«Tsunamiak harrapatzen bagaitu, zer? Noraino alde egin behar dugu?»

Indonesiako Lombok irlan lurrikarak harrapatu zituen bi zumaiarrekin hitz egin du BERRIAk. Bizirik egon daitezkeenen bila ari dira agintariak

Erreskate taldeak, bizirik daudenen bila, atzo, Lomboken. ADI WEDA /EFE.
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Jada lau egun pasatu dira Indonesiako Lombok uhartea lurrikara batek astindu zuela. Agintariek jakinarazi dutenez, gutxienez 131 pertsona hil dira, eta ehunka zauritu larri daude. Pixkanaka uhartea normaltasunera itzultzen ari da, baina etxerik gabe geratu dira hainbat, eta milaka pertsonak alde egin dute uharteko leku seguruagoetara. Agintariek uste dute uharte barnean 156.000 pertsona desplazatudirela.

Astelehenaz geroztik, 5.000 pertsonak baino gehiagok utzi dute uhartea: gehienak turistak. Horien artean Alaitz Osa eta Janire Odriozola zumaiarrak. Oporretan zeuden Bali uhartean duela aste eta erdi lurrikara izan zenean, eta Lomboken igandekoan. Herenegun iritsi ziren Euskal Herrira. «Lehen lurrikaran hiriak bere martxa jarraitu zuen; igande honetako bigarrena oso bestelakoa izan zen», esan dio Osak BERRIAri. Hotelean harrapatu zituzten bi lurrikarek, lotan lehenengoan, eta afaltzera jaisteko asmoz bigarrenean. «Dardara batek esnatu gintuen, kanpoan euria ari zuela pentsatu nuen hasieran, baina lurrikara izan zitekeela pentsatu genuen. Bigarrenean, segituan konturatu ginen lurrikara bat zela, esperientziak erakutsi zigun», esan du Odriozolak.

Hoteletik atera eta igerileku inguruan babestu ziren bi zumaiarrak, eta han euskaldun gehiago aurkitu zituzten. Tsunami arriskuaren berri izan bezain pronto, leku segururen baten bila hasi ziren. Motorrak hartu, eta barnealderako bidea hartu zuten. «Hiria erabat hutsik zegoen iritsi ginenerako; beti gainezka egon ohi ziren tabernetan ez zegoen inor», baieztatu dute biek, eta orduan konturatu ziren egoeraren larritasunaz. Noraezean mendialdera egin zuten, nora jo jakin gabe. «Tsunamiak harrapatzen bagaitu, zer? Noraino alde egin behar dugu? Kilometro bat, bi edo hamar? Ezjakintasun totala», nabarmendu du Osak. Ez agintaririk, ez poliziarik, «kaosean» hango herritarrek lagundu zieten. «Hango jendeak izugarri lagundu zigun; eskerrak haiei, benetan», aitortu du Osak. Leku seguru baterako bidea erakutsi zieten, ura eman, eta sua egin erosoago egoteko.

Hamabiak aldera tsunami alerta kendu zutela jakin ahal izan zuten turista batzuen bitartez. Hotela hondartza ondoan zeukaten, ordea, eta beldur ziren lurrikara gehiago izango ote ziren. «Kanaria uharteetako gobernuz kanpoko erakunde bateko kideak zeuden gure artean, eta, Thailandian lurrikara izan zenean, lau ordu geroago tsunamia izan zela esan ziguten. Orduan, benetan beldurtu ginen», esan du Osak. Gainontzeko turistak euren hoteletara itzultzen hasi zirenean erabaki zuten itzultzea zumaiarrek, goizeko lauak aldera. Astelehenean itzultzeko hegazkina hartuta zeukaten, eta, goiz bazen ere, aireportura joatea erabaki zuten, seguruago egon zitezkeelakoan. «Zortea izan genuen guk, hegazkina astelehenean bertan geneukan. Beste askok ez zuten zorte bera izan», dio Odriozolak. «Aireportu txikiko kaosean», ausaz bada ere, dozena erdi euskaldun elkartu ziren. Itzuliz geroztik, ezagututako euskaldun batzuekin hitz egiteko aukera izan dute, eta badakite gasteiztar batzuk jada itzuli direla, eta beste zenbait azpeitiar itzultzekotan direla.

Bukatu dira oporrak bi zumaiarrentzat, baina beste zenbait turistak Lombokeko aireportuan jarraitzen dute noiz itzuliko zain. Indonesiako biztanleak, berriz, gehienak hegoaldera mugitu dira, eta behin-behineko kanpamentuetan daude. Agintariek uste dute 150.000 pertsona inguru izan daitezkeela etxea galdu dutenak.

Erreskate lan etengabeak

Erreskate taldeak etengabe ari dira lanean astelehenetik. Hondakinen artetik zenbait pertsona bizirik ateratzea lortu dute, baita zenbait gorpu ere. Agintariek uste dute harrapatuta geratutako jende gehiena meskita baten azpian daudela, hainbat oinetako aurkitu baitituzte atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.