KRITIKA. Artea

Instalazioaren jolasa

Thomas Struthen argazki handi bat, Guggenheimen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun

Thomas Struth

Non: Bilboko Guggenheim museoan.Noiz arte: Urtarrilaren 19ra arte.

Guggenheimek Bilbora ekarri ohi dituen jenio maskulinoen leinuaren errenkada luzeari beste aulki bat gehiago gehitu zaio. Thomas Struthen bakarkako erakusketa ekarri du, gure garaiko argazkilaririk onenetarikotzat jotzen dena. Eta, inork dudarik izan ez dezan, izenbururako ere egilearen izen-abizenak hartu ditu erakusketak: Thomas Struth. Esaten denez, orain arte haren lanarekin egin den plazaratze handiena eta osatuena da.

Hain zuzen ere, hainbat garaitan egindako proiektu multzoak aurkezten ditu bertan: Familia erretratuak, Museoetako argazkiak, Leku inkontzienteak, Publikoa, Paradisuaren irudi berriak, Leku hau, Dandelion Room, Naturaeta politika eta Animaliak. Guztiak, argazki multzoak, eta, horien artean tartekaturik, beste bi proiektu, lankidetzan egindako bi bideo hain zuzen ere: bata, Berlin proiektua 1997, eta bestea, berriz, Irakurri hau lehen aldiz ikusiko bazenu bezala. Frank Bungarten eta bere gitarra eskola Lucernako Goi Musika Eskolan, Berna, 2003.

Hala ere, bi modalitateen artean bat hautatzekotan —bai kantitateagatik, baina baita kalitateagatik ere—, argazkiek hamaika buelta ematen dizkiete bideo lanei. Monumentalak dira, teknikoki bikainak, gehienetan kolore bizikoak, irudiek ere bizitza izango balute bezala, baina isilak era berean, betirako izoztutako eszenen antzera. Berdin du Struthen begiaren aurrean zer kokatzen den: eraikin bat, familia bat, landare bat edo animalia bat. Guztiek trataera formal berbera jarraitzen dute. Dudarik ez dago Becherren eskolakoa dela.

Eta, nahiz eta erakusketara joandako publikoaren zati handiena aurrez aipatutako argazki bikain horiek ikustera joango den, agian Guggenheimeko aretoetan ikusgai dagoen objektu multzo interesgarriena artxiboa da. Batetik, aurretik beste behin bakarrik erakutsi izan dutelako, eta, beraz, primizia bat delako hemen izatea. Bestetik, berriz, Struthen intimitateraino eta sortze prozesuaren erraietaraino salto egiteko aukera bermatzen duelako. Hain zuzen ere, hormako beirateetan modu bertikalean erakusgai ipiniz, bere estudioaren zati txiki bat ekarri baitute erakusketa aretora. Agian, aurkezten den informazio andana hori jasotzeko, ez da formaturik erosoena guztia bata bestearen alboan zintzilikaturik agertzea, artelan txikien multzokatzea balitz bezala. Baina artistaren sortze prozesura bestela inolaz ere egin ezingo genukeen bidaiatxoa oparitzen digu: entzuten dituen diskoen azalak, erakusketen zirriborroak, kontaktuen zerrendak, kartelak, fakturak eta bestelako materialak daude bertan.

Baina, dudarik gabe, Guggeheimeko erakusketa berezia eta interesgarria egiten duena bertako instalazioa da. Struthen proiektuak banan-banan modu bakartuan aurkeztu ordez, espazioaren antolamenduarekin jokatzen dute kasu horretan, eta baita espazio horretan bisitariek jarraitu beharreko ibilbidearekin ere. Hainbat proiektu tartekatzen dituzte, eta, modu horretan, ikusleen esperientzia erabat eraldatzea lortzen dute, aberastuz eta artelanekiko izan genitzakeen hausnarketak eta irakurketak ere biderkatuz.

Horren adibiderik esanguratsuenetarikoa 202 eta 203 aretoen artean sortzen da. Bi espazioetara sartzeko ate nagusia 203an kokatzen da; beraz, bertan dagoena ikusi beharrekoa da aurrera jo ahal izateko. Areto horretan Natura eta politika proiektuko hainbat irudi ikus daitezke: jolas-parkeenak dira, atrakzioz eta argiz beterikoak; besteak beste, Disneyk diseinaturiko lehenarenak. 202an, berriz, lore batzuek egiten dute harrera. Lore ederrak dira, basatiak, naturan aske daudenak, baina bat-batean irudiak aldatzen hasten dira: lore eder horiek desagertu, eta Israelgo nahiz Jordan ibaiaren mendebaldeko erriberako argazkiak agertzen hasten dira. Hainbat ikusi ostean, berriz ere, loreak daude. Ezin, ordea, lore horiek hasierako begirada berberarekin ikusi. Eta espaziotik ateratzeko, nahitaez, jolas-parkeak gurutzatu behar ostera ere.

Publikoak arretarik jartzen ez dion erakusketen adarra izan ohi da, maiz, instalazioa. Oharkabean pasatzen dena haren begietatik, naturaltzat ematen dena. Aldiz, interesgarria da horiei erreparatu, eta espazioaren antolamendu jakin batek lan horiekiko izan dezakegun hautematea eta haien bidez transmititzen den mezua zeharo eraldatzeko gaitasuna duela bistaratzea. Jolas horixe bera da, zehazki, Thomas Struthen erakusketa honetan egiten dutena. Argazki bikainak ikusteko ez ezik, erakusketak aukera ematen du espazio eta denbora jakin batean lan horiek bisitariengan esperientzia berriak sorrarazteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.