Ikamak «euskal eskola herritar eta burujabea» aldarrikatu du protestetan

Hezkuntza sistemaren aurka borrokatzeko, mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herrian. Donostian, performanceak ere egin dituzte

Ikamak antolatutako protesta, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hezkuntza sistema aldatzeko, ikasleria martxan: hori izan zen Ikama antolakundeak atzo Hego Euskal Herriko kaleetara atera zuen leloa. Mobilizazioak egin zituzten Bilbon, Gasteizen, Amurrion (Araba), Iruñean, Bergaran (Gipuzkoa) eta Donostian, eta, besteak beste, hezkuntza sistema «errotik» aldatzeko eta «euskal eskola herritar eta burujabea» sortzeko eskatu zuten. Bilboko eta Iruñeko protestak hasi aurretik, Poliziak bederatzi lagun identifikatu zituen.

Ikasleak «nazkatuta» daudela adierazi zuen Ikamak, eta, besteak beste, gaur egungo krisi egoera, hezkuntza sistemaren egoera, hezkuntzaren «prekarizazioa», ikasleek hezkuntzan jasaten duten kontrola eta pandemiak eragindako ondorio psikosozialak salatu zituen manifestazioetan.

Ez hezkuntza sistema bakarrik, «sistema osoa» aldatu behar dela uste du antolakundeak. Izan ere, adierazi zuten egungo hezkuntza eredua «zaharkitua» dagoela, eta «kapitalismoaren makineria olioztatu» baino ez duela egiten, ikasleen garapen integrala erdigunetik kanpo utzita. Sistema aldatzeko, «ezinbestekotzat» jo zuen ikasleak mobilizatzea.

Antzerkia, egoera azaltzeko

Protestaz gain, beste ekintza batzuk ere egin zituzten Donostian, ikasleen egoera irudikatzeko asmoz. Alde zaharrean, esaterako, antzerki bat egin zuten Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriko hezkuntza sistema kontrolatzen dutela salatzeko. Bulebarrean, berriz, performance bat egin zuten, indarrean dagoen sistemak ikasleengan eragiten dituen ondorioak irudikatzeko. Horrela, salatu zuten hezkuntza ereduak ikasleak «isilik eta geldi» egotera behartzen dituela, eta etorkizunean «langile esklabo» izateko prestatzen.

Protesta amaitzean, zenbait gaztek arrautzak bota zituzten Itsas Komandantziara, eraikinak Espainiako Estatuaren «zapalkuntza» irudikatzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.