Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Fraideen etxea

2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gaur Valentziako Terres dels Aforinseko upategia dakart hona, Casa Los Frailes, alegia.

Dels Aforins (Terres dels Aforins) Valentziako hego-mendebaldean dago, 650 metroko altueran. Bi mendilerroren artean dago, ekialdean Mediterraneo itsasoarekin ia bat eginez (50 km) eta mendebaldean Alacant eta Mantxako goi lautadarekin. Esan daiteke, beraz, klima mediterraneoa eta kontinentala uztartzen direla paraje horretan, eta horrek badu bere eragina mahastizaintzan.

Casa los Frailesek (Cals Frares) jesuitengandik hartzen du izena, hantxe bizi izan zirelako XII. mendetik XVIII. mendera arte. Jesuitak izan ziren mahastizaintza hara eraman zutenak, mezetarako ardoak egiteko asmoz. Gaur egun ere, jesuitek eginiko tresna edo tina eta porlanezko dolaredun upategi historikoa erabiltzen da. Ardoztatzea, ekoizpena eta ontzea ehuneko ehun Casa Los Frailesen egiten da.

Inguru hauetan mahastiak XIII. mendean landatu zituzten kristauek, mairuak bertatik kanporatu eta gero, eta harrezkero mahastiak landu dira hemen.

162 hektareako lursaila dute, eta horietatik 130 mahastiz osatuak, eta besteak almendrondo, olibondo eta baso mediterraneoz. Landaredi aniztasun hori oso garrantzitsua da bertako bizitzan, mahastiz osatutako monolaborantza saihestuz. Bioaniztasun hori indartzeko erleak, ardiak eta oiloak ere jarri dituzte lurrotan. Ardiak mahastietan zehar ibiltzen dira, erleek bost kilometro egiten dituzte egunean hegan, landareak polinizatzen eta bioaniztasuna sortzen, eta beste animaliek abeletxe moduko zerbait osatzen dute.

Monastrella nagusi bada ere, 1999 geroztik, cabernet sauvignon, tempranillo, garnatxa eta syrah mahatsak ere landatu dituzte, beti ere monastrellaren lagungarri moduan erabiltzeko.

Lurren bioaniztasuna zaintzeko, urte asko daramatzate mahastiak ekologikoan landuz, eta gaur egun, ahal den heinean, biodinamikaren oinarriei jarraituz egiten dute lan.

Lehorreko mahastizaintza—ur eskasia eta kareharriz osatutako lur elkorrak—, muturreko baldintzetan egiten da, eta horregatik mahatsondoek lurzoruaren barne-barnean bilatu behar dute hezetasuna, eta horrek ematen die tipikotasuna eta berezitasuna gero ardoei.

Upategi zaharra, gaur egun ere erabiltzen dena, XVIII. mendekoa da, eta argamasako dolare eta deposituz osatua dago,—edukiera desberdinekoak— gaur egun, monastrella gordetzeko eta ontzeko erabiltzen dira, oso egokiak baitira haien porositatea dela eta. Eraikin zaharraren ondoan, eraikin berria ere badute, ardoztatze tresna modernoenez hornitua, eta lurpeko beste 250 metro koadroko nabe bat, ardoak ontzeko erabiltzen dena.

Hiru ardo beltz eta gorri bat egiten dituzte, baina beste batean izan beharko du horien ezaugarriak aipatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.