Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Campestral, ardo naturalen paradisu

2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Andres Troyak 2014an mahasti bat landatu zuen, zerbait berezia eta bakana, ezezaguna egiteko asmoz. Argi zuen gauza bakarra zen burbuilak, aparrak izan behar zuela ardootan protagonista. Gero, asmo horri bidea emateko, Bodegas Campestral sortu zuen.

Gaur egun Bodegas Campestralen portfolioan zortzi ardo natural daude: horietatik hiru ardo lasaiak dira, beltz bat, zuri bat eta gorri bat; beste bat zuria da, legamien estalkipean hazten dena, Jerezeko ardo famatuak bezala; beste bat beltza da, upel frantziarrean ontzen dena;eta beste hiru apardunak, beltza, zuria eta gorria, antzinako metodoari jarraituz egiten dituztenak, hau da, ardoak hartziduraren erdia egin ondoren botilaratzen dituzte, eta botilan bertan egiten dute prozesuaren amaiera.

Proiektua antzinako nekazaritza ustiategi batean abiatu dute, garai batean hainbat helburu desberdin zituena, Cadizko Arcos de la Frontera eta Algar (Andaluzia, Espainia) udalerrien artean. Finca El Encanto 250 metroko altueran dagoen muino leun batean dago kokatuta, eta bertatik ikusten dira Guadalcacin urtegia, Arcos de la Frontera—herri zuri eder horietakoa— eta Grazalemako mendikatea.

Zortzi hektareako lur eremua du, gehiena mahastiz osatua. Modu ekologikoan landutako mahastiak dira, tintilla de Rota, petit verdot, syrah, merlot eta cabernet sauvignon mahatsekin. Lurrak albariza motakoak dira, hau da, Jerezko lur tipikoak, kareharriz, fosilez eta buztinez osatuak. Jabetzan dituzten mahastiez gain, Jerez inguruko zenbait mahastizain ekologikorekin ere badituzte akordioak, luzera begirako akordioak,batez ere palomino mahatsalortzeko, Jerezko Carrascal edota Trebujenako Alventuseko eremu bikainetakoak adibidez.

Mahastian zein upategian ahalik eta esku hartze txikiena izatea da haien filosofia: mahatsaren ezaugarri organoleptikoetan zein lurraren ezaugarri edafologikoetan, alde batetik, eta legamia autoktonoek eragindako berezko hartziduran, bestetik.

Lehen esan bezala, egiten dituzten ardo guztiak naturalak dira, eta ardo naturalak egiten dituen Espainiako upategirik handiena direla diote. Hirurogei mila botila egiten dituzte urtean, baina badute kopuru hori bikoizteko ahalmena.

Oso garrantzitsua da ulertzea ardo naturalak eta ekologikoak ez direla gauza bera. Bien arteko aldea esanguratsua da: ardo ekologikoetan gehigarriren bat erabili daiteke, baina ardo naturalek ezin dute inolako gehigarririk eduki. Mahatsa, besterik ez.

Horrek guztiak izaera berezia ematen dio ardoari. Edaten duenarentzat oso berezia da; baina egiten duenarentzat sakrifizio izugarria eskatzen du, mahastien hektareako errendimendua oso apala delako, eta prozesuak, berriz, oso garestiak direlako.

Ardo hauek oso bereziak eta interesgarriak dira, desberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.