KRITIKA. Musika

Sonataz sonata

2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

'Siciliano - Makhtin bikotea'

Pianoa: Julia Siciliano. Biolina: Dmitri Makhtin. Egitaraua: W. A. Mozarten Biolinarentzako 21. eta 26. sonatak, J. Brahmsen 1. sonata biolinarentzat eta FAE sonataren Scherzo. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: maiatzak 14.

Zazpigarren geltokia aurten Donostia Musika elkarteak antolatu duen Mozart-Brahms zikloan. Oraingoan, inguruan jada ezagunak zaizkigun Julia Sicilianok eta Dmitri Makhtinek osatutako bikoteak hainbat sonata eskaini ditu; esku-programak dioenari jarraituz, bi konpositoreen arteko aldeak konparatzeko aukera ematen duten obrak dira. Mozarten piezetan Brahmsen arrastorik aurkitzen ez den arren (zergatia bistakoa da), badago eragina beste norabidean. Kontzertuaren egiturak ibilbide horri jarraitzen lagundu zuen.

Parisen zegoela idatzi zuen Mozartek 21. sonata biolinarentzat K 304, 1778an. Mi minorrean idatzi zuen sonata bakarra izanik, tonalitate malenkoniatsu honetan beti atzeman izan da bere amaren heriotzak sortutako oinazearen aztarna. Baina, nonbait, minaren gainetik partiturari duintasuna dario; Makhtinek eta Sicilianok hala haragiztatu zuten lehen mugimendua irekitzen duen gaia, unisono irmo eta sakonean. Biak dira musikari bikainak eta askotan aritu izan dira elkarrekin taula gainean, eta horrek mesede handia egiten dio ganbera musika zuzenean entzutearen esperientziari. Hala, izaera iluna duen arren, minuetari distira atera zioten. 26. sonata K 378 ere gustagarria izan zen. Bigarren mugimendua dotore Makhtinen arku doian zein Sicilianoren legato zabalean. Bien artean badakite musika behar den tokira eramaten, ia konturatu gabe.

Brahmsen idazketan biolina jada ez da gehigarri ederra, eta pianoarekin batera hartzen eta tartekatzen du partituraren gidaritza. Hemen ia ez dago Mozarten sonatetan hautematen den jolasaren arrastorik. Konpositorearen hitzetan, 1. sonatan «kontuz ibili behar da melodia bat ez zapaltzeko, oso trinkoak baitira». Makhtinek eta Sicilianok jakin zuten loditasun horri mamia ateratzen, punteatzean zein Adagioan une ederrak oparituz. Gero, FAE sonataren Scherzo-a entzun ahal izan zen. Bere bizitasunean Brahmsek forma honetan lortu zuen nagusitasuna sumatu genuen aise, Makhtin eta Siciliano ere maisu izan baitziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.