Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Martin Deunaren bizitokiak

2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Kontakizuna duten ardoak. Horrela definitzen dituzte Las Moradas de San Martin upategikoek beraien ardoak. Las Moradas de San Martin ardoa da, eta literatura ere bada funtsean, muinean, oinarrian.

Upategitik keinu bat egiten diote kultura literarioari, haien ardoak janzten dituzten etiketen bitartez, prestigiodun idazle espainiar garaikideen kontakizunekin. Horrela literatura eta ardoa batera doaz haien ardoen izaera islatzeko, Lorenzo Silva, Angeles Caso, Marta Rivera, Ramon Acin, Oscar Sipan, Luis Zueco edo Luz Gabas idazleen kontakizunez baliatzen baitira.

Isabel Galindo da upategiko arima eta bihotza. Mahastizaina da, eta enologoa. Gredos berria kontzeptuaren sortzaileetakoa, aitzindaria. Mahastiaz maiteminduta, eta era berean garnatxarekiko izugarrizko maitasuna erakutsiz egiten du lan Isabelek. Mahatsa lantzeko toki garaiak ditu gogoko, 900-1.000 metroko altuera ingurukoak; lursail granitiko puruak bailarakoak bainolur elkorragoak dira; ondorioz, mahats ekoizpena erregulatzen dute, egokituz.

Garnatxa horiek, beraz, kalitate hobea erakusten dute, mantsoago eta hobeto heltzeko gaitasunarekin, ardo orekatuak bezain dotoreak eskainiz. Esan daiteke elaborazioak erabat minimalistak direla, barietateari, garnatxari, protagonismo guztia eskaintzeko asmoz.

Mahastiak San Martin de Valdeiglesiasen (Madril, Espainia) daude, Pagos de los Castillejos deritzon parajean, ardoak historikoki tradizio handia izan duen tokia; besteak beste, auzoko monasterioko zistertar fraideak ere ardogileak ziren eta.

Upategia ehun urteko garnatxa mahastiz inguratuta dago. Instalazioak apalak bezain praktikoak dira, 80.000 botila inguru egiteko gaitasunarekin, nahiz eta gaur egun ekoizpena txikiagoa izan.

Ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen upategia da Las Moradas de San Martin, beraz, azpiproduktu guztiak berrerabili egiten dira; ligak, mahats-patsa eta horiek garbitzeko erabiltzen den ura ere destilategira bidaltzen dira.

Mahats mordoen txortenak ere inguruko ahuntz ustiapenetako simaurrarekin batera konposta egiteko erabiltzen dira, eta konpost hori, gero, mahastietan ongarri modura.

Partzela bakoitzeko mahatsa altzairuzko depositu txikietan ardoztatzen dute, gehigarririk gabe, eta legamia autoktonoekin lan egiten denean, hain garrantzitsua den asepsia bermatuz.

Ardoa ontzeko erabiltzen dituzten upelak Hungariako eta Frantziako haritzekin eginak dira, 225, 300 eta 500 litrokoak dira, baina badituzte 1.450 litroko fudreak ere, ardoak fintzeko zein nahasketak egiteko.

Ardoak luzeak, limurtzaileak, dotoreak dira, baina era berean freskoak eta biziak, zu bezalakoak, Anastasio. Hau zure omenez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.