikako kateak herritarren %33,5ek ikusten zituzten 2012an, eta, hamar urte geroago, %41 dira —beraz, zazpi puntu eta erdi igo dira gaikako kateak—.

Hamarkada horretan beherantz egin dute telebista jeneralisten ikus-entzule kopuruak. Euskaldunen artean, edonola ere, ETB1en ikusle kuota %4tik %5,1era igo da azkeneko hamarkadan —herritar guztiak aintzat hartuz gero, ia ez da aldaketarik egon: %2,1etik %2,2ra—.

Beste alde batetik, nabarmena da podcasten kontsumoaren hazkundea: Ikusiker behategiak 2022ko udaberrian egindako inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko unibertsitate ikasleen %71,9k podcastak entzuten dituzte. Bigarren hezkuntzako 12-17 urte arteko ikasleen %49k kontsumitzen dituzte podcastak. Kontsumo hori batik bat sakelako telefonoetan egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.