Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

San Clodioko arimadun basoan

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Gaurko beste asmo batzuk banituen ere, artikuluaren norabideak aldaketa bat izan du, bi arrazoirengatik: batetik, joan den astean Arabako Mahastiak sor-markaren inguruan gertatutakoagatik; eta, bestetik, asteartean Jose Luis Cuerda zinemagilearen heriotza izan zelako.

Arabako Mahastiak sor-marka berriarenak azterketa eta hausnarketa sakona behar du, eta leiho honetan ez daukagu toki askorik horretarako, baina uste dut garrantzitsua dela kontua mahai gainean jartzea, hau da, Arabako hainbat mahastizainek Errioxa sor-marka utzi eta sor-marka berria sortzeko azken urteotan egiten ari diren urratsak inflexio-puntu bat izan baitu aurreko astean: Espainiako BOEn publikatuta, lehen urratsa egiten delako sor-marka horren aldaketa gauzatzeko.

Baina, orain, Jose Luis Cuerda zinemagilea eta ardogilea izango dut hizpide.

Gehienok badakigu Cuerda zinema zuzendari bikaina eta bitxia izan dela, besteak beste, Amanece que no es poco, La lengua de las mariposas, El bosque animado, Los girasoles ciegos edota Tiempo después pelikulak zuzendu zituen.

Baina askorentzat berria izango da Cuerdak ardoa zenbat maitatzen zuen jakitea.

Nik Valentzian ezagutu nuen 2007an, Verema topaketan, Sergio Pazos, Amaia Arzuaga diseinatzailea, Wiesenthal idazlea eta beste kazetariren batekin batera, Kultura eta ardoa gaiaren inguruan egin zen tertulia-dastaketa batean. Tertulia bukatuta, harekin hitz egiteko parada izan nuen, jatorra, apala, umore bikainekoa eta ardoaz erabat maiteminduta. Albacetekoa (Espainia) bazen ere, Galizian jarri zituen begiak, eta batez ere bihotza, lehenengo El bosque animado eta urte batzuk geroago La lengua de las mariposas pelikulak egiten aritu zenean. Askok ez bezala, barrualdean, eta ez kostaldean, aurkitu zituen arrazoiak paraje haiekin maitemintzeko. Lehenengo, O Carballiñon erosi zuen etxetxo bat, eta, gero, XV. mendeko upategia Leiro udalerriko Gomarizen. Cuerdak Galiziako ardoei, eta Ribeiroari bereziki, maitasun eta errespetu handia die, eta, horregatik, oso ondo egin zituen egin beharreko urratsak. Eraikinari sei hektareako lurrak gehitu zizkion, hogeita hamar ugazaba desberdinei erositakoak, hain zuzen ere. Lur horietan berto-bertoko mahats motak landatu zituen: godello, albariño, torrontes eta, batez ere, treixadura.

Ardoa San Clodio deitzen da, Ribeiro sor-markapean merkaturatzen da, eta, Cuerdak esaten zuen moduan, «zintzotasunez, ezagutzaz eta gustu onez» egindakoa. Topa egin dezagun, ba, San Clodio kopa batekin, utzi gaituen ardogile eta gizon bikainagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.