Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Treixaduraren bikaintasuna

2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Duela ez hainbeste urte arte, Galizian Rias Baixas sor-marka zen erregina, eta Ribeiro anaia txikitzat hartzen zuten askok eta askok. Ribeira Sacra, Monterrei eta Valdeorras askorentzat existitu ere ez ziren egiten. Gaur egun, gauzak asko aldatu dira, ordea.

Ribeiro sor-marka Galiziako sor-markarik zaharrena da. Ourense probintziaren ipar-mendebaldean, Miño, Avia eta Arnoia ibaiek bat egiten duten tokian. Atlantikotik berrogeita bost kilometrora dago, beraz, itsasoaren ukituak izaera berezia eta aparta ematen die lur horiei, oso egokiak bilakatuz mahastiak ezin hobeto lantzeko.

Gogoratzen dut duela sei bat urte, hemen bertan idatzitako artikulu batean, Fica Viñoa goraipatu nuela; hainbat upategi nabarmendu dira haien ardo bikainak erakutsiz: besteak beste, Emilio Rojo, Viña Mein, Casal de Arman eta haren 7 Cupos ardo bikaina, Jose Luis Cuerda zinemagilearen San Clodio... eta gaur hona ekarri dudan Ramon do Casar.

«Gutariko guztiok erabakitzen dugu non gorde gure ametsak». Ramon Casarrek eta haren familiak haien ametsak upategi batean gordetzea erabaki zuten, bertan egiten diren ardoen jatortasuna babesteko eta goratzeko pentsatutako upategian, hain zuzen ere.

Eraikina inguruko beste eraikinen oso antzekoa da, inguru ederrean integratuta, Miño ibaiaren ertzean dagoen maldatxo batean, mahastiz inguratua.

Ramon do Casar upategian, beste Ribeiroko askotan bezalaxe, treixadura mahatsa da nagusi, baina albariño eta godello mahatsek ere badute toki garrantzitsua bestearen ondoan.

Upategiko hiru ardo nabarmendu nahi nituzke: Ramon do casar, Ramon do Casar Treixadura eta Ramon do Casar Nobre.

Lehenengoa lehen aipatutako hiru mahats motak nahasiz eginikoa da. Ardo orekatua bezain freskoa eta dotorea. Sagar berdea nabarmentzen bada ere, mertxika aroma ere agertzen da, ukitu baltsamiko batekin batera. Ahoan bikaina da, orekatua, luzea eta frutari protagonismoa ematen dion freskotasun bikaina erakutsiz.

Ramon do Casar Nobre ere ardo ederra da. Frutaz gainera, zurak ematen dion izaera ere agertzen da ardoan, gurina, fruitu lehorrak eta iltze ukituez. Horretan, fruta askoz helduagoa agertzen da, freskotasuna zertxobait galduz.

Baina denen artetik, treixaduraz eginikoa da upategiko bikainena, nire ustez. Ardo konplexua da, bikaina, dotorea. Menda eta eukalipto ukituek ematen dioten izaera berezia erakutsiz. Ahoan oso orekatua da, luzea, ondo egituratua, eta amaieran freskotasun nabarmena eta fruta izugarri dotorea erakusten ditu.

Ribeiroko ardoek indartzen jarraitzen dute, eta bikaintasunera bidea egiten ere jarraitzen dute, eta gaurkoa da adibide bikaina hori baieztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.