Opus Lirica konpainiak oholtzara eramango du 'Orfeo eta Euridize' opera

Bihar eginestreinatuko dute operaren estreinaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Obra klasikoa da, baina eszenografia berezia landu dute

Mezzaro, Garmendia eta Amo, operaren eszena batean. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Donostiako Opus Lirica konpainiak denboraldiko bigarren opera estreinatuko du bihar. Christoph Willibald Glucken Orfeo eta Euridize obra klasikoa hautatu dute emanaldirako, eta nabarmendu dute inoizko taularatzerik ausartena egingo dutela. Izan ere, obra ez da oso ezaguna, baina istorioari «irakurketa gaurkotu bat» egin diote. Horregatik, ongi zainduko dute taula gaina: Nafarroako Opera Ganberarekin landu dute argiztatzea, eta garrantzi handia eman diete jantziei: «Rocketik du eszenografiak: iluna da, danteskoa, eta argi-itzal asko ditu», azaldu du Marta Egilior eszenografia zuzendariak. Estreinaldia beste elkarlan sendo baten ondorio ere bada: hitzarmena sinatu dute DOZE Donostiako Opera Zaleen Elkartearekin. Donostiako Viktoria Eugenian estreinatuko dute obra, bihar, eta igandean ere ikusgai izango da.

Greziako mitologian oinarritutako opera bat da Orfeo eta Euridize, eta Gluckek bihurtu zuen opera, 1762an. «Edertasunaren zentzuaren norabidea galduta zegoenean idatzi zuen obra», azaldu du Alicia Amo sopranoak. Hain justu, barrokoaren eta neoklasizismoaren artean estreinatu zen obra, eta garai baten eta bestearen aldagaiak nabari dira. Lehen bertsioa italiarra da, Veneziakoa, baina Opus Lirica bigarren moldaketan oinarritu da; 1774an Parisen egindakoan.

Maitasun istorio bat da operaren ardatza: Orfeok emazte Eurizide galtzen du, eta Amorek esaten dio bere bila joan daitekeela infernura, baldin eta begietara begiratzen ez badio. «Sarkasmo handi bat da. Amore ez da dirudien bezain ona. Jainko greziarrek egiten zuten moduan, berak ere lurtarrekin jolasten du», azpimarratu du Egiliorrek. Maitasuna eta heriotza, biak dira Orfeoren alter ego-ak, eta batak zein besteak jokatzen dute protagonistaren pasioarekin. Amok egiten du Amoreren papera, Matteo Mezzaro tenorrak Orfeorena, eta Ainhoa Garmendia soprano eta Opus Liricako zuzendariak egingo du Euridizerena.

Ez da Garmendiak rol hori jokatuko duen lehen aldia, baina bai oholtza gainean antzezten duen aurrenekoa. Lehenago, Juan Diego Florez tenor lirikoarekin egin zuen grabaketa, 2007an. Bazuen obra taula gainera eramateko gogoa: «Asko gustatzen zait opera honen musikaltasuna, eta eszenografia ere sekulakoa izango da».

Mezzarok lehen aldiz egingo du Orfeorena, baina bigarren aldiz arituko da konpainiarekin. «Tenorrontzat pieza zaila da. Kontratenor lana egin behar dut, eta, gainera, lehen pieza Orfeok abesten du ia osorik. Nekagarria da, baina oso pozik nago egin behar dudan lanarekin», nabarmendu du. Amok ere erronka gisa hartu du bere rola: «Gehien gustatzen zaidana nire pertsonaiaren anbiguotasuna da; maskulinoaren eta femeninoaren artekoa, onaren eta txarraren artekoa eta zeruaren eta infernuaren artekoa».

Pertsonaia nagusiak horiek izan arren, DOZEren abesbatzak ere parte hartuko du. Carmen de las Cuevas elkarteko zuzendariak esan duenez, 30 lagun arituko dira, Jagoba Fadriquek zuzenduta. «Abeslariak izateaz gain, garrantzitsua da aktore lanak egitea. Eta, talde amateurra izan arren, abesbatzak lortu du ardura hori bere gain hartzea», azaldu du Egiliorrek. Orkestra zuzentzen, berriz, Lara Diloy arituko da.

Hiru andre opera zuzendari

Hala, Opus Liricak lehen aldiz aurkeztuko du hiru emakumek zuzendutako opera bat. «Ez da nahitara bilatutako zerbait, baina hala suertatu da oraingoan, eta oso pozik gaude», nabarmendu du Garmendiak. Berak hartu du zuzendaritza artistikoaren ardura, Egiliorrek oholtzako zuzendaritza, eta Diloyk orkestrarena.

Aldagai horiengatik guztiengatik, berezia izango da biharko estreinaldia Opus Liricako kideentzat. Obra ezezaguna izan arren, apustu handia egin dute taula gaina ahalik eta ikusgarriena izateko: bideo proiekzioak egingo dituzte, eta argiek eta jantziek ikusgarritasuna izango dute. Horretarako, ezinbestekoa izan da Opus Liricaren, DOZEren eta Nafarroako Opera Ganberaren elkarlana.

'ORFEO ETA EURIDIZE'

Non. Donostiako Viktoria Eugenian.

Noiz. Bihar 20:00tan, eta igandean 19:00tan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.