Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bal Minuta, bailara txikia

2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Badirudi aragoiera zaharrean Bal Minutak bailara txikia esan nahi duela. Beraz, lekuak ematen dio izena upategi berri eta gazte honi.

Pilar Garcia Ansotegui eta Ernest Guasch Manichek sortu eta gidatzen duten proiektua da. Oso proiektu gaztea da, lehen botilak 2017an merkaturatu zituzten eta. Lehenago ere egin zituzten botila batzuk, baina denak ere modu esperimentalean eta, beraz, merkaturatu ez zirenak.

Upategia Barbenutan dago, Huescako (Aragoi, Espainia) Biesca udalerriko herrian.

Pilarrek kimika ikasi zuen Zaragozako unibertsitatean, eta Ernestek nekazaritza ingenieri tekniko ikasketak egin zituen Bartzelonako Goi Mailako Nekazaritza Eskolan. Gero biek ikasi zuten enologia Tarragonako Rovira i Virgili fakultatean, eta han elkar ezagutu, eta harreman horretatik etorri zen gero Bodegas Bal Minuta izango zena.

2007an bere ibilbide profesionalean aurrera eginez, Saint Emilion eta Pomeroleko hainbat upategitan lanean aritu zen Pilar, besteak beste Chateau Petrus handia egiten laguntzen.

2008an, Ernest Txilera joan zen, Marchiguenera, lehorreko lur-komunan, nekazaritza ikasketen praktikak egiteko. Esperientzia horretatik hainbat ikasketa atera omen zituen Ernestek.

Pilarrek Priorateko (Tarragona, Katalunia) lurrak aukeratu zituen, Mas Perinet upategian, kimikako praktikak egiteko. 2009a zen, eta Ernest ere Prioratera abiatu zen, Priorateko upategirik zaharrenetariko batera, Masia Duchera, hain zuzen ere, lan egitera.

Geroxeago, beren bide propioari ekin zioten, zer ardo mota egin nahi zuten hausnartzen, Lleidako Aran bailarako eskualde baten azterketa klimatikoa egiten, lurren lagin desberdinak aztertzen... mahastiak non kokatu erabakitzeko behar zituzten azterketak egiten, alegia.

Lehen mahatsondo landaketak Aran Bailarako lurretan egin zituzten, Lesetik gertu, 700 metroko altueran. Gero Barbenutan landatu zituzten mahasti gehiago... riesling, gewurztraminer, chardonnay, piot noir eta cabernet franc, alegia, 1.300 metroko altueran. Bal Minutaren ezaugarrietako bat horixe da, altuera handiko mahastiak lantzen dituztela; haien esanetan: «Iberiar penintsulako mahastirik altuenak lantzen ditugu».

Leseko lehen uztaldia jaso eta lehen ardo esperimentala egin zuten El Vino de las Nieves izenarekin. 2017ko uztarekin merkaturatu zituzten lehenengo botilak, betiere oso ekoizpen txikikoak.

Gaur egun, honakoak egiten dituzte: El Vino de las Nieves zuria, riesling, chardonnay eta gewurztraminer mahatsekin; eta beltzak, beste hauek: garnatxa eta cabernet franc mahatsekin bata, eta pinot noir mahatsez bestea.

Beltzetan, Viña Balen ere egiten dute, ehun urtetik gorako garnatxekin. Merlot eta tempranilloz Pajara ardoa egiten dute, gaztea eta erraza edateko. Apardun bat ere egiten dute, Manel Mía, riesling mahatsez egina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.