Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ribeira Sacrako zaharrena

2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Galiziako altxorrik ederrenetakoa eta politena da Ribeira Sacra. Lugo probintziako hegoaldeko eta Ourenseko iparraldeko hogeita bat udalerrik osatzen dute. Miño, Sil eta Cabe ibaiek lotzen dituzte udalerriok. Ardoarekin duen harremana oso aspaldikoa da, oso.

Egunotan, atzo hasi eta bihar arte, Chantadako ardo azoka ospatzen ari dira paraje hauetan, urtean zehar egiten den lehena eta garrantzitsuenetarikoa.

Ponte da Boga da Ribeira Sacrako upategirik zaharrena. Castro Caldelas Erdi Aroko herriaren oinetan dago kokatuta upategia, Sil ibaiaren ibaiadarra den Edo ibaiaren inguruan.

Ribeira Sacran egiten den mahastizaintza mahastizaintza heroikoa dela esan ohi da, mahastiak izugarrizko maldetan kokatuta baitaude, eta mahatsondo horiek zaintzea eta behar den moduan lantzea heroikoa delako, izugarria. Ederrak dira paisaiak, baina latzak, gogorrak, lan egiteko baldintzak. Mahatsa biltzeko garaia da, beharbada, mahastizainen lanen gogortasuna erakusten duen momenturik nabarmenena, han aritzen baitira malda malkartsuetan mahatsa ateratzen, ibaira saskietan eramaten...

Castro Caldelaseko Pascasio Fernandezen familiak sortu zuen Ponte da Boga, 1898an, paraje horietako ardo propioak, haien upategietako mahatsekin sortutako ardo propioak merkaturatzen lehenak izateko asmoarekin eta ilusioarekin.

Urte asko geroago, 2006an, Ribeira Sacraz maiteminduta, Rivera familiak erosi zuen Adega Ponte da Boga. Haien esanetan, «bakana, berezia eta bitxia den mahastia behar den tokian kokatzeko eta balioa handitzeko» helburuarekin erosi zuten upategia.

Adega Ponte da Bogak hogeita hamahiru hektareatan zehar banatzen ditu mahastiak, hiru paraje desberdinetan zatituta.

Mahastietako bat Alaiseko parrokian dago, Castro Caldelaseko Bosques Maxicos moduan ezaguna den basoaren parean. Hegoaldera begira, eskistoz osatutako lur elkorretan dago, heltze goiztiarra ahalbidetuz, eta ardo atsegin eta gozoak ematen dituzte, neurriko azidotasunarekin eta tanino leunarekin.

Parada de Silen ere badituzte mahastiak, iparraldera begira dauden zapaldetan, xabre deitutako deskonposatutako granitozko lur elkorretan. Menciaren heltze motelagoa gertatzen da hemen, eta horrek izaera freskoagoa eskaintzen dio ardoari, azidotasun orekatuak eta tranino leunagoak.

Beste hamazazpi hektarea dituzte San Vitorio de Ribas de Miñon. Mendebaldera begira dauden zapalda txikietan daude mahatsondoak, arbel beltzez osatutako lur elkorretan. Iparralderago dagoenez, heltze prozesua moteldu egiten da, ardo oso freskoak eskainiz, bizi-biziak eta tanino markatuagodunak.

Ribeira Sacrako mahatsak baino ez dituzte lantzen: beltzetan mencia, merenzao, souson eta brancellao; zurietan godello, albariño, blanco lexitimo, trixadura, torrontes eta lourei.

Sei ardo beltz, lau zuri eta gorri bat egiten dituzte. Denek merezi dute gure interesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.