Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Zakutoen ametsa

2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bide zaharrak begi berriekin. Aspaldi egiten zen moduan, lurrari so, mahatsondoen artean zer gertatzen den sentituz, inguruko lurrinez blaitutako mahats mordoek, ardoak lur hauetako zaporez betetzean sortutako nahitaezko oreka berriz errespetatuz».

Horixe da El Sueño de las Alforjas upategiaren filosofiaren oinarria eta laburpena. Bi lagun, Jesu eta Nano, edo zakutoak, haien amek jarritako ezizena, ia-ia bereiziezinak zirelako, beti bata bestearen ondoan.

Umetatik lagunak dira, eta hirurogei urteko harremanari segida emanez, haien zakutoak ametsez bete eta proiektu propioa abiatzea erabaki dute: haien mahastiak ekologikoan zainduz, betirako bizitzea pentsatuko balute bezala, ingurua mimatuz, bizitza zikloak behatuz, prozesuan lagunduz eta denboran zehar babestuz.

Nanok eta Jesusek nekazarien begiradaz egiten diote so mahastiari eta bere inguruari, lurraren osasuna, landareena, animaliena eta baita gizakiarena ere elkarri erabat loturik daudela sentituz, ekosistema bat osatzen dutela sentituz, alegia.

Horretarako, besteak beste, animaliak erabiltzen dituzte lurzorua lantzeko, eta haien etxaldean konpostajearen bidez lortutako simaurra ere baliatzen dute lurra ontzeko.

«Gure mahastien bizitza zaintzen dugu, gure ardoena, eta gure seme-a0labek jarauntsiko duten munduarena».

Leongo probintziako Vadevimbren (Espainia) dago upategia, Cima de los Ventanos gisa ezagutzen den parajean, upategiarekin lotuta dauden lurpeko kobazuloen gain gainean.

Kalitatezko ardoak egiteko ezinbestekoak diren baliabide teknikoez hornitua, grabitatez lan egiteko pentsatuta dago, ponpaketa mekanikoa minimizatuz, energia kontsumoa gutxituz eta ardoen berezko ezaugarri eta lurrinak babestuz.

Ahalik eta esku hartze txikiena egiten dute ardogintzari dagokionez. Esku hartzea oso txikia da, ardoa ahalik eta modurik naturalenean egin dadin.

Porlanezko deposituak eta haritz frantziarrez eginiko neurri eta erabilera desberdineko upelak erabiltzen dituzte. Horiez gain, buztinezko tina edo treskak ere erabiltzen hasiak dira, ontze prozesuak hobetu asmoz.

Bertako prieto picudo eta albarin mahatsak lantzen dituzte: lehenengoa beltzak eta gorri bat egiteko, eta bigarrena upategiko ardo zuria egiteko. Esan daiteke mahats mota horiek Leonen baino ezin direla aurkitu. Mahastiak 800 metroko altueran daude, errekarri edo uharriak nagusi diren lur elkorretan.

Negu gogorrak, udaberri erronkariak eta gero uda laburrak eta beroak, mahatsa heldu eta udazken hasieran prest dago biltzeko. Zazpi mahasti dituzte, denak ekoizpen ekologikoaren ziurtagiriarekin.

Lau ardo egiten dituzte: beltzak bi, Tal Cual gaztea, eta Marcialis, ondutakoa; gorri bat, Mojalpico; eta beste zuri bat, Cascabel izenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.