KRITIKA. Artea

Hartu lili bat eta harek zu ere

Paula Garcia Masedoren bi obra, Loreen oihartzuna erakusketan, Balmasedan. ELENA OLAVE.
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun

'Loreen oihartzuna'

Artistak: Aitane Goñi Landa, Alberto Salcedo, Nadia Barkate, Javier Arbizu eta Paula Garcia Masedo. Non: Balmasedako Horkasitas jauregian. Noiz arte: ekainaren 19ra arte.

Greziar mitologian Eko oihartzuna irudikatzen duen oreadea da. Ekok bere hitz propioak ahoskatzeko aukera galdu omen zuen Herak ezarritako zigor baten ondorioz, eta, elezahar klasikoen arabera, ahoskatutako azken silaben oihartzuna da Ekok mundu honetan utzitako arrasto bakarra. Ekosistema ezberdinetako aztarnak aprobetxatuz, Ekoren presentzia inbokatzen da, besteak beste, mostrako artelanek sorturiko erresonantzien bidez. Gorputzak afektatu ditzakeen oihartzunaren sortze prozesuan hainbat agente inplikatzen dira, eta artista da hauetako bat. Polita izan daiteke imajinatzea artista polinizatzaile gisa, hainbat forma, konposizio eta ideiaren figurazio eta loratzean parte hartzaile.

Bapore Atelier proiektuaren proposamen interesgarri honek egunerokotasunean bizi zein imajinatu ditzakegun paisaiez, hamaika lore tipologiez gogoeta egiteko parada luzatzen digu. Halaber, inplizituki bada ere, naturalismo-osteak proposatzen dituen zenbait ideiaren oihartzunak ere suma daitezke. Izan ere, pentsamendu-hari horri tiraka, gizakia paisaiaren ale bat gehiago bihurtuko litzateke, gainontzeko elementuekiko hierarkia harremanak difuminatuz eta natura-kultura bitasunetik aldenduta. Testuinguru honetan, pentsamendu antropozentrikoa albo batera utziz eta gizakiaren banakotasuna eta autonomia nozioak deuseztaturik, artistak ere naturarekin duen harremana birpentsatu beharko luke.

Erakusketara itzuliz, lehen zatian, artelanek paisaiarekin harremantzeko bestelako moduak iradokitzen dituzte. Aitane Goñi Landaren ikus-entzunezko lanak areto txiki eta ilun batean biltzen dira. Gelara sartu aurretik, hiru fotograma ikus daitezke paretan kokatuak, gerora proiektatuko direnak. Piezok ikusizko paisaiaren eta soinu paisaiaren arteko kontrasteak islatzen dituzte; natura irudiek iradokitzen duten naretasunari era ez sinkronikoan tiro hotsen soinuak gehitzen zaizkio. Bestetik, Alberto Salcedoren lana areto zuri eta argitsu batean dago, non marmolezko aldare txikiek paisaia post-industrialeko argazkiak eusten dituzten, zehazki, Zorrotzaurreko marmoldegi zahar bateko hondakin eta arrastoak erakusten dituztenak. Aldaretxo hauei kontrajarrita, marmolezko eskultura klasikoen erreprodukzio bandalizatuak negatiboan erakusten dituzten argazkiak daude.

Bigarren solairuari dagokionez, ez da ageri kartelik ez izenik, eta eraikinaren egituraren arabera antolatzen dira artelanak. Izan ere, erdialdean dagoen hutsunearen inguruan aurkituko ditugu, alde batetik, Barkateren obrak, horizontalki eta erdialdera begira lurrean kokatuak. Hauek giza gorputz zatiek, aurpegiek, bihotz formek, euliek, loreek, koralek, eta beste hainbeste espezie eta organismo heterogeneok betetzen dituzte. Oihalek spray bitartez eta trazu zaindu bezain arinez eginak dirudite, eta, elkarren artean ezberdinak badira ere, jarraitasun narratiboa erakusten dute, hainbat elementuk iradoki dezaketen poetika partekatuaren bidez.

Beste aldean, Arbizuren pieza eskultorikoak ditugu, batzuk lurrean eta beste batzuk urre koloreko euskarrietan kokatuak. Besteak beste, arrastoak diruditen esku edo aurpegi distiratsuek bereganatzen dute ikuslearen arreta, tamainagatik bainoago, artistak erabili ohi duen bismuto materialaren bidez lortutako emaitza dela eta.

Hirugarren solairuan, Arbizuren beste pieza eskultoriko batzuekin batera, Paula Garcia Masedoren obrak ikus daitezke lurrean kokatuak. Hauek forma organikoa duten eskulturak dira, gelatina, glizerina, esentzia-olio eta paisaia zehatz bateko lore, landare eta bestelako arrastoz eginak. Piezok edukiontziak dirudite; paisaia bera eta harekin izandako loturak kapsulatzeko eta kristalizatzeko egiturak.

Erakusketan zehar, beraz, behin eta berriz agertuko zaizkigu paisaiaren, aztarnaren, afektuaren edo fragmentazioaren ideiak, egoera formal zein materiko ezberdinetan. Izan ere, lore mota bezainbeste sorkuntza euskarri eta metodo antzeman daitezke mostran, loreekin zein loreetatik abiaturiko kontakizunak oinarri. Ikuspegi biologiko batetik, lorearen eginkizun nagusia landarearen ugalketa bermatzea litzateke, bizia iraunarazteko prozesuan nahitaezkoa. Nolanahi ere, loreak, bere izaera biologikoaz, estetikoaz eta sinbolikoaz harago, badu zerbait artearekin partekatzen duena eta proposamen honek agerian uzten duena, biek ala biek bizitzarekin eta inguru aldakorrarekin harremana ahalbidetzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.