KRITIKA. Musika Hamabostaldia

Handitasunaren balioa

Arkaitz Mendoza.
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun

Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Jukka-Pekka Saraste. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Egitaraua: Hector Berliozen Requiem-a.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Irailak 1.

Tamainak inporta du, noski! Hector Berliozek planteatutako Requiem-ak den-dena erakusten du: abesbatza ikaragarri bat —ia 200 ahots Donostiako Orfeoian—) eta bost tinbal jotzaile, bakoitza bere lau tinbalekin. Gainera, eszena kanpoan tronboi zortzikote bat, eta hori dena biribiltzeko, tenor ahots bat: Maximilian Schmitt alemaniarra. Bost egun lehenago, Mozarten interpretazioan, egokitasunetik pasatu gabe aritu zen Donostiako Orfeoia, baina honakoan bere arma guztiak beharrezko handiuste puntu batekin erakutsi zituen, ziur eta zoragarri! Bezperako orkestra berbera plazara eta sentsazio berbera bere batutan: ero eta pasio tantarik ez diogu antzemango Jukka-Pekka Saraste zuzendariari, eta osagai oro kontrolpean edukitzearekin bere lana ontzat eman zuen. Halere, izaera hotz horrek ez zituen beste denak kutsatu, abesbatza jo eta fuego sarrera bakoitzean, perkusio jotzaileak erne urruntasunetik zetozen tronboi deiadarrei erantzuteko, eta harizko instrumentu grabeak sendotasun oparoan.

Zaila zait atalen bat nabarmentzea, obraren erritmo lasai eta baketsua minutuero mamitzen joan baitzen. Egitura aldetik, Sarasatek jariakortasuna begitan hartu zuen, eta ez zuen inondik inora askatu, nahiz eta une jakinen batean bitxikeriaren bat azpimarratzeko emozio puntu bat falta. Maximilian Schmitt harmailetan eta gailurretan. Handitasunaren balioa jendartetik luzatu zuen tenor alemaniarrak, hitz jarioan eta intentzioan bikain sakonduz. Beharrezkoa genuen bere partaidetza! Amaieran nekeak eta etenaldi faltak afinazio arazoak ekarri zituen orkestrako flauta laukotean, eta horrek tronboi baxuaren oihartzuna eta gizonezko zein emakumeen ahots uluak gorabeheratan jarri zituen, elkar entzunean akats orokor bat eraginez. Pena handia! Egonkortasunean eta sorpresa berezirik gabe bizi izan dugun hilabete honi amaiera handia eskaini dio Musika Hamabostaldiak, tamaina eta kalitatea eskutik joan daitezkeela frogatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.