KRITIKA. Artea

Kolorez blai

Monica Ortuzarren erakusketan bildutako lan batzuk. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun

'Horizonte futuro'

Egilea: Monica Ortuzar.Non: Bilboko La Taller.Noiz arte: Urtarrilaren 20ra arte.

Urteari hasiera ona emateko asmoz, aspaldi bisitatu gabeko espazio batera joan naiz oraingoan: Bilboko La Taller galeriara. Harrera ezin beroagoa ematen digute, eta bertan erakusgai dagoen erakusketara ere ezin mimo handiagoarekin eman digute pasoa. Galeriako erakusketa programaren ezaugarriei jarraituz, banakako erakusketa xume zein ederki taxututako bat dago oraingoan ere ikusgai: Monica Ortuzar artistaren Horizonte futuro.

Aspaldi zen artista honen pista galdurik nuela. Bueno, zintzoa izateko, bere lehen urteetako ekoizpenaren zipriztin soil batzuk besterik ez nituen ezagutzen; eta horiek, gainera, katalogoetako argazkien bidez bakarrik. Haietan oinarrituta sortu nuen bere ekoizpenaren inguruko ideia; ideia oso estu eta partziala, zalantzarik gabe. Zoritxarrez, nahiko ohikoa da hori, bereziki emakumezko artisten kasuan: gaztaroan arrakasta izan ostean —Ortuzarrek, adibidez, 1988an Gure Artea sarietako bigarrena eskuratu zuen—, helduaroan arte sistemak ikusgarritasuna mantentzeko arazoak sortu, eta haren izenaren eta lanaren inguruko ezagutza erabat desagertu zaigu. Bidegabea da. Krudela. Kasu honetan, baten bat justifikatzen has liteke esanez Ortuzar gazte zelarik Galiziara joan zela lanera, eta aipatuz han denboraldi luzeak pasatzen dituela. Baina Bilborekiko lotura ez du atzean utzita.

Zorionez, bere bigarren erakusketa du La Tallerren —lehena orain urte batzuk egin zuen, Elena Mendizabalekin batera—, nahiz eta hura ikusteko aukerarik ez nuen izan, zoritxarrez. 1980ko hamarkada amaieran jorratzen zuen eskultura alde batera utzi, eta pinturan dabil buru-belarri. Eta azken urteetan autorretratuen lanketan zentratuta egon ostean, bere lanik berrienean historiaurrera egin du jauzi artistak.

Autorretratuen muinetariko bat autoezagutza baldin bada, historiaurrera itzultzea ere ez da hurbilketa horrekiko hain urrun kokatzen; gure espeziearen oinarrietara egiten den jauzia giza zibilizazioaren eta gizartearen inguruko ezagutza erdiesteko baliabide gisa ere uler baitaiteke. Ohiko hurbilketa horiek, ordea, nahiz eta indusketetan oinarriturikoak izan, hurbilketa hutsak dira. Garaiko iturri idatzirik ez dugularik, haiekiko izan dezakegun ezagutza guztia interpretazioetan oinarritua dagoenez gero, partzialak eta behin-behinekoak baitira. Eta, zer esanik ez, garai hartako espresio plastikoen kasuan.

Horiek, gainera, argazkien bidez soilik ezagutzen ditugu—gehientsuenak behintzat—, eta, ondorioz, haiekiko osatu ahal dugun ideia ere oso estua eta partziala da, nahiz eta agian ez iruditu. Argazkien ustezko objektibotasunaz fidatu, eta ez baititugu zalantzan jartzen haien bidez egiten dugu historiaurreko pinturen ezagutzaren egiantzekotasuna eta zehaztasuna. Baina objektu horiekiko izan ditzakegun hurbiltze moduek ezagutza eta erlazioak erabat baldintzatzen dituzte. Nola alderatu ditzakegu, bada, argazki bat behatzearen eta kobazulo ilun zein heze batean linterna baten argiarekin sartzearen esperientziak?

Honela, bada, historiaurreko pinturetara hurbiltzeko izan ditzakegun subjektibotasuna eta ikuspegi hertsia kontuan izanik, Ortuzarrek hurbiltze hori garatzeko beste aukera posible bat eskaintzen digu artearen esparrutik; aurrekoak bezain ausazkoa eta inolako engainurik gabea dena, pinturak interpretazioen subjektibotasuna agerian uzten baitu hasiera-hasieratik.

Ortuzarren kasuan, ordea, historiaurreko irudiak erabiltzea esperimentaziorako eta ikerketarako aitzakia hutsa izan daiteke. Bere lanetan argi gelditzen den gauza bakarrenetarikoa koloreari ematen dion garrantzia baita; koloreak irudiak eraldatzeko duen boterearen eta indarraren ahalmenarekiko interesa. Ez du erreparorik irudi bat behin eta berriz berregiteko; berregite bakoitzaren ostean lortzen duen emaitza erabat berria eta ezberdina baita, nahiz eta ingerada trazuak antzekoak izan guztietan. Kolore paleta eta kontraste ezberdinen erabilerek iruditeria berriak sortzen dituzte, eta, era berean, historiaurreko animalia eta giza arrasto ezberdinekiko ikuspuntu berriak ireki. Figuratiboa zena abstraktu bilakatzeko boterea du koloreak, eta antzinatean irudiei izaera magikoa atxikitzen bazitzaien —alegia, egiazkoa zenaren berdin-berdina izateko ahala—, koloreak, zalantzarik gabe, gauzen izaera bera eraldatzen du.

Besterik gabe, ohiko moduan instalazio ezin txukunagoan bildurik, kolore artean galdu, eta gozatzeko erakusketa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.