Albistea entzun

Gaurtik aurrera ez da maskara beharko garraio publikoan Hegoaldean

Indarrean da Espainiako Ministroen Kontseiluaren agindua. Optiketan eta ortopedietan ere ez da derrigorrezkoa, baina osasun zentroetan bai

Bidaiariak, maskara jantzita, Gasteizko tranbiara igotzen.
Bidaiariak, maskara jantzita, Gasteizko tranbiara igotzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida -

2023ko otsailak 8

Izurria dela-eta ezarritako murrizketak duela urtebete utzi zituzten bertan behera Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baina bada ordutik mantendu den neurri bat: maskararena. Gaurtik, bertan behera geratuko da garraio publikoan maskara derrigor janzteko agindua, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Ministroen Kontseiluak atzo sinatu zuen garraio publikoan maskara erabili beharra ezeztatuko duen agindua, eta gaur sartuko da indarrean. Hala, aurrerantzean norberak erabaki ahalko du maskara jantzi ala ez.

Optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan ere ez da izango ezinbestekoa. Bai, ordea, arta publikoarekin lotutako beste zenbait tokitan; osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan, hain zuzen. Horien artean daude farmaziak eta hortz klinikak.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak adierazi zuen egoera epidemiologikoa «oso egonkorra» dela, eta horregatik erabaki zutela maskara garraio publikoan erabili behar ez izatea. Urtarril erdialdean jakinarazi zuen laster helduko zela arintzea. Horiek horrela, azken asteetako datuei erreparatu ostean, debekua kentzeko urratsa egin dute. Dariasek esan zuenez, Gabonetan ere ez zen egon gorakada nabarmenik ospitaleratzeetan.

Miren Basaras EHUko mikrobiologia irakasleak BERRIAn egindako elkarrizketan adierazi zuenez, osasun sistemaren gaineko presioa «apaldu» izanaren ondorio da erabakia. Hala ere, zuhurtziaz jokatzeko deia egin zuen. Haren arabera, komeni da pertsona zaurgarrienek «babes neurriak indartzea eta maskara erabiltzen jarraitzea». Aipatu zuen «maskararen erabilera egokian» jarriko lukeela orain arreta.

Maskararen erabileraren derrigortasunak hainbat gorabehera izan ditu Hego Euskal Herrian. 2020ko uztailean arautu zuten erabilera derrigortzea toki itxietan nahiz kanpoan, garai hartan erregistratutako agerraldi eta kasu hazkundeak tarteko. Urtebete geroago, bertan behera geratu zen kalean maskara nahitaez erabiltzeko agindua, eta iaz eman zuten hurrengo pausoa. Hain zuzen, apirilaren 20an utzi zuten bertan behera barrualdeetan maskara janzteko beharra, garraio publikoan eta osasun zentroetan izan ezik. Ordutik, irmo mantendu da neurria indarrean, orain arte.

Ipar Euskal Herrian, iazko maiatzaz geroztik ez da derrigorrezkoa garraio publikoan maskara janztea, «gomendatua» baizik. Osasun etxeetan soilik izan daiteke derrigorrezkoa, baldin eta zentro bakoitzeko arduradunak hala erabakitzen badu.

Euskal Herriko egoera epidemiologikoa egonkorra dela jakinarazi dute, baina bada azken asteotan kezka eragin duen kontu bat: Txinako egoera. Herrialde horretan gora egin dute COVID-19aren kutsatzeek. Hala, urtarrilean leku itxietan eta garraio publikoan maskarak erabiltzea gomendatu zien OME Osasunaren Mundu Erakundeak Europako herritarrei.

Hiru urte lehen kasuetatik

Duela ia hiru urte atzeman zituzten koronabirusaren lehen kasuak Euskal Herrian. Hain justu, 2020ko otsailaren 29an. Araban atzeman zuten kasu bat, eta Gipuzkoan bestea. Txagorritxuko ospitalean pilatu ziren kasu asko; hain zuzen, gaitz horrentzat erreferentziazko zentroa izan behar zuen lekuan. Langileek kexuak eta protestak egin zituzten: babesteko materiala falta zutela salatu zuten.

Ordurako, Txinan bazituzten 79.000 kutsatu eta 2.800 hildako inguru. Espainian 56 kasu ezagutzen ziren, eta Frantzian, 73. Europan, ordea, Italia zen okerren zegoen herrialdea garai hartan: bazituzten 29 hildako eta 1.128 kutsatu atzemanak. Azkar zabaldu zen gaitza herrialde guztietan; martxo bukaeran, ia 9.000 kutsatu atzemanak zituzten Euskal Herrian. Hiru urtean, gaitzak goitik behera zeharkatu ditu mundu osoko herritarren bizimoduak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nafarroan osasun publikoaren aldeko manifestazio sindikala, pasa den asteburuan, Iruñean / ©Jagoba Manterola / Foku

Bertan behera utzi dute Osasunbideko greba, LABek eta UGTk gobernuarekin akordioa lortuta

Ion Orzaiz

Osasun Departamentuaren azken eskaintzak beren aldarrikapenen «zati bat» bermatzen duela azaldu dute sindikatuek

Emakunderen aurtengo Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena, Gasteizen ©Endika Portillo / Foku

Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun bilakatzeko aukera baztertu du Emakundek

Olatz Silva Rodrigo

Efemeride feministen zerrenda bat aurkeztu du, 2024an jaiegun bat ezartzeko. Momentuz, onespen gehien jaso duen eguna azaroaren 5a izan da. 1933ko egun horretan, emakumeek aurrenekoz bozkatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Zupiria, Aizpurua eta Dobaran, VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkezten, atzo, Donostian ©Jon Urbe / Foku

Euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira

Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete

VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Biztanleen %21,9k erabiltzen dute euskara erdara adina edo gehiago, 2016an baino 38.000 gehiagok. Gazteak aritzen dira gehien

Seaskako ikasleak, atzo, Bernat Etxepare lizeoaren aitzinean, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Parisen «mespretxua» salatu du Seaskak, eta borrokan segituko dutela erran

Ekhi Erremundegi Beloki

Jorajuriak erran du brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea «irabazi» dutela. Seaskako 120 ikaslek frantsesez eginen dituzte baxoko azterketak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...