Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

On severinorenak

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Oporrak atzean utzita, gaur emango diogu hasiera Ardoxkaren denboraldi berriari.

Azken urteotan, Andaluziako ardoak ekarri ditut hona hasierako artikuluan; gaurkoan, baina, Galizia aldera joko dugu, Ribeiro sor-marka daramaten Bodegas Cunqueirok egiten dituen zenbait ardo ezagutzera.

XX. mendeko hogeigarren hamarkadan hasten da gaur hona ekarri nahi dizuedan upategiaren historia. Severino Fernandezi O Cunqueiro deitzen zioten. Mahastizaina zen, ezaguna eta estimatua paraje haietan. Modu tradizionalean egiten zituen ardoak Severinok, Ourense hiriko hainbat taberna hornitzeko. Sona handia hartu zuen Fernandezek, ardook izugarrizko kalitatea erakusten omen zutelako.

Hirurogeigarren hamarkadan, landa eremuetatik hirietara emandako emigrazioarekin batera, On Severinoren ardoak beste hainbat hiritan ere ezagutzen hasi ziren, A Coruña, Santiago de Compostela eta Vigon, alegia.

Laurogeigarren hamarkadan, Cesareok eta Benignok, Severinoren semeek, hartu zuten upategia gidatzeko ardura, ordura arte Galizian zuten tokia mantenduz, eta estatuan zein nazioartean bidea eginez.

Upategia handitzeak eta hobekuntza teknologikoek Bodegas Cunqueirok aurrerapauso handia ematea ekarri zuten. Bestalde, izugarrizko indarra eta abiadura eman zion upategiari Ribeiro sor-markapean treixaduraz eginiko lehenengoetariko monobarietala merkaturatzeak eta torrontes mahatsez egindako monobarietal bakarra egiteak.

Gaur egun, Fernandez familiako hirugarren belaunaldiko lau kide dira upategia zuzentzen dutenak, arlo guztiak betez. Horrek familia tradizioa eta lurrarekiko lotura ahalbidetzen ditu.

Hamar hektarean zehar lantzen dituzte treixadura, godello, torrontes, albariño eta loureira mahatsak, zurietan; eta mencia, souson, brancellao, caiño eta ferrol, beltzetan.

Mahastiak hain sakabanatuta egoteak eta haien atomizazio nabarmenak mahatsaren ekoizpenaren garestitzea dakarte, baina hori da, era berean, upategiari aberastasuna ematen dion ezaugarri nagusia, horrek ahalbidetzen baitu hain ardo desberdinak egitea.

Upategi honen —eta beste hainbaten— sekretua zera da: tradizioaren eta modernitatearen arteko uztartze orekatu eta bikaina, belaunaldiz belaunaldi helarazten den lurrarekiko lotura eta egungo teknika enologiko modernoenen arteko lotura zoragarria.

Hamar ardo desberdin egiten dituzte, baina lehen aipatutako bi nabarmendu nahi nituzke hemen: Cunqueiro zuria, treixaduraz egina, eta, batez ere, Mais de Cunqueiro Torrontes, Ribeiro sor-markapean torrontes mahats hutsez eginiko ardo bakarra baita. Fruta ugaridun ardoa da, belar ukituez apaindua. Ahoan boteretsua, eta ligek ematen dioten koipe eta gorputz bikainarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.