Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Urte berriari so

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Urteko lehenengoa. Joan da zaharra, eta etorri da urte berria. Joan dena ahazteko moduko urtea izan omen da. Nire ustez, guztiz kontrakoa izan beharko litzateke, hau da, ahaztu beharrean zerbait ikasteko, zerbait berriari aurre egiteko, eta geure buruak malgutasunez eta elkartasunez birkokatzeko balioko diguna, aukera berriari ondo heltzen badiogu. Urte latza izan da denontzat, jende asko gaixotu da, eta beste asko hil ere bai. Asko eta askoren lan egoera ere aldatu egin da, okerrera, alegia.

Ardoaren mundua ez da desberdina izan horretan. Mahastizainek eta ardogileek ere pairatu dute eta pairatzen ari dira pandemia nazkagarri honek ekarritako eta ekartzen jarraitzen dituen ondorioak. Ostalaritza, taberna, hotel zein jatetxeak jasaten ari direna hertsuki lotuta dago mahastizainek zein ardogileek sufritzen dutenarekin, kate bereko katebegiak baitira.

Ardo feriak bertan behera geratu dira, mundu mailan garrantzitsuena den Prowein, besteak beste; ez da egin 2020an, eta 2021ekoa ere ez da egingo. Gurean, Durango Ardo Saltsan-ekin gauza bera gertatzen da, eta beste hainbat tokitako ardo feriak eta jaiak ere baztertu behar izan dira pandemia medio.

Egoera latz honen aurrean, zer egin?

Betiere garrantzitsua bada, are gehiago gaur, hurbileko ekoizleak babestu behar ditugu. Hurbileko ekoizle txikiak babestu behar ditugu.

Euskal Herrian, ardoaren unibertsoan, izugarrizko aberastasuna daukagu. Hor daude Nafarroako ardo bikainak; beltzak, gorriak zein zuriak. Iparralderago joanez gero, Irulegiko arnoak, horiek ere bikainak eta ezezagunagoak izanagatik, bikainak. Txakolinak ere badakartza altxorrak hiru sor-markapeen babesean, Arabakoa, Bizkaikoa eta Getariakoa; hemen zuriak nabarmentzen badira ere, beltzek ere indarra hartu dute, eta gorriek badute bere lekutxoa.Bidaian hegoaldera jarraituz, Arabako Errioxara helduko gara, eta han mundu mailan sona duten ardoak aurki ditzakegu.

Txakolinean, ekoizle guztiak ekoizle txikiak direla esan daiteke, eta Irulegikoak ere halakoxeak direla esango nuke. Nafarroan eta Errioxan badira botila kopuru handiak ekoizten dituztenak ere. Egongo da norbait, seguru, nire diskurtsoa ez duena gogoko, baina nire uste apalean, bertoko ekoizleei, mahastizain zein ardogile txikiei eman beharko genieke gure babesa momentu latz eta gogor hauetan, aurrera egiteko indarra eta animoak jaso ditzaten.

Ez gara hemen hasiko adibideak jartzen, inori minik ez emateko, baina aukerak askotarikoak eta bikainak dira batean eta bestean. Animo, beraz, denoi, ardoaz gozatzen jarraitu, eta urte berri on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.