ETB1ek azken 20 hilabeteetako daturik txikiena izan du otsailean

ETB1ek %1,6ko ikusle kuota bereganatu du, iaz garai berean baino lau hamarren gutxiago. 'Bostekoa' saioa ekainerako gordeko dute

ETB1ek azken 20 hilabeteetako daturik txikiena izan du otsailean.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Nahiz eta eskuz binakako txapelketako hainbat partidatan ikusle asko bereganatu dituen, ETB1ek oso datu apalak izan ditu otsailean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %1,6ko ikusle kuota bereganatu du euskarazko kateak, iazko otsailean baino lau hamarren gutxiago. 2017ko ekainetik kateak izan duen batezbesteko txikiena izan da, gainera. Eskas samar hasi du urtea ETB1ek: iazko uztailetik abendura ez zen %2tik inoiz jaitsi, baina abendutik urtarrilera lau hamarren egin zuen behera, eta otsailean beste bi hamarren galdu ditu.

2018. urtean, ETB1ek %2,28ko ikusle kuota lortu zuen —hamarkada osoko batezbestekorik onena—. Urtarrileko eta otsaileko datuen joerak jarraituz gero, zail izango du euskarazko kateak iazko ehunekoa gainditzea.

ETB1en zailtasunen sintoma bat Bostekoa saioarekin gertatutakoa izan daiteke; otsailaren 21ean estreinatu zuten, eta %0,4ko ikusle kuota baino ez zuen izan (3.000 ikus-entzule). ETBko iturriek esan dutenez, Aitor Zubietak aurkeztutako saioan hobekuntza batzuk egingo dituzte, eta udaberri amaieran hasiko dira berriro ematen. Osteguneko prime time-an, Joseba Argiñanok aurkeztutako saio bat estreinatuko dute datorren astean.

ETB2n, 'El conquis'

ETB2 kateari dagokionez, otsailean %7,9ko batez besteko ikusle kuota lortu du, iaz hilabete berean baino zazpi hamarren gutxiago. El conquistador del Pacífico ikusle datu oso onak ari da lortzen. Horrek urtarrilean izan zuen eragina, ETB2 %8,7ko ikusle kuotara iritsi baitzen. Otsailean, berriz, iazko abenduko ehuneko bera errepikatu du gaztelaniazko kate publikoak.

El conquistador del Pacífico-k aste honetan %21,9ko ikusle kuota erdietsi du —312.000 lagunek ikusi zuten uneren batean—. Zazpi aste daramatza bere ordutegian lider. Reality-aren inguruko eztabaida saioa ere datu onak ari da bereganatzen asteazken gauetan.

ETB3 kateak %0,3ko ikusle kuota izan du otsailean, aurreko hilabetean bezala. Eta ETB4k ere urtarrileko datua errepikatu du: %0,6ko ikusle kuota.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak egunean hiru ordu eta 55 minutu pasatu zituen telebistaren aurrean.

Katalunian, bestalde, datu ikusgarriak bereganatu ditu TV3 katalanezko kateak: %16,2ko ikusle kuota. Azkeneko hamabi urteetako otsail onena izan da TV3entzat, eta 2017ko urritik lortutako batezbestekorik onena. Epaiketaren eta Bartzelona-Real Madril futbol partidaren ikusminaz gain, nabarmentzekoa da Polònia umore saioak herenegun %24ko ikusle kuota lortu zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.