Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Don Angel, Felixin... eta Moli (II)

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ardoa egiteko eta aita omentzeko erabakia hartuta zegoen. Isaac Mugak igorritako erronkari aurre egin, eta errioxar eta euskaldun izaerari erantzunez, upategia abian jartzea erabaki zuten, eta 2007koa izango zen burutuko zuten lehen uztaldia, artean Errioxako sor-markapean ez bazen ere. Bi mahatsondo ilara, landare sarez jarritakoak. Bidea irekita zegoen, proiektua abian. Lehen uztaldiko mahats bilketa familia eta lagunen artean egin zuten. Txortenak makinaz kendu, eta upelean ondu gabea izan zen lehen ardo hura.

Orduantxe konturatu ziren ardoa ez dela matematika. Urte askoz upategian ardoa egin gabe egonik, hartzitze gelako atmosfera ez zegoen prest, eta, besteak beste, malolaktikoa egiteko gela epeldu beharra zeukaten. Mirari bat badirudi ere, urte hartan egindako ardoa oraindik ere bizirik omen dago.

2008an upategia egokitu zuten, ardoa egiteari ganoraz ekiteko.

2009an Briñasen mahatsa erosi (non bestela!), eta mahatsa zapalduz, beratze karbonikoz egindako ardo bat eta upelean ondugabeko txortenak kendutako beste ardo bat egiteari ekin zioten. Artean, upelean ardo desberdin bi ontzen ere hasi ziren, eskuz aletutakoa bata —gaur egun Viña Moli dena— eta bestea txortena kenduta hartzitutakoa.

Upelak Fernando Remirez de Ganuzaren upategian erabilitakoak ziren, baten bat Mugakoa, eta haritz amerikarrez egindako upel berri batzuk, Pinedotarren Armando lehengusuak oparitutakoak.

Harrezkero, 2015ean eta 2020an izan ezik, urtero-urtero egin dute ardoa.

Mahatsa aletzeko eta txortena kenduta hartzitzeko ohitura mantentzen dute, eta ardo gorria odolustez eta viura mahats apur batez egiten jarraitzen dute.

Angel Pinedoren seme-alabek esaten duten moduan, «2012an, Isaacek jabetza pribatuan duen mahasti batekin ezkondu ginen, eta harrezkero beti egiten dugu ardoa mahasti horretako mahatsarekin». 1976an landatutakoa da mahastia, Haron (Errioxa), iparraldera begira, eta buztinez eta kareharriz osatua.

Mahats bilketa eskuz egiten dute, ahal den neurrira arte, upel bat gutxienez, eta hamabost kiloko kutxatan jasotzen dute, eta ikasten hasiak dira urtearen arabera (beroak, epelak eta hotzak), nola jokatzen duen mahastiak.

Ez dute pasarelarako ardorik nahi; edateko, ospatzeko ardoa egin nahi dute, baina bikaintasunari so dagoena.

Pinedo Selección eta Viña Moli egiten dituzte beltzetan, tempranilloz ehuneko ehunean; gorria, berriz, odolustez eta viura pixka batekin. Hurrengo uztaldirako beratze karbonikoz eginiko ardo gaztea dute buruan. Nik prototipoa dastatzeko aukera izan dut eta bikaina da benetan!

Kopuruak oso txikiak dira denetan ere, baina ardo orekatuak eta benetan bikainak dira. Bakoitzak bere izaera du, eta bikainak dira denak ere, dotoreak baina denetan handiena, nire ustez, Viña Moli da. Rodanoko iparraldera so egindako ardo handia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.