Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Sorgin zirkulua

Arantzazu Fernandez Iglesias -

2023ko urtarrilak 24

'Forever'

Egileak: Iñaki Rikarte, Jose Dault, Garbiñe Insausti, Edu Carcamo. Zuzendaritza: Iñaki Rikarte. Antzezleak: Jose Dault, Garbiñe Insausti, Edu Carcamo. Argiak: Javier Ruiz de Alegria. Musika konposizioa eta soinua: Luis Miguel Cobo. Eszenografia: Javier Ruiz de Alegria, Ikerne Jimenez. Maskarak: Garbiñe Insausti. Jantziak: Ikerne Jimenez. Lekua: Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Arte Eszenikoen Gunea. Eguna: Urtarrilak 20.

Kulunka taldearen azken antzezlana ez galtzeko gomendatu nahi dizuet lehenbiziko lerroetan. Horrela, irakurleren bat testu hau irakurtzen aspertuko balitzait, hasieratik emana izango luke aholkua, argi eta garbi. Jakin badakit Kulunkaren jarraitzaileek ez dutela aukera galduko, baina gurean badago oraindik konpainiaren lana ezagutzen ez duenik, eta plazer handia izaten da, adibidez, lagunei harribitxiak aurkitzen laguntzea.

Artista hauek Solitudes eta André eta Doriné antzezlanen estiloari eutsi diote, baina exekuzio mailaren erronka areagotuta. Hitzik gabeko maskara antzerkia etxeko ezaugarria dutela kontuan izanda, hori ez zen erraza, baina Forever-en jauzi kualitatiboa egin dutela uste dut nik. Beti erloju suitzar baten modukoak izan diren arren, Forever-eko engranajeak pieza gehiago dituenez, esfortzu handiagoa eskatzen dielakoan nago, antzezpen erritmoan perfekzio zailago bat, esate baterako, eta, ez, ez dute huts egiten; kontrara. Eszenografian dago koxka. Haren elementu nagusia dugu agertoki ezberdinak biltzen dituen plataforma birakaria. Tramankulua —Erdi Aroko Halabeharraren Gurpilaren edo bizitzako noriaren irudia gogora ekartzen du— azaldu digutenaren metafora zuzena iruditu zaigu.

Familia baten intimitateari begira jarri gaituzte. Etxetik atera gabe, bikotearen hasieraren eta haur bat izateko desioaren lekuko bilakatu dute publikoa. Zoriontasunetik hasi, eta frustrazio zein inpotentzia handieneraino iritsi den bidaia sentimental horretan, erakutsi digute komunikaziorik ezak, bakartzeak eta frustrazioak giza harremanen porrota gorpuzten dutela. Etengabe, bueltaka. Pertsonaiak sorgin zirkuluan endredatuko zaizkigu, gainera, narrazio mailan espero ez genuen norabide batera jota. Familia maitagarria da, aita-ama arruntak dira, umetxo gaixoa hor dago, baina...

Musika eta soinu diseinu zoragarri baten laguntzaz, hasieran barre gozoak bota ditugu; gero, tristura gozoa tartekatu zaigu, eta aurreraxeago, haserrea sentitu ondoren, irriekin nahastuta negar egiteko gogoa piztu digute. Nola da posible? Buruko maskarak eramateak ekartzen du panpina itxura hartzea aktoreei. Efektu horren bitartez, ikusleak distantziaren talaiatik behatuko ditu pertsonaiak; baina begiak txotxongilotzat jotzen baditu ere, identifikazio prozesu bat ematen da. Nola da posible? Maskarak ahaztu egiten ditugu. Nola da posible? Eta etxeko barrualdea irudikatuz kontatu diguten hori...

Amaieran, ikusleen bihotzeraino iritsi izana eskertu du publikoak, zutik, txaloaldi bero-bero baten bidez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Alena Baeva biolinista. ©ANDREJ GRILC

Beethovenen 'Bosgarren sinfonia' interpretatuko du Euskadiko Orkestrak

Erredakzioa

Dinis Sousak aurrenekoz zuzenduko du orkestra denboraldiko bosgarren programan. Hilaren 3tik 9ra izango dira kontzertuak
Joxean Fernandez, Maria Pilar Rodriguez, Isabel Herguera, Izaskun Arandia eta Bingen Zupiria, liburuaren aurkezpenean. ©Jagoba Manterola / Foku

'Euskal emakume zinemagileak' liburua plazaratu dute

Andoni Imaz

Euskal Herriko zinemagintzan «funtsezkoak» izan diren emakumezko zuzendariak ditu ardatz, eta Euskadiko Filmategiak eman du argitara. Maria Pilar Rodriguez ikertzaileak koordinatu du artikulu sorta.

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Berria

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.