Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Estrategiarik bai?

2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Badira dagoeneko bost aste egunean batez beste hamar pertsona hiltzen direla COVID-19ak jota Hego Euskal Herrian. Bigarren olatu honetan behintzat ikasi dugu ZIU zainketa intentsiboetako unitateen errekurtsoak optimizatzen, baina horrek itsutu gaituen kezkarekin nabil. Pandemiaren eraginez ospitaleetatik milaka euskal herritar pasa dira azken hiru hilabeteetan, ia oharkabean publiko zabalerako. Gertatzen ari denari neurria hartzeko: PCR probetan bakarrik erabili diren erreaktiboen kostua 20 miloi eurokoa izan da uztail hasieratik. Halere, ez dago argi bigarren olatu hau kontrolpean dagoenik.

Azkoitian, Sansomendin eta orain Azpeitian proba masiboak iragarri dira komunikabideen bitartez. Estrategia horiek martxan jartzeko arrazoi ugari egon badaude. Baina horien azalpen argia —eta hurbiltasunezko komunikazio kanalak erabiliz— zabaldu beharko litzateke bertako herritarrengan. Eskura daude zenbait tresna eraginkor, eta horien bitartez herritarren partehartzea areagotu daiteke. Komunikabideen bitartez egindako zenbait baloraziotan, ordea, azpimarratu da Azkoitian gonbidatutakoen %50ek «bakarrik» parte hartu dutela. Eta zer datorkit niri burura? Ba, duela hiru hilabete erkidegoko hauteskundeetan parte hartze orokorra berbera izan zela. Jendarteak argi ez duenean, antzerako erantzuna ematen du, erabaki edota zaintza kolektiboa jokoan egonda. Hau al da pandemia honi aurre egiteko norbanako arduraren neurria? Katilua erdi hutsik, edo erdi beteta.

Gai sakonetan sartuta, badugu estrategia argirik pandemia honi aurre egiteko? Zein hautu hartu dugu: erradikatzea, kurba zapaltzea, edo besterik gabe arintzea? Argi dago ez dugula jarraitu Zelanda Berriaren edota Asiako zenbait herrialderen erradikatze hautua; garestiegi edo zailegi delako, edo epe luzean mantendu ezin omen delako bide hori. Hori diote batzuek behintzat.

Antza, Europan kutsatze mailak zapaltzea genuen helburu, eta horixe lortu genuen guk ere udaberri bukaerarako. Egindako testen arteko positiboen portzentajea %1etik behera jaitsi zen hilabete pare batez; kutsatzeen prebalentzia oso baxua eta kontrolpean zegoelarik ginen. Baina olatu berria handituz joan ahala bestelako estrategia hartu dugula ondorioztatu behar. Garrantzizko neurririk lehenagotik ez hartzeak behintzat irakurketa hori dakar. Gertatutakoa ikusita, helburua akaso egoera arintzea besterik ez zen, ez da. Hainbeste kritikatutako eredu suediarraren jarraitzaile bihurtuta. Ospitaleak kolapsatzen ez diren bitartean, kontsumoa ahal den neurrian mantendu beharko genuke, jasotako mezu ofizialen arabera. Bidean izandako hildakoen eta larri gaixotutakoen zenbakiei gehiegi erreparatu gabe.

Ez da zaila aurreikustea, ordea, epe motzeko ekonomiari begiratze hori epe ertainean askoz garestiago suertatuko zaigula. Espainia mailan turismoarekin gertatutakoa adibide argigarria dugu. Edo deseskalatzearekin batera test zeharo masiboak ez egitea erabaki genuen arren, azkeneko hiru hilabete eta erdian ia miloi bat test egin direnean, eta oraindik egin beharko direnak. Ez ditzagun miopiaren eraginpean erabakiak hartu. Argitu dezagun etorkizunerako estrategia zein den, zabal dezagun gizartean benetan nolako bidegurutzean gauden eta zein norabide ezberdin har dezakeen pandemia honek. Onar dezagun nahikotxo luza daitekeela bizitzea egokitu zaigun egoera hau, eta bide orri argi bat marraztu dezagun eragile guztion artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.