Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Amona Visi

2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Oraintxe beteko dira bederatzi urte El Belisario izeneko artikulua idatzi nuenetik leiho honetan bertan.

Egun batzuk lehenago, Durango Ardo Saltsan ardo feria egin zen, genuen, seigarrenez Durangon.

Artikulu hartan, edizio hartako zenbait ardo azpimarratu nituen: Itsasmendi, Enate Merlot-Merlot, Xentia, Roda, Alvaro Palaciosenak, Valencisoren ardo bikain bezain dotoreak... eta amaierarako utzi nituen Agricola de Labastidarenak. Larunbat arratsalde hartan, Carlos Fernandez Gomezek—artean Tim Atkinek Rioja Report 2021-en «urteko mahastizaina» izendatua izan denak— upategiko hainbat ardo erakutsi zizkigun, dastaketa bikain bezain berezi batean. Han gozatu genuen Tierra zuria eta beltzekin, El Primaverarekin, eta, batez ere, El Belisariorekin, ehun urtetik gorako mahastietatik jasotako mahatsez eginiko ardo beltzarekin; orduan aipatu bezala, sotila eta fina.

Bederatzi urte geroago, gaur ere Agricola de Labastidaren ardo bat ekarri nahi dizuet hona: La Abuela Visi.

Haiek «mahasti bakanak» deitutako mahastietatik sei ardo egiten dituzte: Tierra Fidel, zuria eta beltza; La Greña; Tulonio; lehen aipatutako El Belisario; eta gaur aurkeztu nahi dizuedana: La Abuela Visi.

Ardo honekin, Visi, ama, omendu nahi dute. Viura, malvasia eta moskatelaren nahastearen emaitza da ardoa.

El Barranco del Oso deritzon mahastian du oinarria ardo honek. 1920an landatutako mahastia, ehun urtetik gorakoa, beraz. Mahatsak mahastian bertan aukeratzen dira, eta hamalau kilogramoko kaxetan eramaten dira upategira. 24 orduz egoten da beratzen, txortena kendu eta prentsatu aurretik. Foudre edo upel handietan egiten du hartzidura alkoholikoa, eta, gero, hamar hilabetez egongo da bertan ontzen, haietatik bost ligekin lurrak ematen dituen egitura eta konplexutasuna bilatuz.

Kolorez oso erakargarria da, horia, irisazio berdeekin eta urre ukituekin, ederra.

Sudurrean freskoa, viurak eta malvasiak eskaintzen duten fruta eta azidotasunarekin, baina batez ere moskatelak ematen dion izaera bakanarekin, ardoa bakarra eta bakana bilakatzen duena. Ahoan belusatua da, eta lurren kareharriak ematen dion azidotasuna eta dotorezia bikainak ardoa dotorea bezain luzea bilakatzen dute.

Amari, Visiri, eskainitakoa ezagutu dugu eta maitemindu gaitu. Hurrengo batean aitaren izena daramaten Tierra Fidel ardoak ezagutuko ditugu, zuria eta beltza, biak ala biak azpimarragarriak, ederrak. Beltza, garnatxa eta graciano nahaste ezohikoaren emaitza; eta zuria ere nahaste bat, garnatxa zuria, malvasia, viura... baina ez daukagu tokirik gehiagorako. Hurrengora arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.