KRITIKA. Artea

Asalduraren logikak

Ivan Zuluetak egindako irudiak eta Arrebato filmaren elastikoak, Artium museoko erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun

'Ivan Zuluetaren asaldura'

Non: Gasteizko Artium museoan.Noiz arte: Martxoaren 5era arte.

Artiumeko ate birakaria zeharkatu, eta erakusketa espazioetara bideratzen nauten eskaileretan behera egiten dut. Zurrumurru bat entzuten da ezkerreko espazioan, eta bertara gerturatzen naiz lausotutako hitzen jatorria zein den jakiteko asmoarekin. Ivan Zuluetari eskainitako Ivan Zuluetaren asaldura izeneko mostra biltzen duen guneetako bat da hura.

Barneratzen naizen momentuan, hitzak Alaska abeslari ezagunaren ahotik irteten direla sumatzen dut, hain zuzen, trantsizio garaian Madrilen egon zen eztanda kulturalaren ikurra dena. Ivan Zuluetaren zuzendaritzapean egindako filmari buruz hitz egiten du hark, filmaren momenturen batean bertan agertzen baita. Jarraian, gaztea zela, Ivan Zulueta bera agertzen da Arrebato (Asaldura, 1979) filmaren egituratze prozesuaz eta bestelakoez hausnartzen.

Klik egiten dit buruak nolabait, espazio horretan Espainiako Estatuko momentu zehatz baten bi ikur kultural agertzen baitira: bata, oraindik goraipatua, egungo eskakizun kultural mainstream-ean errotua; bestea, garai baten jeinu madarikatu baten moduan aurkeztu izan dena, eta, hori baino gehiago, sortzaileen ikonifikazio morbosoaren biktima zuzena izandakoa.

Monitorea atzean utzi, eta aurrean proiektatzen ari den beste ikus-entzunezkoan zentratzen naiz orduan, eta, bertan, egoera bestelakoa da. 2003. urteko Ivan Zulueta aurkezten zaigu, bere gurasoen etxe erraldoian, sortze prozesuez, adikzioez, zailtasun ekonomikoez edota atzean geratu diren bizipenez hizketan.

Zulueta 1970eko hamarkadan abangoardiako sortzailea izan zen nolabait, New Yorken bizi, eta bertako atmosfera kulturalean murgildu zena. Hain zuzen, frankismo garaiko zurruntasunarekin kontrastean, haren proposamen estetikoak hauskorrak izan ziren guztiz. Horren pistak ematen dizkigu mostraren lehenengo espazioak, hain zuzen, aurretik aipatutako ikus-entzunezkoekin bat, artistaren artxiboa, argazkiak eta materialak aurkezten baitzaizkigu.

Hori bai, erakusketaren lehenengo gelak artistaren atmosferaren zantzuak igortzen badizkigu ere, lehenengo espazioak ez digu hurrengo geletan aurkeztuko zaigunaren spoiler-ik egiten; haren aurrekariak aurkezten dizkigu, besterik ez.

Bigarren espazioan barneratzean, Zuluetarekin harreman zuzena izan duten hainbat pertsonaren elkarrizketak aurkezten zaizkigu, bederatzi osotara: Alaska, Pedro Almodovar, Zuluetaren senide Jaime Zulueta... Nolabait, pertsonaiaren atzean dagoen pertsona ikusarazten digute. Horiekin batera, zuri-beltzeko fotograma segida bat izango balitz bezala, Zuluetaren bizipenak sintetizatzen dituzten argazkiak kokatzen dira: jendea, festa giroa, zinema, ekitaldiak...

Zuluetarenganako gerturatze prozesu horren ostean, hurrengo gelan murgildu, eta artistaren atmosferan barneratzen gara, bete-betean. Halatan, ekoizpena ez da zinemagintzan soilik zentratzen, aurkezten diren euskarriak askotarikoak baitira: marrazkiak, pinturak, binilo kaxak, komikiak... Askotariko kolore eta formatakoak, eta, hein batean, estetika psikodelikoaren aztarnak gogora ekartzen dituztenak. Horiekin kontrastean, artistak New Yorken egindako marrazki seriea eskegitzen da espazio berean, Henri de Toulouse-Lautrecen marrazkiekin aldera daitekeena.

Hurrengo espaziorantz aurrera egin ahala, Zuluetak egindako ikus-entzunezko muntatzeak agertzen dira, denak espazio berean, baina bakoitzak besteari bere lekua emanez. Era berean, espazioa itxiz artistak egituratutako kartelak ditugu: hondoko hormari kutsu monumentala eskaintzen dio, eta ikuslearen begirada guztiz harrapatzen du.

Bada, mostraren gune katartikoena azkenengo espazioan gauzatzen da. Pinturak, kartelak, horman proiektatutako filmak... desagertzen baitira. Erakusketa espazioa desagertu, eta, orduan, zuzen-zuzenean, Artiumeko areto hori zinema areto bihurtzen da. Butaketan esertzeko gonbita egiten digu espazioak, Zuluetaren film luzeak ikusteko aukera emanez. Halatan, ondorioztatzen dut Ivan Zuluetaren asaldura mostrak ikur madarikatuaren lokarriak desegiten dituela, artistaren produkzio eklektikoa, hauskorra eta gordina ikusarazten digun heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.