KRITIKA. Artea

Oroi, baina ez edozein modutan

2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun

'Oroi. Queda mucho pasado por delante'

Non: Gasteizko Artiumen. Noiz arte: Abuztuaren 25era arte.

Terrorismoaren biktimen eguna eta M-11ren urteurrena pasatu eta handik oso gutxira izan nintzen Artiumeko Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketa bisitatzen. Eta erakusketaren tituluaren bigarren zatiak inoiz baino oihartzun handiagoa izan zuen nigan. Argi dago, modu batez edo bestez, iragana beti izango dugula presente, behin eta berriz itzuliko dela etorkizuneko orainaldira, forma anitz hartuta. Baina garrantzitsuena, dudarik gabe, zera da: zer formatan itzuliko da?

Iragan sozial gatazkatsua izan dugu Euskal Herrian, baina iragan hurbileko gertaerak izan dira horiek. Nahikoa denbora pasatu al da atzera begirakoak egiteko? Gatazka amaitutzat eman al daiteke horretarako? Iragana orainaldira ekartzeko modu eta forma asko daude. Bata Historia idaztean datza, informazioa sortzeaneta informazio hura inposatzean —Instituzioek presaka egin nahi duten hori, kosta ahala kosta—. Beste modua, ordea, memoria eraikitzean datza, Artiumeko erakusketak proposatzen duen gisara. Alegia, elkarren artean komunikatzean, modu geldoago batez, presarik gabe, esperientzia guztiez hitz eginez, esperientziak trukatuz, barneratuz eta gogoetak eginez eta horretarako beharrezko denbora guztia hartuz. Berriz diot, presarik gabe. Horrela, memoria bere konplexutasun osoan eraikiko da, baita kontraesanen bidez ere, zergatik ez, etorkizun anitza eta aberatsa izan dezagun, Historiak eta Instituzioek inposatu nahi duten kontakizun bakarraren aurrean —nahiz eta horretarako ere etengabeko arazoak egon—.

Komunikabideek ia espektakulu gisara igortzen dituzten mitin, elkarretaratze eta memorial ezberdinen inaugurazio ekitaldien aurrean, erakusketa honek memoria eraikitzearen eta horren inguruan sarean, komunitatean, sakonki hausnartzearen inguruko garrantzia plazaratzen du.

Erakusketak, hain zuzen ere, hasiera keinu goxo batekin ekiten dio, museoa arte bildumak sortzen eta erakusten ipintzen dituen Instituzioa baino gehiago dela argitara ekarriz. Orain urte batzuk Praxis programaren bidez Robert Watersek hazietatik sortu eta bisitarien artean banatu zituen landareetariko bat dago. Denbora nola pasatzen den... Landarea handi-handi dago, nire etxekoaren pare, eta baita beste hainbat eta hainbat hiritarrenaren pare ere. Landareen bidez, sare bat osatu zuen museoak, hiritar sare bat, oraindik ere landareari erreparatzen diogun bakoitzean gogorarazten diguna; erakusketara sartu eta oroitu duguna.

Hala, erakusketa bereziki lau ardatzen gainean egituraturik dago. Lehenengo aretoetan memoriaren eraketaren inguruan mintzatzen da: denboraren faktoreaz, palinpsestoez, identitateen garrantziaz eta norberaren iragana osatzen duten ekintza txiki horietaz guztietaz, zeinen nahasketek sortzen baitute azken finean oroitzapena. Sendoa eta apurkorra dena, era berean, Fernando Sinagaren eskultura bezalakoxea.

Hurrengo bi zatietan, memoria politiko, narrazio historiko eta enparauetan boterearen erabilerak duen rolaren inguruko ideiak agertzen dira. Sekzio horietara Francesc Torresen Memorial proiektu bortitzak garamatza, su eta metrailetak etxeko salaraino sartzen dituelarik. Eta Oteiza, Aranberri eta Ramon Bilbaoren arteko elkarrizketek geure iragan eta orainaldi komunaren konplexutasuna azaleratzen dute, Avelino Salaren El enemigo está dentro, disparad sobre nosotros esaldi aztoragarriaren azpian.

Bazirudien azken ardatzak egoeraren irtenbidea izan behar zuela, kontakizun gehienei amaiera positiboa exijitzen zaienez. Hemen, ordea, ez da halakorik, nahiz eta horretarako hainbat tresna eta aukera proposatu. Atzera malenkoniaz eta nostalgiaz begiratzeak ez du deusetarako balio. Memoria etengabe aktibatu beharra dago, eta, horretarako, dantza egin behar dugu erabat finkatu eta instituzionalizatu diren ideien gainean, Cristina Lucasek Abstraction Licking lanean iradokitzen duen moduan.

Ez da erraza. Ez behintzat komunikabideek eta politikariek ikusarazi nahi diguten bezain erraza, memoria eta oroitzapenak eraikitzea, eraldatzea, partekatzea. Eta espektakularizazioak ez du horretan laguntzen, justu kontrakoa baizik, oraindik ongi sendatu gabeko zauriak presaren presaz itxi eta infektatzen direnean bezala. Memoriak eta oroitzapenak, osatzeko, denbora behar dute, espazioak behar dituzte, eta horretarako aukera bat eskaintzen du Artiumek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.